20. jardunaldiko apunteak

futbola 

  1. Irabazi nahi, baina… Inork ez du Athleticen irabazteko gogoa zalantzan jarriko, baina horretarako bestearen atera hurbildu behar da. Zuri-gorriek ez zuten askotan egin. Memoriak huts egiten ez badit, jaurtiketa bakarra egin zuten hiru zutoinen artera. Partida trabatua izan zen larunbat arratsaldean jokatu zena eta Gararen kronikaren titularra bikaina zen atzo. Bilbokoen partida txar bat izan daiteke larunbatekoa, baina datorren urtean ere Europan egon nahi badu, lehengoa bezalako partidak ez galtzen ikasi beharko luke.
  2. Irabazi. Aho asko itxi ditu Osasunak. Joko onegia eskaini gabe jarraitzen du eta gris antzerakoa da Iruñeako giroa. Baina meritu handikoa lortu du Vila-Realen aurka. Vila-Real ez da iazkoa, egia da, baina meritu handikoa da hala ere garaipena. Ez zuen arazo handirik izan bere atea zaintzeko orduan eta gainera bi sartu zituen. Pandianirekinn hasi zen eta Dadyk ordezkatu zuen uruguayarra, baina biak Juanfranek sartu zituen. Athleticetik postu bat atzera dago Osasuna, baina bi zalegoek euren taldeaz duten iritzia arrunt ezberdina da.
  3. Mendilibar eta Valverde. Bat kolokan eta bestea kaleratuta. Mendilibarrek batzutan oso ulergarriak ez diren erabakiak hartzen ditu, baina inork baino hobeto eraman du behera begiratzera kondenatua dagoen Valladolideko taldea. Perspektiban begiratuta, bere balantzea ona da. Baina bere postua kolokan dago. Valverderena oso ezberdina da. Haseratik ez du asmatu eta taldean dituen jokalariengatik Europako postuetan egon beharko luke. Baina urrun dago. Biak kaleratu ditzakete datozen astetan, baina nor ekarriko lukete euren ordez? [Dirudienez, Valverderen ordez Juan Carlos Garrido arituko da]
  4. Guti. Erdibiderik ez duen jokalaria da. Ondo jokatzen badu oso ondo. Gaizki edo gogorik gabe aritzen bada, oso gaizki. Ondo jokatzen duenean izugarria da ordea eta larunbatean hala erakutsi zuen. Fobia pertsonalak albo batera utziz, futbolarekin adiskidetzen zaituen jokalaria da Real Madrileko ilehoria. Maitatua eta gorrotatua, burua bere lekuan izan balu, historiak hizki handiz gogoratuko luke. Baina jokalari fribolo eta gorabeheratsutzat gordeko dugu. Beste hainbat bezala, handi izan zitekeen eta bidean geratu zen jokalari bezala.
  5. Behetik gora eta goitik behera. Bigarren itzulian behetik gora eta goitik behera etortzen dira taldeak. Taldeek ematen duten inpresioak ez du ezer garbirik adierazten momentuz. Baina nork egingo du gora eta nork behera?