Kanpaina bukatu da (eta IV): ahari kontuak

Kanpaina bukatu da (eta III): ahari kontuak –
Kanpaina bukatu da (eta III): ahari kontuak

Aurreko batean, deskribatu nizuen gure artaldearen antolaketa, baina ez guztiz… Ahariak geratu zitzaizkigun airean… gogoratzen baduzue lau ahariak zeharo aparte zeuden ardietatik; hori uztailaren 31n izan zen.

Bakardadeak hilabete pasatxo iraun zuen, ordea; izan ere, abuztuaren 4an ardiekin elkartu genituen, eta tropa handi bat egin, etxeko buru guztiak batera, hazarkumeak eta guzti. Atzo arte. Atzo bertan artaldea zatitu baikenuen, berriz ere: tropa txiki batean 39 ardi eta bi ahari, eta bestean 90 eme –hazarkumeak barne– eta beste bi ahariak.

Hona helduta, geldialditxo bat egin behar dugu, gure etxeko ahariak aurkezteko garaia heldu baitzait.

Kanpaina bukatu da (eta III): ahari kontuak
Xaltarin zaharra

Xaltarin otzana –zaharrena da, baina oraindik ere ixturen gainetik egiten du salto, bestaldean ardiren bat egonez gero– eta Kleopatra adarduna artaldeko ardi gazteekin daude; izan ere, hauek baitira gurean denbora gutxien daramaten ahariak –hirugarren kanpaina izango dute hurrengoa–, eta alabak ernaltzeko arrisku gutxiago dute. Buru multzo handiena hau izango da. Orotara, lehen esan bezala, 90 eme izango dira, baina hazarkumeak normalean, oraindik, ez dira arkara jartzen; hortaz, ahariek ez dituzte estaliko.

Txikito eta Baxoerdi, aldiz, zaharrekin daude, euren alabak ernaltzeko arriskua saihestearren –kontuan hartu behar dugu horiena 5. kanpaina izango dela gurean–. Bikote horrek lan gutxiago izango du.

Testu hau idazten hasi baino lehen, konturatu naiz hau izango dela gure etxean laurek emango duten azken kanpaina. Pena handia ematen dit…Badakit Xaltarinek duen adinarekin aukera gutxi duela beste artalde batera joateko eta ziur asko hiltegian bukatuko duela…Ea besteek zorte hobea duten… Zer esango dizuet, bada, kariñoa diet, gehienbat Xaltarin eta Kleopatrari; lehenengoari duen izaeragatik eta besteari –izaeraz gain, noski– adarrengatik. Zer alaba politak utzi dizkigun…

Aurkezpenak eginda, jarrai dezagun azalpenarekin. Eta zergatik, zergatik erotu gu eta erotu ardiak hainbeste aldaketarekin? Hori azaltzeko, aurretik sarreratxo bat ematea komeni da baina.

Gazta egiteko bilatzen dugu gutxieneko esne litro kopuru bat gazta egiten dugun egun bakoitzari ahalik eta etekin handien ateratzeko. Gazta-garaiaren hasieran litro gutxiago izango ditugu, eta litro kopurua handitzen joango da astez aste –arkumeak hiltegira doazen heinean–. Hori gertatu ahal izateko, nahi eta ez, behar dugu ardi gehienak denbora tarte berean erditzea; horrela, arkumeak hilabete baten buruan –ez da zehatza izaten–, kenduta ditugu, eta esne guztia gazta egiteko erabili ahal dugu.

Orain, une batez, denboran atzera egingo dugu: erditzeak noiz izango kontrolatu behar badugu, ernalketak kontrolatu behar, ezinbestean… Gure etxean nahi izaten ditugu erditzeak urtarrilean –aurten gehienak gertatu dira 10etik 22ra bitartean–, eta jakin badakigu ardien haurdunaldiak bost hilabete irauten duela eta 17 bat egun behar dituztela ardiek bere ziklo hormonala osatzeko, arkara jartzeko. Goazen, bada, egutegian atzera egitera beste behin ere…

Kanpaina bukatu da (eta III): ahari kontuak
Kleopatra dotorea

Abuztuaren 4an elkartu genituen ahariak ardiekin. Elkarrekin egonez, ardiak arkara jartzen dira –bakarren batzuk ez dira jarriko–, eta hortik aurrera ahariak hasiko dira ardiak estaltzen –diotenez, ahariaren arabera, bospasei ardi egunean–. Beraz, atzotik aurrera –atzo hilak 20 baitzituen– aukera dago ardiak ernaltzeko, gehienbat datozen 15 egunotan. Denbora hori pasatutakoan, berriz ere, artaldea batu egingo dugu, eta halaxe jarraituko du udazken osoan zehar.

Atzo hasi zen hamabostaldi honetan, tentu handiz ibili beharko dugu bi taldeok ez nahasteko; bestela, gaur egindako lan bera errepikatzea tokatuko zaigu, ardien krotalak –izaten duten belarritakoa, non azaltzen den buru bakoitzaren zenbakia– banan-banan begiratu eta taldeak berriro antolatzea. Gauzak horrela, talde txikia mendiaren bestaldean dauden belardietara eraman dugu eta talde handia mendian izango dugu, orain arte bezala.

Kanpaina bukatu da (eta III): ahari kontuak
Baxoerdi lotsatia

Agian, bakarren bati hurrengo galdera bururatu zaio: eta zergatik batzuk jartzen dira arkara eta beste batzuk ez? Arrazoi batzuk izan daitezke, nik bi aipatuko ditut: osasuna eta adina. Ardia osasuntsu ez badago, zaila da ernaltzea. Alde horretatik, oinarrizkoena, elikadura: garrantzizkoa da ardia sendo egotea, ez argal eta makal. Gertatzen da uda lehorra etortzea, jateko gutxi izatea mendian eta ardiak penatzen egotea. Egoera horretan, erditze gutxiago izango dira artaldean; beraz, esne gutxiago, gazta gutxiago…Adinari erreparatzen badiogu, berriz, bi muturrak ditugu: zaharregiak izateagatik ernaltzen ez direnak eta gazteegiak izateagatik antzu egoten direnak –badakizue, hazarkumeak–. Guk nahiago izaten dugu hazarkumeak ez erditzea lehendabiziko urtean; baina egia da, batzuetan, bakarren batzuk, oso indartsu daudela eta arkara jartzen direla.

Hemendik aurrera, zenbaitetan, estresatuko naiz. Uf, ze urduri jartzen naizen ahariak ardien atzetik, batzuetan korrika, ikusten ditudanean… Bai, badakit gehienetan ardia arkara egongo dela, baina beste batzuetan ahariek ardiak jarraitzen dituzte ardiak usnatzeko –jakiteko dauden ala ez–, eta hor hasten da ardi gajoa ihesi eta ahari jarraika, bi ahari batera ez direnean. Bortxaketa hitza etortzen zait burura, jazarpena; eta konturatu orduko neu ateratzen naiz aharien atzetik makila hartuta, ardia libratzeko grinak hartuta. Orduan ez ditut ahariak maite, inondik ere.

Une horretan haizea hartzera joatea dauka artzain senak; are gehiago, ez dago artzain senik, baizik eta neure ardi gajo horiek babestera bultzatzen nauen barne indarra. Eta badakit, bai, hor nire emakume izaera gailentzen zaiola artzainari –eta tokiz kanpo dagoela, akaso–; baina hain egiten zait zaila egoera horren aurrean egotea, ez ezer ez egitea…

Aharien gaiak gehiagorako ematen du, askoz gehiagorako, eman ere: nondik eta nola lortu ahariak, nola aukeratu, zein preziotan, zer zailtasun dauden… Baina beste baterako utziko dut, bestela artzaintza gorrotatzen hasiko zarete, eta ez nuke nahiko…

Kanpaina bukatu da (eta III): ahari kontuak
Txikito azkarra

Orain bai, orain esan dezaket kanpaina bukatu egin dela. Dagoeneko hasi baita gauzatzen datorren urtean izango duguna.

.

OHARRA: Abeltzaintzan orokorrean, eta artzaintzan ere bai, intseminazio artifizialaren metodoa ere erabiltzen da. Artalde ekologikoetan hori ez dago baimenduta, tratamendu hormonalak erabiltzen direlako, besteak beste.
Ahari kontuak  Ahari kontuak  Ahari kontuak  Ahari kontuak  Ahari kontuak Ahari kontuak

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN