2013-2014ko Zientzia Azoka martxan!
Gazteek egindako proiektuen azoka da Zientzia Azoka. Ikasturtean zehar, taldeka, hautatzen duten gaiaren inguruan arituko dira lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen eta esperientzia berriak bizitzen. Bidean, ikertzaile profesionalak izango dituzte lagun, bideratzen laguntzeko, eta abenturak eta bizipenak partekatzeko.
Lanaren emaitza ikerketa-proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat izango da, eta, maiatzean, lanak erakusteko stand bana izango dute Zientzia Azokan.
Azokan parte hartzen duten talde guztien artean talde batzuk aukeratuko dira ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko eta estatuko beste zenbait azokatan parte hartzeko. Izena emateko epea irekita dago.
Proiektuaren helburua da gazteen zientzia-bokazioa piztea eta gizartearen kultura zientifikoa sustatzea. Horrez gainera, bertako eta gaur egungo zientzia hedatzeko tresna izango da, eta, hori dela eta, hezkuntzako eta zientzia- eta teknologia-sareko eragileak (zeinek proiektu estrategiko jo baitute) elkartu dira proiektua bultzatzeko. Elhuyarrek sustatzen du ekimena, UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustuko Unibertsitatea, Tecnalia, IK4 eta BTEKen laguntzarekin.