Urkullu eta Barcina definitzeko argazkia

Urkullu eta Barcina

Hego Euskal Herriko bi agintari politiko nagusiek, Iñigo Urkulluk eta Yolanda Barcinak, bilera antzua egin zuten Iruñean. Aitzitik, notizia izan zen, UPNk euskal abertzaletasunarekiko duen alergia tarteko, albiste baita biltzea bera. Hutsaltasun horretatik nabarmentzekoa da EFE albiste agentziako argazkilariak lortutako irudia, eta gaur El Correo-k eta Noticias de Gipuzkoa-k azalean argitaratu dutena.

Ugaitz Zabalak bere blogean (Argazkiak hitz egiten duenean) zera esan du argazkiari buruz: “Kasualiatea izan daitekeela ez dut inondik inora ukatuko, baina ez didazue esango argazki horrek gauza gutxi esaten duenik. Argazkiak hitz egiten du.”

Ez zaio Zabalari arrazoirik falta. Argazkiak ez dira errealitate osoa, baina zati bat irudikatzeko gai dira, eta, ikusleak, hortik, interpretatzen du errealitatea; esanahia ematen dio. Urkullu Lehendakariak pose onenean ere jaso ez lukeen irudia irabazi du. Barcinak, aldiz, baldar, galdu. Antolatua ez dagoenetik kanpo, istripuetan, agertzen omen da benetan garena, itxurakeriarik gabe. Ez da ohikoa gaurkoa bezalako argazki adierazgarria egunkarien azaletan ikustea.

Zer ikusten den, eta zer ez.

Urkulluk eta kamera-gizonak eskua luzatzen diote, laguntzeko prestutasunez, lurrera amildu den beste kamera bati. Aldiz, Yolanda Barcinak irri egiten, ezin jakin erorketagatik beragatik den ala horren kontura egon den txiste batengatik, auskalo. Dena den, erretratua argia da. Bi agintari. Bata, makurtzeko prest, bestea distantziatik begira. Definizioak ez du ñabardura handirik. Ez dakigu aurretik zer pasa zen, ezta ondoren ere. Ez dakigu Barcinak zapi bat atera eta bekokia lehortu zion kamerari, ala Urkulluk eskua ukatu zion. Argazkia dena da, eta hortik abiatzen da interpretazioa.

Zabalak interpretazioa horrela amaitu du:

“Alde batetik, herritarraren pare jartzen den agintaria ikusten dugu, makurtu egiten dena, arazoak dituenari ahal duen moduan laguntzeko, keinua serio. Urkullu jauna.

Bestalde, besteen arazoei barre egiten dien agintaria dugu, Barcina andrea. Arazoak arazo, aurrera egiten duena, atzera begiratu barik, ezer gertatuko ez balitz bezala. Horrela deskriba daiteke ere bere agintzeko modua, itsuan aurrera egitea, eta inguruan zer dagoen bost axola”.

3 pentsamendu “Urkullu eta Barcina definitzeko argazkia”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2013-11-09 11:10

    Interpretaziaok egiten ditugunik ez dut ukatuko, baina gure interpretazioa argazkiazk gain gure aurrejuzku, gurari, esperientzia eta beste hamaika faktorek baldaintzatzen du. Interpretazioa gainera okerra izan daiteke edo interesatua, eta kasu honetan erabat interesatua dela uste dut.
    Ez dakit hala gertatu zenez, baina argazkian Urkullu farrez edo zerura begira eta Barcina eskua luzatuta atera izan balitz, ez dut uste Zabalak hau idatziko zuenik:
    “Alde batetik, herritarraren pare jartzen den agintaria ikusten dugu, makurtu egiten dena, arazoak dituenari ahal duen moduan laguntzeko, keinua serio. Barcina anderea.
    Bestalde, besteen arazoei barre egiten dien agintaria dugu, Urkullu jauna. Arazoak arazo, aurrera egiten duena, atzera begiratu barik, ezer gertatuko ez balitz bezala. Horrela deskriba daiteke ere bere agintzeko modua, itsuan aurrera egitea, eta inguruan zer dagoen bost axola”.
    Argazki hau ez da adierazgarria.
    Zure testuan ere, zuk nahi duzun tokira heltzen lagunduko dizuten baieztapenak erabiltzen dituzu, baina beste kasu batzuetan ez zenkue berdin jokatuko.
    Ez diezaiogun argazkiari ez duen funtziorik eman.
    Agian (seguruenik) argazkia hautatu duten egunkariek hori iradokitzeko aukeratu dute, baina denotazioa eta konnotazioa ez da gauza bera.

  • “Urkullu Lehendakariak pose onenean ere jaso ez lukeen irudia irabazi du. Barcinak, aldiz, baldar, galdu”

    Barcina ez ote da lehendakari?

  • Oholtzan Hotz 2013-11-10 01:01

    Argazkiaz aparte, azal horrek dakarren informazio idatzian, hara! behin eta berriro prentsak naturaltasun osoz jaurtitzen digun kontzeptu amorragarria: Eszenifikazioa aipatzen du EL CORREOk beste behin, 20 minutuko bileraz hurbilketa taularatu zutela Urkulluk eta Barcinak. “Eszenifikazioa”… arerio politikoengandik bereizteko “profila markatzea”, bileraren, akordioaren, desadostasunaren edo batek daki zenbat gauzaren “argazkia” ateratzea… Horiek denak sarri askotan antzezpen hutsa izanik, prentsa politikoak zientoka analisi “burutsutan” nola dotoretzen dituen, nola justifikatzen duen irakurtzeak erretratu zinez etsigarria damaigu “politikeo” aren itxurakeriaz ez ezik, are politikaren itzalean hain “inportantzioso” dabiltzan lumen kamustasun asaldagarriaz ere.