Abian da Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa
Aurten 1650 bat ikaslek hartuko du parte Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan. Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Liburu Gaztea Sariaren baitan, bigarren urtez jarraian, Book Trailer Lehiaketa antolatu du eta 19 ikastetxetako DBHko 1.650 ikaslek eman dute izena. Ikasturte honetan ere, Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat hautatu, irakurri eta horri buruzko bideo bat, book trailer bat sortu beharko dute parte hartzaileek. Iaz, lehiaketaren lehen edizioa izan arren, sekulako harrera izan zuen, 180 book trailer baino gehiago lehiatu ziren ikastetxeen kategorian eta 15 norbanakoenean.
Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Liburu Gaztea Sariaren baitan, bigarren urtez jarraian,Book Trailer Lehiaketa antolatu du eta 19 ikastetxetako DBHko 1.650 ikaslek eman dute izena. Ikasturte honetan ere, Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat hautatu, irakurri eta horri buruzko bideo bat, book trailer bat sortu beharko dute parte hartzaileek. Iaz, lehiaketaren lehen edizioa izan arren, sekulako harrera izan zuen, 180 book trailer baino gehiago lehiatu ziren ikastetxeen kategorian eta 15 norbanakoenean.
2000. urtetik ari da Galtzagorri Elkartea Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin Liburu Gaztea Saria lehiaketa antolatzen, euskarazko Gazte Literatura sustatzeko helburuarekin. Iazko ikasturtera arte, ordea, parte hartzaileek Galtzagorrik proposatutako lau liburu irakurri eta gustukoenaren alde bozkatu baino ez zuten egin behar.
2012-2013 ikasturtean, ordea, gazteen irakurzaletasuna sustatzeko beste modu bat jarri zuen martxan Galtzagorri Elkarteak. Irakurketa teknologia berriekin uztartzeko jauzia emanez, book trailer lehiaketa antolatu zuen honako helburuak erdiesteko asmoarekin:
- Irakurtzeko zaletasuna sustatu: gazteak irakurketara bideratu, baita irakurketa horren gaineko idazketa/sormen lan bat egitera ere.
- Beren esparru naturala den teknologia berrien eta literaturaren esparrua lotzea.
- Gazteak liburuen sustatzaile bihurtu.
- Euskal Haur eta Gazte Literatura sustatu: liburu horien inguruan gazteek egindako lan originalak egongo direlako denon eskura.
Book trailerra liburu bat iragartzeko eta horren irakurketa (argitaletxeen kasuan, salmenta) sustatzeko sortutako bideo-muntaia da. Hortaz, egitasmo honen bidez, gazteak irakurle ez ezik, sortzaile eta irakurritakoaren sustatzaile ere bihurtzen dira.
Egitasmoak izan zuen aldaketak, hau da, book trailer lehiaketak eragin positiboa izan du gazteen irakurzaletasunean. Hala jakinarazi zuten parte hartu zuten ikastetxeetako irakasleek bete zuten inkestaren bidez. Hori dela eta, ikasturte honetan ere bide beretik jarraitzea erabaki dute Galtzagorrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Lehiaketan parte hartzeko irakurgaiak
Parte hartzeko Galtzagorri Elkarteak proposatutako libururen bat irakurri eta horri buruzko book trailerra egin behar da. Bi dira lehiaketan parte hartzeko aintzat hartuko diren irakurgai zerrendak. Batetik, Aurtengo proposamena deiturikoa. Bertan, 2012an argitaratutako libururik onenen aukeraketa egin du Liburu Gaztea Batzordeak eta DBHko maila bakoitzerako liburu bana proposatu du:
- DBH1: Maitagarria eta desioa (Mariasun Landa/ Maite Gurrutxaga)
- DBH2: Marta Ispiluaren aurrean (Teresa Calo)
- DBH3: Ezer ez (Janne Teller)
- DBH4: Saguak eta gizonak (John Steinbeck)
Horrez gain, euskarazko Gazte Literaturan irakurgai ezinbestekotzat jotzen diren liburuekin Ezinbestekoak izeneko zerrenda bat osatu du Galtzagorri Elkarteak. Bertan liburuak adinaren arabera sailkatuta daude eta horietako bati buruzko book trailerrarekin ere har daiteke parte lehiaketan. DBHko maila bakoitzak dagokion adin tarterako proposatutako liburua hautatu beharko du.
Bi zerrenda horietatik kanpoko liburuen book trailerrik ez da onartuko lehiaketa honetan.
Ikastetxeka edota norbanakoka
Izena eman duten ikastetxe bakoitzak gutxienez lan bat aurkeztu beharko du lehiaketan parte hartzeko. Baina ikasleak taldeka banatuta nahi beste lan aurkez ditzakete. Talde batek bi lan (bi liburu desberdinenak) ere aurkez ditzake nahi izanez gero.
Horrez gain, ikasleek euren kabuz ere parte hartzeko aukera izango dute. Hortaz, Liburu Gaztea Sarian izena eman ez duten ikastetxeetako ikasleek ere izango dute modalitate horretan parte hartzeko aukera, euren kabuz. Ez dute aurrez izena eman beharrik izango. Nahikoa izango da dagokien adinerako proposatutako liburua (edo ezinbestekoen zerrendatik aukeratutakoa) irakurri, horri buruzko booktrailerra egin eta Liburu Gaztea web gunera igotzearekin.
Martxoaren 14a arteko epea izango dute liburua irakurri eta booktrailerra egiteko. Izan ere, martxoaren 14tik aurrera lehiaketara aurkeztu diren lanen artean onena aukeratzeko tartea zabalduko da. Botazio bidez hautatuko dituzte booktrailerrik onenak bi modalitatetan: ikastetxeka aurkeztu diren lanen artean eta norbanakoka aurkeztu direnean artean. Izan ere, gogoratu ikasle bakoitzak bere kabuz parte hartzeko aukera ere ematen duela Liburu Gaztea Sariak.
Botazioan parte hartzen dutenen artean e-irakurgailu bat zozkatuko da.
Sariak Aurten ere publikoak hautatuko ditu book trailerrik onenak. Martxoaren 24tik maiatzaren 16ra bitartean zabalduko da botoa emateko epea eta nahi duen orok bozkatu ahal izango du Liburu Gaztearen web gunetik bertatik.
Jokoan dauden sariak bi kategoriatan banatzen dira:
Ikastetxeentzat:
- Abentura txangoa (arroila jaitsiera), ikasgelako bi lagunentzat.
- Liburu edota diskoak erosteko 200 euroko bonoa eta Klisklasikoak liburu-sorta
- Liburu edota diskoak erosteko 200 euroko bonoa eta Klisklasikoak liburu-sorta
Norbanakoentzat:
- E-irakurgailua
- Liburu edota diskoak erosteko 100 euroko bonoa
- Liburu edota diskoak erosteko 100 euroko bonoa
Formazio saioak ikastetxeetan
Galtzagorri Elkarteko dinamizatzaile batek Liburu Gaztean izena ematen duten ikastetxeei bisita bana egingo die (ikastetxeak hala eskatu badu) 2013ko azaroa eta otsaila bitartean. Ikastetxe bakoitzean ikasleekin saio praktiko bat burutuko du, non aurtengo liburuak aurkeztu eta booktrailerrak egiteko pistak luzatuko dizkien ikasleei.