Abandonatu

Abandonatu

Xan Airek, Ipar Euskal Herriko Hitzan Karine Etxeberrirekin egiten duen eleketan, militantziaz mintzo zaio solaskideari, feminismoarenaz eta euskalgintzarenaz, eta zalantzan jartzen du Iparralde kontzeptuaren egokitasuna.

Abandonatu

Galdera bat sortu dit zure azken gutunak, Karine: hartan naturalki josi dituzu feminismoa eta euskalgintza, bainan lehenari freskotasun bat ikusten diot, bigarrenak galdu duena. Iduritzen zait euskalgintza instituzionalizatu dela, lanaren eta militantziaren medioz heldu dela errespetu orokortu batera. Lassalen azken ergelkeriak hala frogatu du, funtsean: bi komunikatu errun ditu ikastolei barkamen eske (ez bat: bi!), joan den mendeko txantxa bat hauteskunde-espantu bilakatzeagati

Aski aipatu ditugu indar-harremanen eboluzioak hemen, baina instituzionalizatze horretan, aktibismoan ez da urratsik egiten azken aldietan. Bon, Seaska beti borrokatuko da irakasle-lanpostuak eskuratzeko (sistema horretan, halabeharrez), Baxoa Euskaraz-en tixerta berdeak ere ezagunak dira orai. Bainan preseski, uste dut feminismoak, edo feminismoek, lortu dutela aldi berean instituzionalizatzea, baita aktibismoan fresko izaitea ere. Eta hori da zure gutunak sortu didan galdera: nola kausitu dute?

Ez ote du (Iparraldeko) euskalgintzak tren bat huts egin… edo abandonatu? Alta, ez da dena irabazia: ez naiz baitezpada ofizialtasunaz ari, uste baitut sobera gauza monopolizatu duela aldarri nekagarri horrek. Gehiago dut euskararen erabilpen soziala gogoan: baliteke zer egin, baliteke zer eskupean…

Badakizu: ez naiz baitezpada tagatze eta hashtagatze horiez #osofan, ez eta mediatizazioaren menpe diren ekintzez ere. Edo ez zait gustatzen beti bertzeen biktima gisa azaltzen gaituen aktibismoa, ororen buru guhaurren borrero bihurtzen gaituelako.

Baina interesgarriagoak zaizkit aste batez (edo gehiagoz) euskaraz osoki bizitzen entseatzen diren Gipuzkoako aktibismo haiek. Lasarteko Ahobizi eta Belarriprestak. Interesgarriagoak zaizkit Garaziko zirtzilak, eria barna sartzen gure inkoherentzietan, gure humanitatean, plazaren erdi-erdian igande eguerdiko argitara.

Euskararen erabilpenaz, baliteke auto-derisiorako zer busti, konparazione bideotxoak eginez gure lorpenez eta ezintasunez irri egiteko: ogia euskaraz erosteko ditugun hausnarketa intimo debaldeak, familiako bazkarian Biarnoko otto hor delarik, elkarteko bilkura hartan euskara ez delarik inposatu behar omen, hiztun berriekin edo Hegoaldekoekin dugun pazientzia, TELP tailerrak berak. Dramaz edo porrotez bizi ditugun horiek desakralizatu, estakuru horretan euskara humanoki baliatuz, prentsa-agiriz baino…

Aplikazio horrek ez du kentzen beti uste dudala sistema eragile bat behar dugula gibelean, denak ez baikara aktibistak, urratzaileak, eta gehiengook mugimendua segituko baitugu. Mugimendua, edo eskemak. Abandonatu ditugun ezintasunak, ohidura berriez ordezkatzeko…

Abandonatze-solas bagaudela, Karine, probokazio batek gero eta gehiago kilikatzen nau, Euskal Elkargoaren garaian… Ez ote den Iparraldea kontzeptua abandonatzeko tenorea jina. Kulturalki, diot. Hots, alegia deusez.

Hara, egina da: erakunde batek ofizialki zedarritua du aspaldiko aldarrikapena; horretan joanen dira hamarkada pare bat bederen, muga berrietara heldu aitzin…

Baina zer zentzu du, kulturalki eta oraidanik, Hendaia Iparraldean kokatzeak? Hendaian aski bizi izan naiz, ikusteko ez dela hainbertze Baionara buruz itzulia. Irriz erraiten da Gipuzkoan dela, baina hainbat aspektutatik, Txingudirekin du entitatea osatzen hango populuak, beaufek barne. Garraio sistema bera hobeki eraikia da Donostia aldera, Baionara baino. Muga administratiboek dutelarik halako immobilismo batean hikaturik atxikitzen, ezin emantzipatuz bezala…

Eta erradazu Ipar/Hegoak zer zentzu duen Sara/Zugarramurdi artean? Baigorri/Baztanen, nahiz eta Izpegi korapilatsua hor artean izan? Nihaur harritua naiz zein errazki ari naizen Iruñera buruz itzultzen, Urepelen berriz bizi naizenetik…

Ez dakit Baiona/Iruñeak ekialde bat ardazten ahal duen, konparazione, baina hainbat tresna, mugimendu, hedabide… obsoleto bilakatzen ari dira, gero eta gutiago asetzen gaituen Ipar/Hego filosofia honetan. Orai eta amen.

Bi pott.

Abandonatu Abandonatu Abandonatu

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.