68ko gazte eroak
68ko gazte eroak –
1968a urte nahasia izan zen munduko hainbat txokotan, baita Euskal Herrian ere. Gurean, segur aski, ez zen urte bat, belaunaldi baten sorrera baizik. Garai horretan Ez Dok Amairu taldeak euskal musika irauli zuen, esate baterako, Lurdes Iriondoren ahoan entzun zen gaztedi berriaren ezinegona: «Mundu garbiago bat bizi nahi genduke, gezurraren kontra, injustiziarik ez, Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme».
.
Halaber, Rikardo Arregik sozialismoaren inguruko eztabaida plazaratzeaz aparte, euskaltzaleen Jainkoaren heriotza aldarrikatu zuen. Bere ustez, Jainko horrek euskal kultura eta kontserbadurismoaren arteko harremana sinbolizatzen zuen; hots, nekazaritza eta erlijioarekin lotutako mundua. Berak argi zeukan: “Euskaltzaletasuna hankaz gora jarri behar baldin badugu, atzera begiarazten ziguten lokarriak hautsi behar ditugu eta lokarri horiekin loturik erabili genuen Jainkoa ere hautsi behar dugu.”
Finean, euskal munduan benetako ekaitza jazo zen 1960eko hamarkadaren bukaeran, “Euskal fededun” binomio banaezina hausten joan zen, eta belaunaldi berriak kolokan jarri zuen euskal mundu zaharra. Joxe Azurmendik, “Oraingo gazte eroak” liburuan, ondo baino hobeto islatzen du orduko giroa eta belaunaldi horren gorabeherak. Bere aburuz: “Etorri ziren denok dakigun gazte zoro batzuk eta mundu baketsu, dena txukun-txukun atondu hura, hankaz gora jarri zuten”. Hainbat eztabaida azaleratu ziren, besteak beste, euskararen batasuna, erlijioa, sozialismo, eta nola ez, borroka armatua: “Fedegabea da (…) belaunaldi berria, borrokan jarraitzen duen artean (…) Bestelako gorritasun batez (…) helduko dio belaunaldi honek orain politikari (…) bizitzaren sentidoari, etikari, gizarte arazoari, euskarari eta literaturari, batasunaren borrokari, larre-kultura baserritarra gainditzeari”.
Izan ere, 1968an Euskaltzaindiak euskara batua sortu zuen Arantzazuko bilkuran, ez istilurik gabe. Belaunaldi zaharreko askok ez zuten gustuko hizkuntzaren batasuna, eta H hizkia ikur marxista zela esatera ailegatu ziren. Hala ere, pausu hori erabakigarria izan zen hizkuntzaren berreskuratzeko bidea abiarazteko.
Bukatzeko, borroka armatua ekuazioaren erdian sartu zen, teoria eta praktika nahastu ziren, eta “Benta Aundi erdian, Xabier Anaia hil zuten”. Urte bat lehenago, berak gidatutako ETAko V. Biltzarrak ekintza-errepresio-ekintza estrategia martxan ipintzeaz gain, klase eta nazio borroka txanpon beraren bi aldeak zirela egiaztatu zuen. Bere heriotza, askoren iritziz, etapa baten hasiera izan zen, eta Oteizak betirako hilezkortu zuen Arantzazuko talaian:
Tira, euskal nortasuna mutilatu zuten pentsamendu iraultzaileari komeni ez zitzaizkion zatiak baztertuz (erlijiotasuna, “lana-kultura”…), eta gainontzeko apurrak modernitatearen kultura materialista kosmopolitan txertatu zituzten nolabaiteko Frankenstein munstro bat eratuz eta bultzatuz. Hori da “gazte ero” haiek egin zutena.
Munstro horren bizia “elektrizitate iraultzaileari”, hots, gatazka politikoari lotu zitzaion, eta gatazkek eragin ohi duten tribu-sentimendu naturalari. Gaur munstroa hilik eta berarekin batera euskal nortasunaren atal horiek gainbeheran. Izan ere, mutilaturiko euskal nortasun horrek jada ez du indar intrintsekorik kultura global modernoari, kolonizazio español/frantsesari eta gurean txertatu diren balio materialistei aurre egiteko. Hala, gaztelera nagusi da hamarnaka herriko tabernatan, hain zuzen ere, batzokietan gertatzen den modu berdin-berdinean.
Eta orain zer egingo duzue?? Beste gorputz monstruoso batera transplantatuko duzue euskarara, bertsolaritzara eta frontoiera murrizturiko euskalduntasun zargaldu hori, adibidez, femi-estalinismo berri horretara, behingoagatik likidatu dadin?? Hori da gure belaunaldiari utziko diozuena, hots, zuek eginiko “erokerien” zamaren erantzukizuna??
Banago euskal troskista iluminatu eta abarrek buruturiko ingeniaritza sozialak kalte handiagoa egin diola euskal nortasunari, jeltzaleen utzikeriarekin batera, Franko bera eta 78ko erregimenaren errepresioak baino. Eta banago erreakzio tradizionalista batek, hots, euskalduntasun tradizionalaren berpizkundeak soilik berreskuratu dezakeela gehiegizko modernokeriek txikituriko euskal nortasun hori.