2023ko aurrekontuak: enegarren murrizketa Hezkuntza Publikoan
2023ko aurrekontuak: enegarren murrizketa Hezkuntza Publikoan –
Orain arte ezagutzen den inflazio handienetako batekin itxi da 2022 urtea, eta kezkaz ikusi dugu nola azken aurrekontuetan Hezkuntza Publikorako ezarritako igoera oso motz geratzen den sistemaren beharrak arintzeko. Hala, Nafarroak, 2023an, 932 milioi bideratuko ditu guztira, azken urteotako hazkunderik txikiena (45 milioi), 2022ko 66 milioiko igoerarekin edo 2021eko 61 milioikoarekin alderatuz gero. %31ko igoera hori are nabarmenagoa da kontuan hartzen badugu ikastetxetako eta langileen etxeetako presio ekonomikoa iaz baino %9 handiagoa dela.
Desinbertsio horren emaitza argia da: alde batetik, Hezkuntzak ikasturte honetan %2,5 pertsona gutxiago ditu ikasgeletan lanean, eta, bestetik, oraindik ez du ikasle bakoitzeko gastu publikoa berreskuratu 2008az geroztik, ikasle kopuruak inbertsio-mailaren gainetik hazten jarraitzen baitu.
Ikerketa horretan nabarmendu behar da itunpeko hezkuntza pribatuaren finantziazio publikoa aurtengo igoeraren erdia izan dela, aurreko ekitaldikoa baino %11 gehiago. Bere burua aurrerakoitzat duen gobernu baten intentzioen adierazle garbia, ustez Hezkuntza Sistema Publikoa eta segregatu gabea bermatzen duena; baina, jaiotza-tasa jaitsi eta matrikula bizia handitu den unean baliabideak bideratzean, diru-sarrera handiagoak ematen dizkie ikastetxe erlijiosoei, kontserbadoreei eta erabat segregatuei. Oso garestia ateratzen ari zaigu ikasleak onartzeko dekretu berria.
Gainera, Nafarroak 2020an baino 200 milioi gehiago ordainduko dizkio Estatuari, zor publikoa handitu egin delako 2008ko finantza-iruzurretik, eta zor guztiaren kargu egitera behartzen gaituen hitzarmenagatik, zor hori sortu duten arrazoiak bereizi gabe. 2023an, estatuaren zor publikoaren 450 milioi ordainduko ditugu, horri gehituta amortizazioari dagozkion 440 milioi eta itzaleko bidesarien 100 milioi, guztira 1.000 milioi euro Nafarroak onurarik aterako ez dion zorra ordaintzeko.
Mikro mailan, eta modu paradogikoan, irakaskuntzan sartzeko baldintzak etengabe ugaritu dira azken hamarkada honetan (unibertsitate-graduak, masterrak, hizkuntzak eta hasierako eta etengabeko prestakuntza), baina lan-errentatik eratorritako ordainsariak ez dira igo ez sarrera-eskakizunekin ez biziaren kostuarekin bat etorriz, ez erosketa-produktuekin, ez bizitzarako oinarrizko ondasun eta zerbitzuekin (etxebizitza, argia eta kalefakzioa).
Panorama horren aurrean, STEILASek Hezkuntzara eta beketara bideratutako baliabide publikoak handitzea eskatzen du, BPGaren %6 izan arte, Suedia, Belgika eta Danimarka bezalako ereduetara hurbiltzeko (%7,2 eta %6,4 artean inbertitzen dute). Gobernuari leporatzen diogu hezkuntza enpresa pribatuei zuzendutako finantziazioa igo izana. Gainera, iruzurtia den ikastetxea aukeratzeko askatasun faltsua hauspotzen dute, eta Hezkuntza sistema dualizatzen dute bi errealitate paralelotan, ondorioa jendarte segregatu bat delarik.