Ahal dugunaren gainetik

Ahal dugunaren gainetik –

AmatiƱok, Euskadi Irratiko Albiste Faktoriarako.

Bada, guztion artean, duguna baino gehiago gastatzeko joera. Premia gorritan bizi denik ez da falta, jakina, baina nago, Euskal Herrian eta Euskadi Irratiaren entzuleen artean behintzat, dezente asko garela gutxiago gastatuko bagenu ere itxura batean bizi gintezkeenak.

Ahal dugunaren gainetikBakar-bakarrik bizi denak badaki ez duela daukana baino gehiago gastatzerik. Familian bizi direnek, berriz, nolabaiteko balantzak egin ditzakete, senitarteko barne-orekak gorde eta zulo handiegirik ez egiteko. Familiak ez bezala, ostera, herriak eta nazioak gauza dira eurenak eta inorenak jateko, kristoren zuloa lagatzeko, eta hurrengo belaunaldiak urtetan zorpetzeko.

Izan ere, zenbat eta gizarte handiagoa izan, zenbat eta jendea ezezagunagoa eta arrotzagoa izan, hainbat eta murritzagoak suertatzen dira konpromisoa eta atxikimendua. Eta honetan datza, hain zuzen, mundu zabalaren malura, urteroko gehiegizko eguna.

Sortzez aberatsa den gure planeta hau, orain 50 urte heldu zen urtean zehar eragin lezakeen besteko baliabide naturalak ozta-ozta gastatzera. Geroztik, urtez urte, sortarazi dezakeguna baino gehiago erre izan dugu, gero eta lehenago, gainera.

Aurten, Lurreko zazpi mila milioi hiritarron artean, San Inazio egunerako ahitu genituen gure aurtengo erreserba natural guztiak. Martxa honetan, laster asko, San Juanetarako agortuko ditugu urte guztian zehar agortu beharrekoak. Zenbait urte gutxi barru Aste Santurako; gero Santa Agedetarako eta, egunen batean, konturatu orduko, Errege Egunerako.

Ez pentsa, gero, inor beldurtzeko metafora merketan dihardudanik, edo horrelakorik gertatzea ezinezkoa litzatekeenik. Denok Singapurren pare kontsumituko bagenu, hamazpi planeta adina behar izango genuke bizi izateko.

Beste modu batez esanda, denok Qatar, Luxenburgo, Emiratu Arabiarrak, Estatu Batuak edo Kanadako biztanleen beste kontsumituko bagenu, geratuko litzaizkigukeen erreserba naturalekin ez ginateke San Blas eguneko opila jatera helduko.

Eta, hain urrun joan barik ere, mundu osoak euskal herritarron pare kontsumituko balu, maiatzaren amaierarako bukatuko lirateke erreserbak.

Eta ekainetik aurrera, zer?

Ahal dugunaren gainetik
Ekonomia, gastua
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude