Abertzaletasuna eta klase borrokarako nazio marko autonomoa

Abertzaletasuna eta klase borrokarako nazio marko autonomoa –

Julen Zabalo, EHUko irakaslea, NAIZen.


Naziogintza ariketa batek lurralde bat behar du. Aranak gidatutako lehen euskal nazionalismoak Euskal Herrirako independentzia hartu zuen oinarri, eta erlijioari lotu. Ez zuen marko ekonomikoa kuestionatzen. Aitzitik, industrializazio berrian ondo egokitzea bilatzen zuen, eta hartarako burujabetza handiagoa behar zela pentsatzen zuen, besterik ez.

Abertzaletasuna eta klase borrokarako nazio marko autonomoa
Ilustrazioa: Bilgune Feminista

XX. mendeko bigarren erditik aurrera osatu zen ezkerreko euskal nazionalismoak ere Euskal Herria eta independentzia zituen oinarrizko elementu, baina marko ekonomikoarekin ados egon ez, eta hura eraldatzea bihurtu zen helburuetako bat. Euskara nazioaren ikur gisa hartuta, sozialismoa ere aldarrikatu nahi zuen, baina orduko euskal sozialismoak bazuen ibilbide argia lurralde markoari begira, eta talka egin zuen nazionalismo berri honek proposatzen zuenarekin.

Ezaguna denez, XIX. mendeko sozialismoak eta anarkismoak ez zioten garrantzi berezirik ematen lurraldeari, klase borrokari baino. Hala ere, orduko burgesia nazio-estatuka antolatua zegoenez, klase borroka ere estatu markoetan garatu zen. Eztabaida bat baino gehiago izan zen estaturik ez zuten hainbat lurraldetan, eta, oro har, sozialismoak jarrera instrumentala defendatu zuen: nazio borrokak eutsiko ziren klase borrokan eragiteko ahalmena erakusten zuten neurrian. Bestela, nazio auziak burgesiaren distrakzio-maniobratzat jotzen ziren, benetako helburua zen klase borrokatik aldentzeko pentsatuak.

Eztabaida bera azaldu zen 1960ko hamarkadatik aurrera euskal nazionalismoaren adar batek nazio eta klase auziak batu nahi izan zituenean. Hego Euskal Herriko sozialismo klasikoak Espainiako markoa onartzen zuen inolako eztabaidarik gabe, eta maila hartan egiten zituen bere planteamenduak. Mespretxuz begiratzen zuen euskal nazionalismoa, burgesia txikiaren beharrizan eta desioetara sortua zelako, eta Espainia mailako klase elkartasuna galarazten zuelako. Era horretara, euskal nazionalismo berria sozialismorantz hurbildu zenean, kritika horri aurre egin behar izan zion. Urte gutxian etorriko zen ezker abertzalea ardaztu duen formulazio berria: klase borrokarako nazio marko autonomoa.

Klase borrokarako nazio marko autonomoa (hitzen ordena batzuetan aldatua, eta gehienbat gaztelaniaz erabilia) gutxitan gogoratzen den kontzeptua da. Alde batetik, esateko eta ulertzeko duen zailtasunagatik, eta bestetik, bigarren maila batean geratu delako beti. Hala ere, ezinbestekoa izan da ezkerreko euskal nazionalismoaren ibilbidea ulertzeko: abertzaletasunaren aldetik, historiarekin, euskararekin eta beste ezaugarri batzuekin batera, abertzaleek beste lurralde bat irudika zezaketen, sozialismorako bidean desberdina, eta independentea izateko maila nahikoa zeukana.

Ezkerraren aldetik, klase borrokarako nazio marko autonomoa kontzeptuak, ezkerraren ohiko hizkera trinko eta ulergaitzean, sozialismoak euskal lurraldean arreta ipintzea lortzen zuen, adierazi nahi baitzuen borroka sozialistak aukera gehiago edukiko zituela Euskal Herriko markoan garatuta Espainiakoan baino, eta horixe zen tradizio sozialistak eskatzen zuen baldintzetako bat (Irlandako edo Poloniako adibideek erakutsi zuten bezala). Arrazoibide instrumentalari jarraiki, Euskal Herria marko autonomo gisa izendatzean, gainditu egiten zen Espainiako langileekiko elkartasun faltaren salaketa, Euskal Herriko marko berriak sozialismoa erdiesteko aukera hobeak eskaintzen zituen neurrian.

Kontzeptualizazio berriak eragile kritiko eta eztabaida asko eduki bazituen ere, itzelezko arrakasta (askotan ez ikusia) lortu zuen, eta azken 50 urteotan ezkerreko eragileen ikuspegia markatu du. Alderdi abertzaleez gain, sindikatuek, herri mugimenduek eta baita hainbat elkartek ere saihestu egin dute Espainia mailako antolaketan edo koordinazioan sartzea, eta egin dutenean, argi adierazi dute haien euskaltasuna.

Ibilbide oparo horrek, ordea, zailtasuna dauka mundu globalizatu honetan irauteko, eta gero eta ohikoagoa da Euskal Herri gaindiko egitura, foro edo antolakundeetan aritzea eta onartzea, euskaltasuna hain ageriko egin gabe. Izan ere, estatuek markoa inposatzeko duten tresnarik gabe, klase borrokarako nazio marko autonomoa lausoturik ageri zaigu gaur egun, beste eskala batzuetako eragileek eta sentsazioek erakarririk, eta euskal herritarrak gero eta naturalagotzat hartzen du beste marko batzuetan aritzea.

Joera horri aurre egiteko, estatu tresnarik ez duen nazionalismoari bide bakarra agertzen zaio, klase borrokarako nazio marko autonomoa kontziente egitea. Abertzaletasunak marko autonomoaren balioa ageriko egin behar du, zalantzarako tarterik utzi gabe. Hau da, argi utzita abertzale izatea ez dela Euskal Herria maitatzea, besterik gabe. Pentsatu behar da bertan bizi diren herritar gehien-gehienek Euskal Herria maite dutela, eta badakigu hortik asko ez direla abertzale. Euskal Herria maitatzeko modu asko daude, eta askok Espainiarekin edo Frantziarekin bateragarri egin nahi dute. Denok maite dugu Euskal Herria, baina abertzaletasunak marko autonomo gisa ulertzen du lurraldea. Eta abertzale izatea ez dela bertan bizitzea, edota lan egitea, besterik gabe. Hori gehiago dagokio herritartasun administratiboari. Aitzitik, ezkerreko abertzaleak euskal nazio proiektu batean sinesten du, eta ez zaio nahikoa nazio helbururik gabeko herrigintza. Borroka sozialak ez du herritarra abertzale egiten, nazio helbururik ez badauka.

Abertzaletasunera heltzeko eta nazioa ulertzeko bide eta modu desberdinak daude, baina lurralde markoa partekatzen dute denek. Horrek batzen ditu, eta marko hori beste lurraldeetatik bereizi ulertzen dute. Abertzaleen iruditerian independentzia nahiak islatzen izan du ikuskera hori, bitartean estatu forma edo helburu taktiko desberdinak onartu arren. Abertzaletasun berriak kontziente egin behar du lurralde markoa, mundu globalizatu honetako anabasa kontzeptualean ito barik.

Abertzaletasuna eta klase borrokarako nazio marko autonomoa  Abertzaletasuna eta klase borrokarako nazio marko autonomoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.