Donostiak merezi duen tokia eman dio sagardoari
Joan den larunbataz geroztik dago zabalik, Donostiako Katalunia Plazan (Gros), GORENAKek antolatutako lehenengo Sagardo Azoka. Atzo izan zen, nolanahi ere, inaugurazio ekitaldi ofiziala, eta aurpegi ezagun ugari topatu genituen ekitaldian. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere ez zuen hutsik egin.
Azoka, Donostiak merezia, Aste Nagusiarekin bat eginez (abuztuaren 18a arte), iluntzeko 19:00etatik aurrera egongo da, egunero, zabalik. Bertaratzen direnek, euskal giroan murgildu, gastronomiaz gozatu (sagardotegi onenetan bezala) eta sagardoaren kulturan barneratzeko bilgune polita dela diote.
Eskaintza gastronomikoari dagokionez, bi gune bereizi dituzte antolatzaileek: zutik (pintxoak) edo eserita (razioak) afaltzeko mahaiak daude. Kartan, berriz, hamaika aukera: bakailao tortila, bakailaoa saltsan, txuleta… Egarria asetzeko, berriz, muztioa eta sagardoa; azken hau, txotxetik -lau sagardo upel jarri dira karpan- zein botilatik -punta-puntako 13 sagardo ezberdin dasta daitezke-. “Sagardoen euskal selekzioa” honako sagardotegi hauek osatzen dute: Andoaingo Gaztañaga; Asteasuko Sarasola; Astigarragako Alorrene, Gartziategi, Gurutzeta eta Zapiain; Donostiako Barkaiztegi; Errenteriako Egi-Luze; Hernaniko Altzueta, Olaizola eta Zelaia; Ikaztegietako Begiristain; eta Tolosako Isastegi. Esan gabe doa, sukaldean ere, profesional bikainak ari direla, buru-belarri lanean.
Egur eta pintura usainari, txorizoarena, bakailaoarena, txuletarena… eta batez ere, sagardoaren usaina gailendu zitzaizkion larunbatean. Giro polita sortu zen. Eta antolatzaileak pozik zeuden jendearen erantzunarekin. Pello Mendizabalek zuzendutako Eguzki-Lore otxoteak zuzeneko emanaldia eskaini zuen, eta atzo ere, inaugurazio ekitaldi ofiziala izanik, izan zen non aukeratu: Simon eta Aritz Goikoetxea txalapartariak, Antton Arruti eta Ion Belokiren trikitixa eta pandero saioa…
Oraindik Azokara gerturatu ez denarentzat, hona hemen datozen egunotako zuzeneko ikuskizunen egitaraua:
- Abuztuak 13, astelehena (19:00): Txalaparta eta kirikoketa emanaldia (Simon Goikoetxea, Agurtzane Irizar eta Ismene Tapia).
- Abuztuak 14, asteartea (20:00): Urko Menaia (ahotsa eta gitarra).
- Abuztuak 15, asteazkena (20:30): Igeldoko trikitilariak.
- Abuztuak 16, osteguna (21:00): Eguzki-Lore otxotea.
- Abuztuak 17, ostirala (20:00): Leire Zumeta (trikitixa eta ahotsa) eta Amaia Arza (panderoa eta ahotsa).
- Abuztuak 18, larunbata (20:00): Leire Zumeta (trikitixa eta ahotsa) eta Amaia Arza (panderoa eta ahotsa).
Hamahiru sagardogilek osatzen dute GORENAK marka. Sagardogile horiek guztiak, euren arteko ezberdintasunak alde batera utzi eta elkarrekin, talde lanean, aritu dira egunotan. Guztiek elkarrekin egin dute arraun. Gogotsu, ilusioz. Indarrak batu dituzte, eta pauso garrantzitsua da hori. Sagardoaren historian ez omen da sekula horrelakorik gertatu, eta hortaz, Donostiako I. Sagardo Azoka mugarri izan liteke, zentzu horretan. Miguel Mari Lasa Sagardo Mahaiko presidenteak, hala zioen, atzo, Azokaren inaugurazio ekitaldi ofizialean: “Gustura gaude. Azoka honekin, Donostiak, merezi duen tokia, merezi duen duintasuna eta protagonismoa, eman dio sagardoari, gure edari nazionalari.
Ikusteko dago jendearen aldetik zer-nolako harrera izango duen, baina antolatzaileen irudipena zera da: Sagardo Azokak arrakasta izango duela; bai aurten, eta baita datozen urteetan ere. Donostiak merezi duen tokia eman dio sagardoari.
Txotx denboralditik kanpo ere… etorri eta gozatu GORENAK SSagardoaz!