9 kiloko prekarietatearen motxila
9 kiloko prekarietatearen motxila –
Industria garaia ia-ia ahaztuta genuenean, 1997ko Guggenheim Museoaren ate-irekitzea izan zen Bilbo hiria munduko mapan apurka-apurka kokatzen hasi zuena.
“Guggenheim efektua” deitutako fenomenoaren sorrera suposatu zuen.
Prekarietatea edozein sektoretan oso nabarmena izan arren, horrelako fenomenoak bizi diren herrietan eta bertako langileriarengan daukan isla izugarria da.
Bilbon argi ikusi ditugu alde biak: lan munduan nola hasi diren lanpostu prekarioak eta diskriminatzaileak, edota azpikontratazioa areagotzen; eta horren ondorioz, nola bizi-baldintzek okerrera egin duten, pobreziaren mugak gaindituz. Bizi kalitatea eta sustraiak, makro-ebentoen artean galduta.
Ekonomia kolaboratiboa izenpean sortutako lan-ereduan jarri nahi dut arreta, mingarrienetariko bat delako esan dezakegu.
Delivero edo Glovo bezalako enpresak, batzuk aipatzeagatik, gure artean gelditzeko asmoz heldu dira. Antolakuntza iraultzailea saltzen dute “izan zaitez zure buruaren nagusi” bezalako mezuez baliatuz, eta nahiz eta hasieran nagusiki langile gazteengana jo, gaur egun bertako langile asko dira enplegu hauekin familia mantentzen saiatzen direnak.
Langile autonomoak omen dira, baina errealitatea beste bat da: plataformak ordutegiak, prezioak, zerbitzuak eta abar kontrolatzen ditu. Plataforma digitala da noski, inoiz ez presentziala, beraz kostea minimoetara gutxitzen dute. Gaixorik jarri edo istripu bat izanez gero, ardura guztia langilearena da. Aipatzekoa da lan orduko prezioa 3 euro ingurukoa dela, ibilgailua langileak jarri behar duela eta autonomo kuotak ordaindu… pagotxa! Garai berriak, betiko miseriak.
Gig economy, contigent workers, riders…. hitz potoloak, berritzaileak eta modernoak erabiltzen dira eremu honen inguruan. Kaleratu beharrean, “deskonektatu” egiten dituzte langileak. Baina argi dugu hitz hauen esanahia, bakarra delako: prekarietatea.
Itxaropena ez dugu galtzen, eta garaipen handia izan da langile hauen antolaketa eta asanbladen sorrera. Cleta, Mensaka, La pájara ciclomensajería edo beste sektore batzutako Fairmondo edo Fairbnb plataformen sorrerarekin batera, tunelaren bestaldean argia dagoela esan dezakegu. Ildo etiko eta justu baten oinarrituak, eta mundu moderno honetan hain ondo txertatu ahal diren eredu berri hauek, langileen eskubideak bermatzea eta bizitza duina bultzatzea posiblea dela erakusten digute.
Baina errua norena da?! Lan mota horiek egiten dituzten langileena eta enpresena ala zerbitzu horiek kontratatzen dituzten bezeroena? Amazonek nirekin jai luke, Deliverok beste hainbeste, Uberrek zer esanik ez… denek porrot egingo lukete. Hor dago koxka. Kritikatu asko eta asteburuko zubian easyjet hartu eta Pragara. Horrelakoak nire inguruan asko daude. Kontraesan hori bistaratzen diedanean, beti dago neurrira egindako moral-trajea. Gehiegi bistaratzen badiezu kontraesana, erradikal bat zara. Azken defentsa-errekurtsoa hori izaten da, bestea deslejitimatzea. Eta hortzetako inplanteak Brasileko dentistarengana joanez egiteko pertsona taldeak osatzen direnean hemen? “Brasilera bidaia+inplanteak hemengo dentistarenean baino merkeago” esaten dizute artaburu alakoek. Gero hori bai, kapitalismoaren aurkako eta auzolanaren eta autoeraketaren autokontsumoari buruzko berborrea hurrengo egunean.
Badakizu, Euskaldun, askotan ez garela ados, baina batzuetan zure lumak gizalegearen ahotsa irudi du, une honetan bezala. Gure herrialdean diruz ondo horniturik bizi den ezkerreko jende kasta bat badago eta doblezia horretan erortzen da aldioro. Baina badakizu, diskurtsoak ez du kongruentzi praktiko funtzio hutsa betetzen (edo bete behar), mantra antzeko bat da eta zure pentsamendua mantra politiko horretaz kutsatzen baduzu orduan pentsatzen duzun hori zarela pentsa zenezake.
Ezker muturreko diskurtsoak, ordea, ustezko inkongruentziarik handienak dialektikaren aplikazio hutsa dira. Gogoan dut Leninen testu bat: “guk estatua suntsitu nahi dugu baina estatu forma bortizena ezarriko dugu, estatu proletarioa; guk hizkuntzak bategin nahi ditugu baina nazionalitate txikien kultur eskaera babestuko dugu”. Utopiaren milenoia gauzatzen den arte ezker muturreko loritoek aukera dute etengabeki kua kua egiteko. Hori ere bizimodu bat da.