Abertzaletasunaren aita

Abertzaletasunaren aita
“Nire uste harroan” Xabier Mendiguren Elizegi editore eta idazlearen bloga dugu, orain gutxi berriro suspertu duena. Egunotan eta bi sarreratan, gaur aurkeztekoa den Pako Sodupek Jose Luis Alvarez Enparantzari buruz argitaratu duen “Txillardegiren borroka abertzalea” liburua, gaur aurkeztekoa dena, hartu du ahotan. Bata, azaleko argazkiari buruzkoa, martxoaren 1ean argitaratu zen, eta bestea herenegun, “Gure abertzaletasunaren aita”. Biak sareratu ditu salabardoak.
.
.

Gure abertzaletasunaren aita

Azkenaldian arnasberritzen (edo aldrebesten, nondik begiratzen zaion) ari da abertzaletasunaren diskurtsoa. Galfarsoro, Apaolaza eta beste zenbait hor dabiltza, independentzia lortzeko abertzaletasunaren oinarriak eta euskaltasunaren esentziak gainditu egin behar direla esanez (laburpen azkar eta baldar bat eginez). Orain arteko tesi nagusiaren antitesia omen da, etorriko den sintesi baten bila (Jon Jimenez argiak esana). Tesia, baina, zein da?
Abertzaletasunaren aitaAbertzaletasunaren aita (Larramendi, Xaho eta bestelako aurrekariak alde batera utziz gero) Sabin Arana Goiri izan genuen. Berak asmatu zituen Euzkadi hitza eta kontzeptua, aberria eta aberriaren ikurrak, berak jarri zuen martxan abertzaletasunaren ildo politiko nagusia izango zena orain dela 125 urte edo.
.
Alabaina, ideia eta abiaburua hari zor zaizkion arren (eta Luis Arana anaiari, baina ez da hau xehetasunetarako lekua), Sabinen ikuspuntuaren oinarriak laster abandonatu zituzten haren gogaideek. Kanpotarren inbasioaren aurrean euskotarren odol-garbitasuna zaindu beharra, espresuki gaitzetsi ez arren, praktikan laster utzi zuten alde batera EAJn, eta gure herri-eskubideen zilegitasuna arrazatik historiara edo ohituretara eraman.
.
Arrazak eta abizenak bezala folklorea eta foruak historiaren zakuan behin betiko lurperatu zituena geroago etorriko zen ordea: XX. mendearen erditsuan gero ETA sortuko zuten gazteei zor zaie berritze sakon hori, eta izen batean zentratzekotan Jose Luis Alvarez Enparantzarena azpimarratuko nuke nik; idatzi behintzat, hark egin zuen inork baino gehiago, nazioaren funtsa hizkuntzan datzalako printzipioa finkatzeko eta zabaltzeko.
.
Ideia argi eta demokratiko horrek ez zuen bide erraza izan, ordea (eta gaur zalantzan jartzen da, esan dugunez). Txillardegiren ekarpena hobeto ezagutzeko tresna ezin hobea daukagu orain, Pako Sudupek idatzi duen liburuari esker: “Txillardegiren borroka abertzalea”. Gai hauetan interesa duenak hortxe aurkituko du antiguatarraren pentsamendu politikoa xeheki azaldurik, ibilbide bikoitzean: bata tematikoa, hainbat gairen inguruko ideiak aletuz (arraza, hizkuntza, eliza, klasea, fronte nazionala, biolentzia…); bestea kronologikoa, urtetan egindako hautuak zehazki argituz (Ekin, ETA, hura uztea, ESB, HB, Aralar…).
.
Seguru asko, Arana Goiriren ondoren, abertzaletasunaren historian arrasto sakonena utzi duen pertsona izan da Txillardegi, baina topiko pare batez likidatu ohi da hari buruzko iritzia. Topiko horietatik harantzago jo nahi duenak, liburu honetan du aukera aparta.
.
.
.
Txillardegiren borroka abertzalea
.
Pako Sudupek liburu berria atera du: “Txillardegiren borroka abertzalea”, Jose Luis Alvarez Enparantzaren biografia politiko bat. Gaur ez dut liburua komentatuko, azala baizik.
.
Abertzaletasunaren aitaTxillardegiren argazki mordoxka daukagu argitaletxean, baina azken 20 urteetakoak, eta, nolabait adieraztearren, “idazle posekoak”. Liburu honetarako, aspaldiagoko zerbait nahi genuen, eta protagonistaren militante-bizitzarekin zerikusi gehiago zeukana.Txalaparta argitaletxeak iazko urte amaieran kaleraturiko “ETA historia irudietan” liburu ederrean aurkitu genuen argazki aproposa: 1970eko hamarkada hasieran Baionako katedralean iheslariek egindako gose-grebatik irtetean egina dago, Jose Luis egunetako bizarrarekin hainbat etakidez inguratuta.
 .
Argazkiaren egileak anonimatoan egon nahi omen du, baina baimena eman digu: eskerrik asko berari eta Txalaparta argitaletxeari. Gure lana, kasu honetan, argazki osotik detaile bat hartzea izan da, eta Txillardegiren inguruko lagunak apur bat lausotzea, bera nabarmenago agertzeko.
 .
.
Liburua martxoaren 9an aurkeztuko da prentsarentzat eta 11n jendaurrean, Donostiako elkar dendan.
.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Abertzaletasunaren aita”-ri buruz