Lengoaia sexistaren hobenak

Lengoaia sexistaren hobenak –

Atzo ospatu zen martxoaren 8aren karietara, berriro ekin diote berdintasunaren aldekoek lengoaia salatzeari.

Lengoaia sexistaren hobenakErdaraz esaten da herrenak harzolari egozten diola errua. Euskaldunen artean katua da errudun hautua eta ehiztari txarren artean eskopeta okerra. Ez al gara tiroa okerreko lekura botatzen ari? Ez al gara gu herrenak eta ez zorua? Ez al gara 350 urtegarrenean Joan Tartas aszetikoa jauzi zen zulo berean geure burua sartzen ari? Hanko lengajia ezpada aski eder, hanko euskarak du ogena, eta ez euskaldunak zioen zuberotarrak eta oraindik ari gara zigorra ordaintzen.

Badago beste bide bat, malkarragoa ausaz baina artezagoa: autokritikarena. Geuk dugu erru edo ogena, eta ez lengoaiak. Soinuek ez dute ideologiarik, morfemek ez dute maliziarik, hitzak ez ditu deabruak zamatzen. Deabrua ez da existitzen, mamuak existitzen ez diren bezalaxe, nahiz eta gu soinu, morfema eta hitzen atzean ikusten etengabe tematu. Ni neu, lengoairen sexukeria kontuan ere, Etxeberri Sarakoarekin nago: halatan beraz hobena lehen da gurea ezen ez eskuararena.

Ez, ez dago lengoaia sexistarik! Ez dago lengoaia sexukeriagatik salatzea bezain lantegi inozoagorik. Hobena geure buruetan dago; sexista ez da lengoaia, ezpada gu geu. Utz ditzagun bakean hizkuntzak, lurrarekin berdin ditzagun geure aurreiritzi berdinzale linguistikoak. Nik, aukeran, justizia eta elkartasuna nahiago, ezen ez berdintasuna.

Lengoaia sexistaren hobenak

2 pentsamendu “Lengoaia sexistaren hobenak”-ri buruz

  • Hiltzen Hil 2016-03-09 10:42

    Bozka negatibo bat eman dizut botoi okerrari eman diodalako, izan ere, bozka positiboa ematea nuen helburu.
    Dena den aipatzekoa da hizkuntzak memoria historiko bizia direla, eta garai urrunetako gizarteen mundu-ikuspegia gordetzen dutela bere barrenean. Hala ere, hizkuntzak eraldaketa jarrai batean diraute, garapen-erritmo natural bat dutelarik. Akademizismo sasi-intelektualetik, euskara artifizialki eraldaldatu nahi duten horien iritziaren aurkakoa naiz, eta are gehiago txatxukeria zirkunstantzial ideologikoengatik denean. Euskara den bezala maitatu, arren.

  • Guztiz ados. Mundu ikuspegia gordetzen dute hizkuntzak eta mundu hori gizonek monopolizatua izan da. Errefrautegian begiratu besterik ez dago. Euskarak, gaitzerdi, genero morfologiko hutsala dauka. Erdaraz “cojonudo” baina “coñazo” esaten delako kexu dira batzuk, baina “huevón” ere esaten duk, baita hemengo erdaran behintzat, “potroso” ere. Euskaraz, berriz, “alukeria” esaten dugun bezala, “kirtenkeria” ere esaten dugu.