Leopardo germaniarrak eta bakerako euskal plana

Leopardo germaniarrak eta bakerako euskal plana –

Gorka Bereziartuak ARGIAn.


Batzuetan idazten dugu burua fresko daukagula. Beste batzuetan nekatuta. Gehienetan –ez beti– kontzentratuta. Baina lesionatuta, nik, orain arte, ez nuen inoiz idatzi. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak pasa den astean erregalatu zigun titular batek ene masa entzefaliko dohakabeari eragindako zaintiratua erabat osatu gabe teklatuaren aurrean jarri behar izan dudan arte: “Saihestu behar da Ukrainako gerra Errusiaren eta NATOren arteko gatazka bilakatzea”.

Leopardo germaniarrak eta bakerako euskal plana

Serio, Olaf: gauza bat da “gerran-nago-baina-ez-nago” jolasaren manualari pegatuta bizitzea –delegazio-gerra guztietako oinarrizko zinismo pack-ean dator hori–; eta beste gauza bat mikro baten aurrean jartzea jendeari esaten, aurpegi-aurpegira, tontoa dela.

Ala zu hartu zaituzte tontotzat? Informazioa ezkutatzen dizute, Olaf? Good Bye Lenin filmeko amarekin egiten zutenaren antzera, mundu guztiarentzat begi-bistakoa dena ezkutatzen dizute inguruko ministro, aholkulari, ganberazain, idazkari, giltzari eta are, maiordomoak ere duela urtebetetik –gutxienez–, eta horregatik ez dakizu Errusia eta NATOren artekoa dagoela –nonbait han– Shakiraren eta Piquéren artekoa bezala, baina jostailutxo nuklearrak tarteko?

Hala bada, agian eskaini diguzun titular hau laguntza eskatzeko seinale kodifikaturen bat izan da eta, bueno, kasu horretan saiatu beharko da jendea biltzen eta erreskateren bat antolatzen-edo. Baina, dena esaten hasita, Olaf, ez du gogo handirik ematen, Osaba Samen aurrean egin duzun azkeneko genuflexio hori eta gero. A ze saltsa, Scholz. Bale, zuk ez zenuela nahi; presioak, noski; baietz, baietz, baina jo-der. Bestela ere txukuna zegoen kontua eta Leopard-2 tankeak Ukrainara bidaltzea onartu.

Batzuek eskertu dizute, hori ere hala da. Iaztik asuntu hau Call of Duty-ko partida balitz bezala jarraitzen ari den prentsa azkar hasi da tanke horien Rheinmetall Rh-120 kanoiarekin fantasia sexualak edukitzen. Irakurri ditut gauzak, zuek, gizakiok, sinetsiko ez zenituzketenak. Benetan, ez nuen uste metalez egindako tramankulu batengatik horrelako gauzak senti zitezkeenik. Harro legoke Marinetti, joan den asteko periodiko eta digitaletan leopardo germaniarrei buruz argitaratu diren pieza batzuk faxismoa inspiratu zuen mugimendu abangoardistaren bilobatzat hartu behar dira: teknologia militarrarekiko lilura, hiltzeko tresnen estetizazioa, ideal erasokorrak, denak ari dira itzultzen natural-natural.

Eskerrak euskaldunok tradizioz bakezaleak garela eta badaukagula, testuinguru zail honetan, munduko lau zokoetara zabaltzeko mezu bat. Beatriz Artolazabalek oraindik orain esan duen moduan, egoera petral honi ihardukitzeko errebeldia-keinu ez-biolentoetan dago gakoa: arropetan zuri, gorri eta berdeak konbinatzea; kaikuak edo mendigoizaleak janztea; dantza-taldeak sortzea… Ukrainakoa konpontzeko ere baliagarriak dira formula horiek, ez egin dudarik: Basque Kaiku Peacekeeping Mission on bat antolatuko al du Eusko Jaurlaritzak berandu baino lehen, burua galtzen ari diren hango eta hemengo agintariak zentzatzeko. Eta, bide batez, gure jantzi folklorikoen industriari susperraldi on bat emateko, noski.

Leopardo germaniarrak eta bakerako euskal plana Leopardo germaniarrak eta bakerako euskal plana

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.