Aberri Egunean kukua kantari
Aberri Egunean kukua kantari –
Munduan zehar sufritzen duenarekin bat egitea, besteen eskubideak urratzeko indarra erabiltzen duenaren aurka egitea, laguntza eskaini eta ematea, beti izan da euskaldunen ezaugarri bat. Baina gu hemen gaude, Euskal Herrian, eta hau da gure ardura nagusia.
Hemen bertan dugu arazo nagusia, azken urte hauetan, tentsioa izaten ari baita euskal herritar mugimenduaren ezaugarri nagusia. Batetik, alde nazionalenak aldarrikatzen eta bestetik, alde sozialenak azpimarratuz.
Hurbiltze prozesuan sakonduz, esan daiteke egoera hau, tentsio hau, korapilatsua eta zaila gertatzen ari zaigula. Zatiketak, deskalifikazioak, gatazkak, itxura gabeko bazterketak, denetarik ezagutu ditugu. Beharbada, borroka sozialaren alde ezkor eta ilunetarikoa.
Baina duela lau edo bost hamarkada hasitako bi mugimenduen osagarritasuna, gaur egun, egitasmo politikoen hurbiltze prozesuan urrats dotoreak eman ditu. Eta beharbada, ezker iraultzailearen baitan emandako hausnarketak dauka zer ikusi handia.
Lehen aipatu dudan euskal mugimendu herritarra, borroka antifrankistan dauka bere jatorria, nahiz gero Erreformaren ukazioan gorpuztu. Geroztik gauzak asko aldatu dira, eraso gogorrak jasan ditugu eta errepresio basatia eta berezia nolakoa den ikasi ere bai. Baina mugimendu herritarrak, bere sigla eta garapen ezberdinekin, eraso guztien gainetik, bere helburuak mantentzen ditu. Ez dute menderatu.
Orain arte bezala, daramagun borrokak ahalmen guztiak eskatzen jarraituko du. Sua mantendu beharrean gaude, aldaketa sakonak eskuratu nahi baditugu. Hori dago jokoan. Horretarako, nire ustez komenigarria litzateke geure buruari galdetzea, zer nolako Euskal Herria ari den osatzen urte hauetan. Ezin baita uka, Euskal Herria mugitzen ari da, eta badago gizartean kezka argia; gaur egungo Ezker Abertzalea ari ote den asmatzen bere diskurtso politikoa gaurkotzen, ala iragan esperientziari josita mantentzen ari ote garen.
Gauzak ez dira hain linealak nire ustez, auzitan dagoena ez da bakarrik Euskal Herria Estatu zentraletatik ateratzea lortuko dugun ala ez. Kontuan hartzekoa da ere, barrura begiratuz, zer nolako Euskal Herria eraiki nahi dugun.
Espainiar Estatua delako horretan “barne” gaudenez eta, eusten duten benetako oinarriak ezagutu ondotik, trantsizio politiko berri batera hurbiltzen ari garela dirudien honetan, espainiar Estatuarekiko harremanen esparru berri bat egiazki nahi dugunok ikusten duguna da ia berrogeita hamar urte eta gero, “orduko berberak” agertoki bat ari direla prestatzen, eta agertoki horretan, aldi hartan bezala, nazionalismo espainolak Madrildik baimentzen duen kudeaketa mantendu eta interpretatzea lehenesten dituztela, bere egiazko pisu espezifikoa esparru libre eta subirano batean garatu baino.
Urkullu jaunaren EAJk duela mende erdi baino gehiago José A. Agirrek eta Indalecio Prieto sozialistak rol nagusia jokatu zuten antzeko egoera bera berreditatu nahi du.
EAJk badaki, beste askok dakigun bezala, espainolen presidenteak -publikoki uka egin arren- hilabete gutxi barru hauteskunde orokorretatik ateratzen den gobernua ez dela «hornituta» egongo, aurrekoak ez zeuden bezala, askatasunez eta demokratikoki adierazitako euskal herriaren borondatea onartzeko eta errespetatzeko. Argiago esanda, Estatu ereduaren iraungitzeari aurre egiteko behar adina gaitasunik ez duela izango, alegia.
Nolanahi ere, ez dirudi ego Euskal Herrian hurrengo hauteskundeak egin arte akordio esanguratsuak lortuko direnik. Gaur egungo egoera politikoan, bai Iruñean, eta gauza bera Gasteizen, hurrengo gobernuko lagunkide izango direnentzat ez dira oso komenigarriak bi alderdien helburu partidistak kaltetuko lituzketen apetak, -ez dezagun ahaztu- laino trinkoz estalita daudela.
EAJri dagokionez, ezagutzen duen bidea jorratuko du berriro. Ez zaio interesatzen ezer aldatzerik, izan ere, Madrilen norbait ezker abertzaleari «kosk» egiteko prest dagoen bitartean, haren lana asko errazten baita. Estatutuaren erreforma bultzatzean, bere proposamena «soilik» partzialki babesten dutenen artean kontraesanak pizteko asmoz, Moncloan «nolabaiteko tentsioa» sorrarazten, ezker abertzalearekiko liskarra da bilatzen dutena.
Ikustekoa da zer nolako erraztasunez, gutxi batzuk gehienei gobernatzen gaituzten ikustea. Baita nola gizakiek, hausnarketa handirik gabe, beraien iritziei uko egiten dieten, agintarienak bereganatuz.
Gertatzen dena tristea da, oso tristea. Horrelako egoera tristea dakar, bere indarra ezagutzen ez duen herri bat edukitzeak. Egoera honek azaltzen duena da, gehienek ez jakin edo ezin jakinik bizi direla, eta hortaz sinistu egin behar, zapaltzen diguten gobernuei nahi eta behar duten haina indar eskainiz.
Bere historia luzeari arretaz begiratzen badiogu, ezin uka EAJk badakiela egungo Estatutuari ukitu ikusgarri batzuk eginez eta Madrilekin duen «irmotasun lagunkoia» mantenduz, babesle “berezi” bakar gisa berresten dutela. Eta «musika» horrek -gaur arte- dantzari asko izan ditu.
Ezker abertzalean, pentsatzen dugu heldu dela ordua EAJk Ramon Sota erregionalista eta bere jarraitzaileen pentsamenduaren eragina gainditzekoa -eragin erabakigarria baita oraindik ere- eta erabat baztertu behar duena da, Euskal Herria eraikitzeko prozesuaren aurrean daraman jokabide bitarikoa. Euskal Herriak ezin duelako bere etorkizuna, Moncloako alternantzia atzerakoi edo ez hain atzerakoi batean oinarritu.
Uste dut egiaren unea iritsi dela; helburu erreal eta beharrezkoak ekintza politikoaren garapenarekin bateratzeko unea. Proiektu baten sustraiak sendotzeko aukera emango duten formulak ikertu behar dira -egon, badaude eta-, proiektu horrekin euskal gizartearen gehiengo zabal bat ordezkatuz esertzeko aukera emango duena.
Dena dela nik urrun ikusten dut, ez bai dut aldaketarik sumatzen. Datorren Aberri Egunean betiko EAJ ikusiko dugu. Ortuzarrek independentziari ateak itxiko dizkio, eta Urkulluk aldiz, ezker abertzalearen mezua oinarri, Euskal Nazioaren estatus berri bat aldarrikatuko du. Beraz betiko EAJ eta Urkullu jauna ere beti bezala, kukuaren pare, arrautzak besteen habian jarri eta gehiago kasurik ez.