Azkenerako, nork bere buruari ezin tranparik egin

Azkenerako, nork bere buruari ezin tranparik egin – 

Kanporatuak izan ginen, jaio ginen, jaioarazi gintuzten. Munduratuak, bizitzaratuak izan ginen, orduko harako hartan, eta berriz ere errepikatuko izango ez den salbuespen gisa, inondik ez, ezer-ezerezetik hona ekarriak; inondik ez inora, hona. Ordu ezkeroztik hona eta hona, urtetan aurrera egin ahala, umetu, gaztetu, eta heldu, eta iduriz jada heldutzat geure burua genuelarik ere, artean heldu eta heldu, edo, nondik begiratzen zaion kontuari, endekatu, gainberatu eta zahartu… Kontuak horrela, beti, nonbait, bultzaka aurrera eta aurrera eramanak gara, maiz atzera begirako iraganminezko desirek bizitza erritmoa balaztatu nahi izaten badute ere. Aurrera eta aurrera egitea da bizitzea, urteak jantziriko bizipen eta sentipenetan gaindi aurrera egitea.

Eta zer esango genuke bizitza-ibilbidean zeharreko bizipen, sentipen edo gertakari direnak direlako horietariko bakoitzari dagokionean? Zer esango? Zer esango “orain”, edo “orduko” horietariko baten bati lotu nahi bagenio gure begirada, eta berorretaz kontu egiten ahaleginduko bagina? Orduan, uneko gertakariari atxikiak (esku artean dugun uneko gertakarirari edo jada iragandako bati), aurrera boteak, egotziak, agian ez, bai baina, hona jaurtikiak, hona kanporatuak izaten ari garela une oro. Kanpora begira jardutea, gugandik kanpo dagoen eszenatoki horretan jardutea da bizitzea, itxura guztien arabera. Zer da, bada, heziketa eta ikasketak jasotzea, kanpoko plaza publikoan aurpegi aitortu bat, toki bat, lekutxo bat lortzea baino? Ezin uka halaxe denik. Norbait izan behar dugu bizitzan, “nor” ikusgarri bat, besteen begietarako ikusgarri, ezin horri iskintxo egin.

Kontuak horrela ere, bizialdian aurreratuxe gaudelarik, norbere baitan arroztasun sentipenak agertuz joaten dira, gero eta maizago agertu ere. Aurrera eta aurrera eginaraziak izateari dagokionean, zein unean unean betiro gugandik kanpora jartikiak izateari dagokionean, nonbaitetik ihesi gabiltzala dirudi. Are ezin eramanezkoago eman lezake kontuak; norbaitengandik iheska gabiltzalako irudipena izateraino irits gintezke. “Nor” batengandik eskapo egiten, eta norengandik eta gu garen horrengandik ari gara ihes egiten. Kontraesankorra dirudi kontuak; gu geu izateko, nor bakoitza bera den hori izan ahal izateko beti kanpora, plaza publikora begira jardun behar izan dugu derrigor ordura artean, eta halako batean, barnean, gure baitara begira, zerbait ahantzia utzia dugula zinez dugu indar handiz sentitzen. Areago ere, gu geu izan ahal izateko balirudike gu geu izateari uko egitera derrigortuak izan garela, hein handi batean bederen.

Zerbait uztia genuen gure barnean, zerbait ahantzia, zerbait zinez garrantzizkoa, eta oraintsu artean isil-isilik gordeta. Bizialdiko une batetik hara baina, esnatu zaigu tupustean isilarazitako gure “gu” ezin intimoago delako hori eta ezin saihestuki kontu esker datorkigu. Arrotza zaigu zinez gu-geu garen hori, maizenean beste edozein konpainia baino arrotzagoa eta, tarteka, hagitz desgogokoa ere. Bakarrik, bakarka eta bakardadean egotea ezin eramanezkoa egitea horrekin dago hertsiki lotua. Inoiz eta inola behatu ez diguten moduan behatzen digu berorrek; inoiz eta inolaz hitz egin ez diguten moduan, hitz egin; inoiz eta inolaz aditu ez diguten moduan, aditu… Kasu zipitzik egin edo ez, inoizkorik egonarri handiagoz hor izango dugu betiro alboan, hurrengo aukeraren zain-esperoan, gure kanporako jardutekeria guztia berriz noiz etengo zain.

Naizenean,
nere bizitza-ibildean gaindi urratsez urrats,
naizen naizenero, naizeneino
nakusan begi hori,
neure gainean segika dabilkidan begi hori,
pega-pega eginda betiro begira daukadan begi hori
berau gabe neu nerau, neure burua, ulertzerik badudalarik ere,
nahi diot aurrez aurre, bekoz bekoz, behingoagatik begiratu,
begiratzen, kasi-kasik naizen begi horri begira,
naiz ezdeustutik birjaiotzen.
………………………………………………………………………….
Atergabe eta etenik gabe begira dudan “begi horri”,
naizen naizenean izanarazten nauen “begi horri”,
diot estreinakoz nire beigirada estrainekoa zuzendu,
nor den galdegiteko,
nor den naizena izanarazteko?
nor den,
nor naizen,
galdegiteko
zeri begira diharduen, nagoen….
galdegiteko.
……………………………………….
Izan ote naiteke Begi horri paso eginaz,
Izan ote? berorri bizkar emanka.
Izan ote naiteke?
Begi horri neure barne begiaz aurrez aurre begiratuaz,
izan ote naiteke?
izanarazi nauen begi horri behingoagatik neure-neurenetik aurreantzean begiratuta…

 

Igor Goitia

Azkenerako, nork bere buruari ezin tranparik egin ezin tranparik egin

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude