Ahal Dugu-ren odolustea eta hautsi den bozka poltsa

Ahal Dugu-ren odolustea eta hautsi den bozka poltsa –

Podemosen sorrera lurrikara izan zen Espainiar Estatuan. Sekulako eragina izan zuen espainiar hauteslegoan, eta bai, baita Hego Euskal Herrikoan ere. Inork ez baitzuen espero abertzale-espainolista ezker-eskuin ardatz historikoak gainditzeko gai izango zen fenomenorik. Espainiar Estatuko hauteskundeetan Hego Euskal Herrian (eta Katalunian) irabazi egin zuen Podemosek, bozka abertzale asko konbentzituz egin ere. Ordutik euri asko egin du eta orain hustutako eta bigundutako puxika ttiki baten antza gehiago du Pablo Iglesiasen alderdiak. Errejon afera izan da azkena, baina, lehendik ere ohituak geunden banaketa eta barne borroka odoltsuak ikustera, hala katalunian, nola Nafarroan eta EAEn.  Zertan aldatuko du euskal panorama Podemosen odolusteak?

Ahal Dugu-ren odolustea eta hautsi den bozka poltsa

Podemosek Euskal Herriko hirugarren esparrua deitzen zen hori hartu eta ikaragarri zabaldu zuen 2015ko Udal eta Foru hauteskundeetan eta Espainiar Kongresurako eta Senaturako 2016ko hauteskundeetan. Lehendik Ezker Batuak, eta Aralarrek probestutako hautes esparrua 80.000-100.000 bozka inguru biltzen zituena, bere egin eta are gehiago handitu zuten euskal politika zedarritzen zuten ardatz historikoak birrinduz. EHBildutik hasi PSE-EErekin segi eta EAJ edo Alderdi Popularrerainoko bozkatzaile abanikoa konbentzitzea lortuz. Inoiz ikusi gabeko lurrikara Hego Euskal Herriko panorama politikoan. Espainiar bipartidismoarekin gogaitutako bozkatzaile espainolistek eta Espainia aldatzeko saiakera onartzeko prest ziren abertzaleek bozkatu zuten Pablo Iglesiasen papeleta.

Sarrera honekin harremana du:
‘Podemos Euskadi eta harri azpietako animaliak’

Podemos liztor kabia

Hastapenean esan bezala euri asko egin du. Eta hasieran freskotasuna zerion alderdiari, orain ustel usaina dario. Lehen espainiar tertulietan aldaketa deiadarra egiten zuten berauek, orain barne borroka antzuengatik dira albiste. Iglesias-Errejon lehia ez da azken urteetan zehar Podemosen barne logika hezur mamitu duen borroken ondorio bat besterik. Katalunian Dante Fachín kanporatu zuten bezala, Nafarroan ere tamalgarria izan da Laura Pérezek eta alderdiaren aparatuak izandako liskarra. Edo deitu espektakulua nahi baduzu. Gipuzkoan ere hiru alderdikide, tartean Juantxo Iturria, inputatu dituzte ustez beste alderdi kide bat jazartzeagatik. Eta horrela, zerrenda amaitezina da.

Errejonen aferak lehertu lezake Madrilgo nukleo gogorra, baina, usteak uste, gauza bat argi dago. Onerako ala txarrerako, Podemosek ez ditu berriz errepikatuko 2015/2016ko emaitza haiek. Eta lurrikarak utzitako arrakalek betiko aldatu dute euskal orografia politikoa. Orain galdera honakoa da: Nola berregingo da euskal hausteslegoa? Nora itzuliko dira Podemosi emandako bozkak?

“Podemoseko hautagaia izaten segitzen dut”, Errejon

Euskal arena politikoa

Irudi duenez, EAJ komodo dago euskal joko zelai politikoan. Lurrikarak mesede egin dion alderdi bakarra dirudi. Galdera ikur handiena udal hauteskundeetan dago, EHBilduk lortuko al du Gipuzkoan zuen hegemonia berreskuratzea? Podemosen boto galerak kalte ala mesede egingo dio? Ikusteko dago, baina, nabarmena da ezker abertzaleko koalizioak oraindik bere posizioak definitzen ari dela. Nafarroan emaitza onak iragartzen dizkiete inkestek, baina, oraindik ikusteko dago moreen gainbeherak nori egingo ote dion mesede. Inori egiten baldin badio.

Zuk zer uste duzu?

Ahal Dugu-ren odolustea eta hautsi den bozka poltsa

Bandorik gabeko gerrak ditut maite

Zer duzu buruan “Ahal Dugu-ren odolustea eta hautsi den bozka poltsa”-ri buruz

  • Aitzol Azurtza 2019-01-31 15:50

    Iruzkinean aipatzen duzun “hirugarren esparru” politiko hau Euskadiko Ezkerra (EE) alderdiak urte luzez landu zuen, arik-eta alderdi barneko nortasun gatazkak EE erraietatik lehertarazi zuen arte.

    Euskadiko Ezkerra, gaur egun Ahal Dugu alderdia bezala, euskal nortasuna Espainiaren barnean txertatu eta garatuko zuen politika sortzen saiatu zen, ikuspegi ezkertiarrean oinarriturik. Hauxe izan zen EEren bertutea eta galbidea, Espainiako egitura politiko-administratiboak espainiar nortasun bakarra onartzen duelako, Gaztelako nortasun ezaugarrietan oinarritzen dena. Gainontzeko nortasunak “ez-espainiartzat” jotzen ditu egitura honek, beraz, baztertu eta desagerrarazi beharrezkotzat.

    Euskal Herrian (Euskal Autonomia Erkidegoa + Nafarroako Foru Erkidegoa) agerikoa da gatazka nazionala dela nortasun biren artean. Bata nortasun ofiziala da, hegemonikoa, estatuaren egiturek babesten eta bultzatzen dutena (espainiar nortasun gaztelarra). Bestea nortasun menperatua, gutxiagotua eta zokoratua da, bigarren mailako egitura administratiboak erabiltzen saiatzen dena bere nortasunaren biziraupenerako tresna urriak eskuratzeko (euskal nortasuna EHan eta bestelako nortasun ez-gaztelarrak Espainiako Erresumaren beste lurraldeetan).

    Espainiak nortasun ez-gaztelarrak onartzen ez dituen bitartean eta berauek itotzen saiatzeari uzten ez dion bitartean, gatazka honek bizirik iraungo du.

    Euskadiko Ezkerra gatazka honek lehertu zuen, EHan klase arteko gatazka baino arazo handiagoa delako nazioen arteko talka. Urteen joan-etorrian gero-eta agerikoagoa gertatzen hasi zen gatazka hau eta alderdikideak beren burua definitzen hasi ziren. Beren burua Espainian eroso aurkitzen zutenek PSOE alderantz jo zuten eta azkenean Euskadiko Ezkerra PSOEk irentsi zuen, PSE-EE izenpean. Euskal nortasun sendoagoa zutenek, noraezean, talde ezberdinak sortu zituzten, azkenean EAJren eta Bilduren orbitan bukatzeko (baita abstentzioan ere).

    Ziur aski garai batean Euskadiko Ezkerrarengan itxaropena izan zutenek Ahal Dugu-ra hurbildu dira Espainiaren barnean “hirugarren esparru” politikoa biziberritzeko asmoz baina iruditzen zait Ahal Dugu-k ere Euskadiko Ezkerrak bezalatsu bukatuko duela bere ibilbidea. Espainia barne-barnetik aldatzen ez den bitartean “hirugarren esparrurako” lekurik ez dago EHan.