Aberri Eguna 24 eta Aro-Ziklo Berria
Aberri Eguna 24 –
Kronikek diote Frankismo aurreko Aberri Egunak oso jendetsuak izan zirela. Gasteizeko 1934an eta Iruñeko 1935ean 30.000na lagun baino gehiago elkartu omen ziren auto pribaturik ez zegoen garaian. Diktadore hildakoan, Aberri Egunek berpizkunde handia izan zuten Hego Euskal Herrian. Etxe askotan bazkari berezia egiten zen, eta gazteak ginela, Aste Santuko oporralditxoa Euskal Herrian bertan egiten genuenez, igandeetan beti zerbait egiten genuen egun hori ospatzeko.
Etxeko erreferentzia abertzaletasun historikoa izan arren, beste gai batzuetan bezala, abertzaletasunean ere nahiko heterodoxoa izan naiz. Hala ere, Aberri Egunarekin beti ukan dut atxikimendu berezia. Hori dela eta, Aberri Eguna bateratua egiteko egin izan ziren saiakera askotan lagundu izaten nuen: ABK eta Euskariarekin, Udalbiltzak egindakoetan, Nazioeztabaidaguneak egindako saiakeretan, eraitsi zuten Independentistak mugimenduak antolatuetan. Sarritan Ipar Euskal Herriko deialdietan parte hartu izan dut erosoago egon naiz eta.
Azkeneko urteetan, ordea, ez nabil batere gogotsu horrelakoetara joateko, eta ez adin kontua. Jakin badakit, aspalditik “ Bazko-igandea” aldarrikapen eguna baino, gehienentzat oporralditxoaren egun arrunta besterik ez dela. Haatik, ez da hori nire kasua ezta kide izan ditudan hamaika lagunena ere. Nolabaiteko apatiak jota gaudela esango nuke: aporiak jota. Greziera klasikoan “Aporia” izenaz definitzen egoeran, alegia: ondoeza, gogoeza, kontraesanak kudeatzeko gaitasunik eza.
Aurtengo Aberri Eguna, nire ustez, Aro Politiko berriaren 1.go izango da. “Aro” diot, “ziklo “ hitza erabiltzen ari bada ere, azkeneko urteotan bizkortu diren aldaketek amaitutzat ematen baitute XX.mendea. Horrek geurean eragina nabarmenagoa du eta zalantzarik gabe “aporia” sentsazio horretan isla izan dezake.
XXI.mendeko politikaren garaia da, eta hortaz, pertsona berriak irten dira plazara. Esaterako, Imanol Padrales. Pedrales jaunak ez dit interesa batere piztu, berdin-berdin PSEko ala PPko hautagai jator bat (balego) izan liteke. Izan ere PPren boto-emaile lortzea helburu ere badu. Eusko Jaurlaritzaren aginte makilari eustea lehentasuna du. Hori lortze aldera behin betiko baztertu du “ildo soberanista” eta beste eremuetan egon daitezkeen boto emaileekin konpondu nahi du arazoa.
Pedralesek PNVren sektore teknokratena ordezkatzen du Repsol, Iberdrola, Armagintza eta bestelako loobyen esanetara arituko den beste pertsona bat. Hau da, Aberri Egun batean mendiko bota jantziko balitu ere, Bilboko Plaza Berrian bilduko diren ehunka jarraitzaileen grina pizteko gaitasunik ez duen hautagai bat. Benetan uste nuen zaila izango zula EAJk Urkullu baino hautagai okerragorik, baina lortu du.
Arreta gehiago jarri dut, ordea, Pello Otxandianorengan. Argitaratu berri duen liburua plazaratu aurretik egin zuen aurkezpena entzun nuen sarean. Ordubeteko saioa, eszenografia zainduta, pedagogikoa bere taldekide ezagunen aurrean. Otxandianok Aro Berrirako egokitutako politikari profila du: intelektualki ondo jantzia, bere taldearen zerbitzuan, hizketan lasaia, sinesgarria. Bere izenaz aurkeztu duten hausnarketa ere sendoa da, eta nire ustez, Euskal Herriaren etorkizunerako gako eta erronka handienak ederki identifikatu ditu. Hala ere, tamalez, ez dut uste jarraitzaileen grina pizteko askoz aukera gehiago izango dituenik Padralesek baino. Eta bistan da, ez naiz karismaz ari. Sarritan, gabezi intelektual, etiko eta estrategikoak dituen buruzagi politikoek karismaz mozorrotzen ditu. Pello ez da horrelakoa, eduki lezakeen karisma falta, jarreraz eta prestakuntzaz ordezkatzen du. Nire ustez, arazoa beste toki batean dago.
Sortuk EHbilduren bidez oso anitza zen (eta den) eremu soziologikoaren hegemonia lortu du Hegoaldean. EHbildu osatu zuten beste alderdien ekintzamena desaktibatu du. Izan ere, paradoxikoki, Ehbilduk Sortu bera ere jan du. EHbilduk Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emaitza onak izango ditu. Beste eragileek utzi duten eremua oso handia da; eta desaktibazio soziopolitikoak abstentzioa handituko duen arren, ordezkaritza handia izango du, agian bozkatuena ere izango da.
Baina, garaipen horrek badu bere ordaina. EHbilduk eremu soziopolitiko anitzetako bozkak lortuko ditu, haatik, eremu soziopolitiko zabal horren gaitasun eraldatzailea estrategia bakarrera eramango du. Hortaz, “de facto” aniztasuna ideologikoa zorroztasun estrategikoaren bidez murriztuko du. Eremua soziopolitiko horren hegemonia eskuratze aldera erabili dituen bideak elbarri utzi ditu beste estrategia posible, bideragarri eta beharrezko batzuk.
Politikari profesionalen neurrian egindako tresna eraginkorra sortu du EHbilduk, baina boteregune batzuetara iristeko baliagarria izan daitezkeen trena horiek kaltegarriak dira beste eragile askorentzat ,eta batik bat, ezinbestekoak diren beste borroka-lerroetarako. Izan ere, dagoeneko, EHBilduk aukeratu duen jardun posibilistak talkak sortu ditu Herri Mugimendu batzuekin eta behin baino gehiagotan gehiengo sindikalarekin.
Otxandianok ondo esan zuen bere bataio publikoan: etorkizunaren nondik norakoak ez ditugu ezagutzen, asmatu behar da bidaiatzen ziurgabetasunaren aroan. Horregatik, estrategia malguak behar ditugu. Iraganeko estrategiei eusteak porrota ekarriko du epe ertainean. Epe laburreko garaipena lortzeko “itsasontzi batzuk” erre izanak konponezinak izan daitezkeen kalteak ekar litzake. Autonomismoa berrasmatzea ez da bideragarria, ezta komenigarria ere, Estatu espainiarraren balizko birsortze prozesua ez da euskalherritar independentiston ardura. Pazientzia aholkulari ona omen da, baina aldaketak bizkortzen direnean, eta aldaketa horiek etorkizun posible batzuk ukatzen dituztenean, pazientziarako astirik ez dago.
EHbilduk Iruñerrian eta Gasteizko Legebiltzarrerako, Ezker Soberanistak inoiz lortu dituen hauteskunde emaitzarik hoberenak, inoizko hautetsi eta liberatu kopuru handiena, baina bide batez, inoizko boluntario talde txikiena izango du koalizioak. Politikarien eta herritarron arteko arrakala handitu da, baita hemen ere. Euskal Herria zatitu duten hiru eremu administratiboak onartu izanak hiru lurralde horietako herritarren arteko arrakala handitu du. Lurralde zatiketarik gaineko jardun politikoa ardatza ez bada, Euskal Errepublikaren bideragarritasun estrategiko eta geopolitikoa gal liteke.
Aro Berriak duela 20 urte ezinezkoak ziren eraldaketak egiteko ateak zabaltzen ditu: Euskal Errepublikaren eraketa-prozesua; Udalbiltza erakunde-prozesuaren erdigunean jarri; euskalherritar herritar aske gisa ahaldundu; demokrazia erraldikalaruntz urratsak eman. Ez gaitezen galdu arerioak eraikitako labirintoetan, ez diezaiegun lagundu 78ko erregimenaren sustatzaileei irtenbiderik gabeko zulora eramango baikaituzte.
Ez dezagun jan PSOEren amua, pozoiduta dagoen haragi puska besterik ez da. Oso garrantzitsua den alkatetza eskuratzen lagundu dio EHBilduri oraingoz, baina salbuespena da. Testu-ingurua: Madrilgo gobernua osatzeko laguntzeko beharra; UPNren ahulezia, UPNren alkate kaxkarra. Aitzatik, ez da gauza bera 267 milioi kudeatzea (Iruñeako aurrekontua) edo, adibidez 484 milioi, Donostikoa (25.000 biztalde Iruñeak baino). Zer esanik ez Eusko Jaurlarizarena, 2025rako 18.000 milioko aurreikuspena. Gasteizko Legebiltzarrerako PSEk emaitza apalak izango ditu, 11 bat legebiltzarkide, baina oso garesti salduko diote PNVri euren laguntza.
Aurten, berriz ere, ez dago inolako aukerarik Aberri Eguna bateratua egiteko, eta ziurki ere ez luke zentzu handirik izango. Aldiz, egun horren atarian, gogoeta bat egin dezagun XXI. mendearen erdialdera iritsi aurretik, ea bideragarria ote den jauzi soberanista Euskal Herrian. Estatu batek dituen tresna juridiko guztiak eskuratzen ez baditugu, etorkizun hurbileko erronkei ezin izango diegu heldu eta menpeko egoera betikotuko da: kulturalki, geopolitikoki, sozioekonomikoki. Ezinezkoa izango dugu herri gisa egokitzea horren konplexu eta aldakorra den mundu berrian.
Nik uste dut batek ez duela bestea kentzen.
Kataluniak erakutsi digu independentzia epe motzean planteatzeak ze muga dituen, ze ezintasun. Estrategia elektoral-instituzional moduan, badirudi ehbilduren apustua epe luzerakoa dela: pnv-ren autonomismoa desgastatu, psoe-ren federalismoan muturreraino eragin… Agian hauteskunde eta ordezkaritza eremuan, beste biderik ez dago.
Horrek, noski, atenditu gabe uzten du eraikuntza nazionala, etorkizuneko errepublikarako ezinbesteko zutabea, gaurtik altxatu beharrekoa. Baina hori ehbilduren lana al da? Alderdi politikoen lana al da?
Ala gizarte zibilarena?
Zuriñe, eraile soziopolitiko eta kulturalen lana da. Euskal Herrigintzan aritzeko prest dauden eragile guztiena. Arazoetako bat da (Hegoaldean) EHbilduk eremu osoa okupatu duela, sarritan Herri Mugimenduari dagokiona ere bai. Militantzia urria dagoen garaietan kuadro politiko aktibo guztiak lan institiituzionalera eramaten badira, hutsik geratzen dira beste eremuak. Eta lan instituzionaletik bideratzen taktika-estrategia “paktismoa” bada, ezinezkoa da jauzi soberanista eta zer esanik ez haustura prozesu bat.
Patxi, hemen arazoa oraindik are handiagoa da, sinpleki indarren proportzio guretzat are eskasagoatik . Politika instituzionaletik ez da ezer guti igurikatu behar eta beste politikarik ezinezkoa da. Orduan (beharbada) gelditzen da Zuriñek iradokitzen duena, hd, (euskal) gizarte zibilaren metapolitika, hain burgestu ez ginen garaikoa. .
Ados Beñat, Catalunyan bezala, geurean ere gizarte zibila dugu aldaketaren gakoa. Horren geldirik dagoen herritar sarea. Nola berpiztu lan grina? Politika profesionalak ez dezala ordezkatu herritarron ardura politikoa, soziala eta kulturala
Helburuaren neurriari erreparatuta (munduaren dentro inperialistaren parte diren bi estatutik independentzia lortzea) nik uste (barka iraingarri banaiz, eztet batere asmoa) ez direla heterodoxia eta zertzeladakeria nahastu behar: duela 25 urte (zuzen ala oker) EAJ ordezkatuko zuen ezkerreko (sistemaren baitango, bai) indarra sortzea ezinbesteko ebatzi zen, ta hori da epe motz-erdira eskura deguna. Ezin da helburu horren izenean”ziklo” bat amaitzea beharrezko dela esan eta, abian denean, atzera”baina” gora “baina” behera hasi, nin eta “baina” horiek ez diren gure sasiheterodoxiaren.erakusle.
Errua, izatekotan, elitzateke hautuarena, berorren azpian askok gordetzen zuten atseden Hart gogoa baizik.
Hautuak bururaino eraman behar dira, hau kontu serioa bada.
Arazoetako bat horretan datza: PNV ordezkatzea” Edo PNV gainditzea beste aro politiko bat zabaltzeko. Ordezkatu nahi izatea horrek PNV kopiatzera eraman lezake
Bertan izan behar, hori ekiditeko.
Beste batzuek kanpotik egin beharko.
Benetan, eta errespetuz: Etzait serios iruditzen.
“Ezkerretik bilduz” dinamikarekin Bilduri koaliziotik haratago egiteko eskatu zitzaion, ta Bilkide figura onartu zen (adibidez). Lizarra ostean eskatu zen egoeran gaude ta, hala ere, susmoa.
Ezkerretik Bilduz eta beste sektore batzuetatuk eskatutako hura, alderdietatik at kidetza onartzea urrats oso ona izan zen. Bestalde, Ez gaude Lizarra-Garazi osteko fasean. Lizarra-Garzaik bukaer jakin bat izan zuelako, besteak beste. Bigarrenik, Lizarra-Garazain Euskal Herria osorako proposamena mahaigaineratu zen, eta egun ” egingo errealitste administrativo tik” abiatzea eskatzen da. rtikuluaren muinetako bat da murrizketa estrategikoari kritika egitea.Ziurgabetasunaren itsasoan ezin zaio estrategia bajar eta esklusinoari heldu. Por cierto, Hegoaldeko Aberri Egunean hizlari bakarra aritu izanak zerbait adierazten du.
Ehbildu ordezkaritza instituzionaleko eragile bat da. Hori da bere zeregina eta bere esparrua. EAE eta NFE mailan eta estatu mailan, egoera, baldintzak, mugak… direnak dira. Ez dago jauzi subiranistarako edo haustura politikorako baldintza objektibo errealik gaur egun. Ez daukagu babes nahikorik, ez nazio barruan, ez nazioartean. Epe luzerako apustua da, onartu dezagun.
Ehbilduri egotzi dakiokegu udalen saretze nazionalean ez eragitea. Ados.
Baina herritarron ardura politikoa, gaur egungo desmobilizazioa, koadro politikoak minimoetan egotea eta militantzia zertan inbertitzen den eta zertan ez, norberaren ardura da. Guztiona. Dalbiltzanena eta ez gabiltzanona.
Eta ez naiz Zuriñe, Ziriñe baizik ;p
Bete-betean gaude LG ostekoan, han 7ko estrategia lehertu zenez gero.
Ezker abertzaleak bete du EAJtik exkerrera polo soberanista osatzeko eskaera, baita ondo asko bete ere.
Ez nago Ados.LG hainbat arraziorengatik lehertu zen. Euskal Herria osorako estrategia bideragarria zen, baina ez zen asmatu nola.Egun ere Euskal Herria osorako estrategia bideragarria da. Baina bidé berriak aurkitu Behar dirá.Zegokion tokian batzuek aukera batzuk mahaigaineratu genituen.Baztertu ziren. PNVtik ezkerraldekoginea elkarlanaren jartzeko ez dago metido bakarra eta elkarlana bateragarriak da estrategia malguekin. Aniztasuna kudeatzen asmatzea interesgarriagoa da estrategia hegemonikoak baino
Barkatu Ziriñe, telefonotik eta betaurrekorik gabe erantzun nizun. Eta ,Ados desmobilizazioa guztion ardura da. Oso egoera kezkagarria
Joan den Aberri Egunean nire hiriko kaleetan barrena ibili nintzen balkoietan zenbat ikurrin ikusgai zeuden ikustera. Ikurrinak baina gehiago ziren kopuruan Palestinako eta Ukrainiako banderak. Azken urtetako bidetik gureak egin du.