ADEGI Kontxako estropadetan
ADEGI Kontxako estropadetan –
Urtero, estropadak iristean, eztabaida berbera pizten da Donostian: zergatik sailkatzen dute automatikoki Donostiako trainerua Kontxako estropadetan? Ez da bidezkoa… Zertarako? Barregarri gelditzeko?… Ez da beste inon gertatzen… Parte har dezatela sailkapenerako estropadan eta lehen zortzien artean gelditzen badira aurrera, bestela ez…
Ez dakit nondik datorren kontua eta zergatik egiten den horrela, baina ezin uka girotxoa eta zeresana ematen duenik. Traineruetako hainbat entrenatzaile, patroi eta arraunlarik bezala. Nire bidean sartu zarela, arraunekin jo gaituzula, ziabogan ez dakit zer… Korta izena entzute hutsarekin kalapita sortu da, lehiakortasuna handia baita: Orio, Hondarribi, Urdaibai, Kaiku…
Normala, kirol gehienetan gertatzen da. Dena den, izango du zerbait berezia arraunketak ADEGIk bere aldeko apustua egiteko. Orain gutxi hainbat enpresarik, Koxtaperen traineruan eserita, arraunak gora, ADEGIren enpresa kultura berria goraipatzen zuten elkarrizketa batean. Merkatu librearen, lehiakortasunaren, indartsuenaren legearen aldekoak lankidetza goraipatzen. Jabetza pribatuaren defendatzaileak, jabeen erabakitzeko eskubidean sinisten dutenak, irabaziak metatu eta galerak banatzearen aldekoak partaidetzaz, gardentasunaz eta proiektu komunaz hitz egiten. Berria. Deigarria. Susmagarria.
Traineruetan lankidetza, ekipo sentimendua, denok batera ekitearena nabarmena da. Beste hainbat kiroletan bezalaxe. Galde diezaietela Gaztediko neskei, bestela: nola iritsi dira sokatirako munduko txapelketa irabaztera? Elkarrekin gogor lanean, elkarrekin eutsiz, elkarrekin tira eginez. Onartzen dut boxeoa, alterofilia edo eski jauziak beste kontu bat direla. Oso indartsu eta ausartak, baina indibidualak. Arraunketan, sokatiran eta beste hainbat kiroletan, ordea, ekipoaren batasuna, lankidetza eta indarra ezinbestekoak dira irabazteko. Garrantzitsua.
Imajina dezaket langilerik gabeko patronalaren ekipoa… barregarri. Traineru bat, demagun. Sekula ez ziren Kontxako estropadetara sailkatuko, ezpada donostiarren trikimailua erabiliz… Agian horregatik aukeratu dute arraunketa, aurrekaria badelako.