Presoei buruzko dogma bi

Presoei buruzko dogma bi –

Oier Gorosabelen Garagoittiko Orakulutik, Info7 irratirako idatzitako testua.

Presoei buruzko dogma bi Inoren etxean sartzeak dakarren arriskua berriro hartuta (ostikoz ateratzearena, alegia), oraingoan Ezker Abertzalean indarrean dauden dogma pare bat aipatzera nator, urteak joan, urteak etorri, nik dakidala, inon ere kuestionatzen ez diren detaile bi.

Lehen dogma EPPK-ko preso guztien izaera politikoarena da. Tira: ikuspegi batzuen arabera, preso guzti-guztiak politikotzat har daitezke (lapur edo trafikante baten jardun deliktiboa ez al da, neurri handi batean, gizarteak bultzatuta?); baina gaurkoan, borroka politiko baten ondorioz barruan daudenetara mugatuko gara.

Puntu honetan, ez da sobran egongo gogoratzea euskal preso politiko gehiago badaudela, “ETAko presoez” gain (komunikabideetan aspertu arte erabiltzen duten espresioa erabiltzeko), eta are, euskal preso politiko gehiago ere badaudela, EPPK-oez gain. Baina ez gaitezen ñabarduretan larregi korapilatu.

Kontua da, preso politikoen artean, multzo desberdinak badaudela. Batzuek, argi eta garbi, izaera politikoa dute: iritziarengatik, desobedientziarengatik, delitu izatera ere ailegatzen ez diren akusazioen pean (ez gutxitan faltsuak) atxilotuak eta kondenatuak. Baina horiekin batera, presoen artean ekintza armatu gogorretan parte hartutakoak ere badaude. Horiek ere politikotzat hartzea, besteen maila berberean behintzat, soka lartxo tenkatzea dela iruditzen zait.

Hau esanda, gehitu behar dut euskal preso militarrek ere errespetua merezi dutela. Haien artean miresten dudan jendea eta lagunak daude eta, bere borroka motarekin ados egon edo ez, aitortu behar zaie dena eman dutela. Ez zait iruditzen lotsatzeko edo ezkutatzeko moduko gauza. Kontrara: egindakoen gaineko erantzukizuna hartzea, koherentzia kontua da. Oker ez banago, IRA-koek ere bere burua gerrako presotzat zuten. Militarrak ziren, ez politikoak.

Izan ere, egindakoa ezkutatzearekin, zer mesede egiten diegu, bada, ekintza armatuetan parte hartu dutenei? Zigorra leunduko dietela uste al dugu? Mesedez… Ostera, horrela jokatzean “benetako” preso politikoei kalte egiten zaiola esango nuke nik; izan ere, politikoak eta militarrak nahastean, denei erantzukizun maila bera eskatzen zaie, iritzi publikoaren aurrean behintzat, eta denok dakigu honek, gaur eta hemen, pisu handia duela irizpide penitentziarioak zehazterako orduan. Hau traba handia izan daiteke, batez ere, egunotan Altsasun ikusten ari garen bezala, egindakoa terrorismoa ez dela azpimarratzea interesatzen zaigunean.

Hautsi beharreko bigarren dogma ere honekin lotuta dago. Preso bat askatzen duteneko albistea ematerakoan, EA-rekiko sintonia duten medioetan ez duzu txintik irakurriko kartzelaratu zuteneko akusazioei buruz. “Halako preso politikoa aterako da bihar, eta ongi etorria egingo zaio halako lekuan, eta bla, bla, bla…”. Baina ez dakigu polizia kuartela lehertu ote zuen, Herriko Taberna baten kontuhartzailea ote zen, edo txio bat argitaratzeagatik espetxeratu ote zuten.

Zergatik gertatzen da hau? Ez dakit. Zerbait esatekotan, inertzia hutsez egiten dela esango nuke. Imajinatzen dut, zenbait kazetarirendako, akusazioa aipatzea zatarkeria dela, edo hura nolabait zilegiztatzea. Baina nik ez diot honi zentzu askorik ikusten: akusazioa, akusazioa baita bakarrik; ez du esan nahi egia edo gezurra denik (herri honetan ondo dakigunez), ezta gutxiago arbuiatzen edo babesten dugunik. Datu objektibo hutsa da, eta jakin-mina sortzen du. Paradoxikoki, hori jakin nahi izan ezkero, medio atzerakoienetara jo behar izaten da.

Horra hor, eztabaidagai bi kafearen ordurako. Ez horregatik!

Presoei buruzko dogma bi Presoei buruzko dogma bi Presoei buruzko dogma bi
preso militarrak, preso politikoak, presoak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude