1521 Noain, mendeurrena garaipenarekin hasi

1521 Noain, mendeurrena garaipenarekin hasi –

Noaingo Gudua gogorarazteko oroigarria

Aurten beteko dira 500 urte, 1521eko maiatzaren erdialdean, Nafarroako Henri II. Zangozarraren tropak Iruñean sartu zirela. Iruñarrek bibaka eta goraka hartu zituzten erresuma askatzea zetozen indarrak.

Biztanleak matxinatu egin ziren hiria okupatzen zuten gaztelar soldadu eta mertzenarioen kontra. Historia itzulipurdika jartzeko aukera ikusi zuten, Nafarroa berriro euskalnafarren eskura itzultzeko aukera alegia.

Bederatzi urte lehenago, 1512an, Gaztela-Aragoiko ejertzitoek Nafarroa (Garaia eta Beherea) inbaditu zutenean, Joan Albret eta Katalin Foixkoa Nafarroako errege-erreginak honen Biarnoko bizkonderrian babestu ziren. Bertan jarraitu zuten bizirik errege-etxea, Gorteak eta erresumaren egitura juridiko, ekonomiko eta politikoak. Bertatik eta etengabe, antolatu zituzten erresuma berreskuratzeko saioak: 1512koa eta 1516an Petri Mariskala buru izan zuena dira ezagunenak.

1503ko apirilaren 18an, Zangozan, Nafarroako lurralde hori erresuma subiranoa eta independentea zen garaian alegia, jaio zen Henrike II.a Albret Foix Nafarroako erregea izango zena, “zangozarra” deitua. Bere guraso eta erresumako egitura guztiarekin erbesteratu zena Bearnora.

Zuzenean bizi eta tartean esku hartu zuen gurasoek antolatu zituzten Nafarroa berreskuratzeko lehenengo ekimenetan. Bere ama hil zenean, 1517an, koroatu zuten errege Henrike II.a; ondoren, bere esku zegoen 1521ean Nafarroa guztia berreskuratzeko enegarren ahalegina. Frantziako erregea Nafarroaren aliatua zen, baina Parisek ez zuen troparik bidali. Gerra hura ez zen “bere gerra”.

Derrigorrezkoa da garaiaren testuingurua ezagutzea, zeren eta ez dira gutxi pasarte guzti hauetan eta aurten oroitzen dugun “Noaingo batailaren” V. mendeurrenaren kontakizunean, frantsesen eta espainolen arteko gerra ikusten duten historialariak. Hori, soilik horrela gerta daiteke 1512ko Nafarroaren kontrako konkista zilegitzat ematen bada eta gaurko ikuspegitik ari badira. Alegia, konkista eskubidea ontzat eman eta euskalnafarrei euren lurraldea berreskuratzeko zilegitasuna ukatzen badiete.

Ikuspegi eskizofreniko hori baliatuta Nafarroa bere borondatez zati bat Frantzian eta bestea Espainian barneratu zela kontatzen dute. Hau da, Nafar frantsesak nafar espainiarren kontra aritzeko Beaumondarren eta Agramondarren arteko borroka besterik ez zela. Eskerrak eman behar al dizkiegu Frantziari eta Espainiari, mende eta erdi geroago Bidasoan eskutik helduta, Pirinioen muga banaketaren 1659ko Itunean “bakea” hitzartu zutelako?

Kontakizun horren aurrean beharrezkoa da gauzak beste modu batera azaltzea, hau da, aurten 500 urte gertatu zena beste ikuspegi batetik kontatzea: Gaztelako Komuneroen matxinada piztu zenean, Iruñean zeuden tropa espainiarrak hiriburutik atera egin ziren. Juan Esteban Manrique de Lara, Naiarako kondeak nahiago izan zuen Tordesillara joatea ohore bila Iruñean porrota jasotzeko arriskua jasan baino. Baskoien hiri-buruzagian bertan tropa txiki bat utzita ihes egin zuen. Bertan geratu zen jende haien artean, Naiarako kondearen basailu eta gaztelarren alde borrokatzen zuen Inazio Loiolakoa zegoen.

Egoera hura aprobetxatuz Henrike II. Nafarroako erregeak 9.000 laguneko tropa bildu eta 1521eko maiatzaren erdialdean Iruñeko ateetan zegoen. Tropa hura euskalnafarrez (Nafarroa Behereko soldaduz, zangotzarrez, erronkariarrez), biarnesez, gaskoinez eta mertzenarioz ere osatua zegoen. Guztien buru, Italiako gerran eskarmentua handia zuen Andre Foixkoa, Henriren lehengusua amaren aldetik. Erregeari itxaron gabe, Iruñeko jendea espainiarren kontra matxinatu zen. Soldadu gaztelarrak barruko gotorleku batean zokoratu ondoren, Henri, Henri… oihukatuz, atea zabaldu zioten euren erregeari. Henri II.a Nafarroako erregearen tropak suntsitu zuen Inazio Loiolakoa aterpetua zegoen gotorlekua eta bertan gertatu zen zauritua. Etsaitzat zuen Xabierko etxearen familiako batek eraman zuen gero Loiolara.

Horra hor, historia bera beste ikuspuntutik kontatua. Aukera aparta 2021eko maiatzean, bosgarren mendeurrena garaipen baten ospakizunarekin hasteko eta ondoren, galdutako abaguneak gogoratzeko. Historiografia ofizialak dioen bezala, Frantziako Frantzisko I. gerra honetan benetan sartu izan bazen, Logroñoraino iritsitako nafarrek benetako aliatua izango zuketen. Ez zen horrela izan. Gauza bera gertatuko zen gero etorriko zirenetan: 1522an, Amaiurren eta 1524an, Hondarribian.

1521 Noain, mendeurrena garaipenarekin hasi

Euskara irakaslea

6 pentsamendu “1521 Noain, mendeurrena garaipenarekin hasi”-ri buruz

  • Oliber Foix Agerre 2021-01-16 10:32

    Artikulu ona eta beharrezkoa…

    Dena den 2021 hau ez genuke mugatu behar 1521ko gertakarien inguruan.
    Bestela inkonzienteki, “porrota” onartzen dugun sentsazioa emango genuke nunbait, konkistazaileen gozamenerako…

    Beste gertakari garrantzitsu bat (garrantzitsuagoa agian!) dago ospatzeko ere, erabat positiboa eta oinarri moduan baliatu behar genukela:
    1571ko Nafarroako Euskal Estatuak munduaren aurrean eginiko bere buruaren aurkezpen modernoa “Testamentu Berria” liburuaren bitartez (duela 450 urte beraz).

    Bi gertakariak konektatuz eta perspektiban jarriz (1521 eta 1571), Nafarroak hartuko edo berreskuratuko luke inoiz galdu behar ez zuen dimentsio politikoa (Nafarroa), kulturala (Euskal), nazionala (Estatua)…

    Zer falta zaigu horretarako?
    Ikuspegi historiko honetaz jabetzen den mugimendu politiko koherentea, orain ez dagoena…

    Gaur egun Euskalduntasun etno-kulturalaren politizazioa nunbait ez aurrera ez atzera dagoelarik, Nafarroak ematen duen potentzialaz (historia, instituzioak, lurraldetasuna…) muzin egitea, luxu handia da gero!

  • Oliber,
    Bethe bethean jo duçu!
    Aurthen 450. urtheurrena da Leiçarraga, eta lagunçaileec naffarrera, hau da, naffar hizcunça nationala fincatu eta unificatu çutenetic.

    naffarrera.eus

    Eta 100 urthe Federico Krutwig euscalçaina jaio cenetic, cein içan baita euscara classicoa suciria passatu deraucuna.

    Anhitz esquer, aberquide!

  • Oliber Foix Agerre 2021-01-16 12:41

    Milesker Josu…
    Gertakaria guztiek berebiziko garrantzia daukate, bainan ez baditugu perspektiban jartzen gal dezakegu ikuspegi orokorra (interesatu behar zaiguna) zoritxarreko tokiko eztabaida antzuen alde (ahultzen gaituena).

    Bertikaltasuna lehenetsi nunbait (Nafarroako jarraikortasuna 1521, 1571, 1620, 1789 adibidez ez dakigu baliatzen) horizontaltasuna murriztuz (Xabier eta Loiola, Amaiur eta Irungo alardea, Euskadi eta Nafarroa, … Espainiazaleek elikatutako enfokeak).

    Noski hori bakarrik posible da gertakari bakoitzaren gutxieneko ezagupena baldin badugu…
    Beñiren ekarpena oso ona da zentzu hontan…

  • Bat nator gertakari historikoen inguruko kontzientziak aktibatzen saiatu behar dugula Estatuko erakunde giza aurrerapen politikoak ekarri dizkigutenak barne edo gure estatalitea berreskuratzeko bidean.
    Beste aldetik bai uste dut ikuspegi historiko eta ideologiko honetaz jabetzen den mugimendua dagoela. Oraingoz mugimendu politikoraino ez den iristen. Egia da ez dela oraindik han mugimendu politiko bat.
    Pentsamendu eta dibulgazio talde desberdinez urteak daramatenak ari naiz, pentsamendu kolonizatu batetik urrun egonik, Nabar Estatuaren jarraipena -berraktibazioaren bitartez- termino egokietan planteatzen dutenak eta autonomismoaren “onurak” gaizki uzten dituztenak nahiz eta gaur oraindik ere haien atzetik jende gehiena daramatenak.
    Nabar pentsamendu konrronte politiko horri bai mugimendua deituko nioke.
    Politikari izatera iristeko, ideologizazio estrategikotik garapen estrategikora igaro behar da. Horretarako ekintza politikarako nahi batasun bat eman behar da talde horien artean gaur egun ikusten ez dena.
    Ekintza unitatea unitate estrategiko baten barruan bestela ez gara urrutira joango.
    Konjuzio horrek dakarren zailatasuna aitortuz, ohartaraztea gure estatalitatearen enbrioi bat eklosionatzetik talde horietatik etorriko dela.

  • Egia da Xabierko Etxeko noble batek eraman zuela zaurituta zegoen Inazio Loiolara?Xabierkoak ere kolaboratzaileak ziren? Ez da normala gerra batean horrela jokatzea etsaiarekin. Iruditzen zait historia kontatzen ari garela euskal kolaborazionisten ikuspuntutik.

  • Javier Cuadra 2021-01-18 20:05

    Esteban Zuasti nafar legitimistak zaindu, sendatu eta Azpeitira eraman zuen. Zer jendetasunezko, zalduneriazko edo bere kasko berotik ateratako aldarterekin egingo zuen ez dakit, baina Noaingo gatazkan borrokatu zen gero, erbestera bidean behartu zuten gero eta Hondarribian hil zuten azkenik nafar legitimismoaren lerroan… Ez zen normala, beharbada, gure koju santua Azpeitira eramatea, baina nekez esango nioke nik “kolaborazionista”. Dakidano, Xabierreko Frantsesen lehengusua zen, aitaren arrebaren semea.