449 euskal dantza jaso dira EAEko ondare immaterialaren inbentarioan

449 euskal dantza jaso dira EAEko ondare immaterialaren inbentarioan –

Dantzan ataritik jasoa.

Oilasko biltzea, Amasa, 2018-11-08. Argazkia: Nahia Ruiz – Dantzan.

EAEko 111 herritako ia 500 fitxaz osatuko dantza tradizionalen katalogoa osatzeko lanak amaitzear dira. Jaurlaritzaren ondare immaterialaren inbentariatze lanetan kokatutako proiektuaren ardura Zatak elkarteak izan du eta Dantzan-ek ere parte hartu du 23 ikertzailek osatutako lantalde zabalean.

449 euskal dantza jaso dira EAEko ondare immaterialaren inbentarioan
Axeri-dantza, Aduna, 2017-08-15. Argazkia: Amaiur Aristi – Dantzan.

2015 eta 2020 bitartean egin da ikerketa eta EAEko 111 herritako dantzak jaso dira; Arabako 18, Bizkaiko 45 eta Gipuzkoako 48. Guztira 449 fitxa egin dira, baina azken kontaketaren arabera 474 egitea aurreikusten zen. Alegia, 25 elementu jasotzeko gelditu dira. Beraz, lana ez da bukatu. Gainera, ondare immateriala ondare bizia denez hemendik urte batzuetara jasotako elementuak errepasatu beharko dira.

Ikertzaile taldea Emilio Xabier Dueñas Zatak elkarteko lehendakariaren gidaritzapean aritu da. Landa lana, dokumentazio bilketa, deskribapenak, erredakzioa eta itzulpenak egin dituzte. Hau da, dantza bakoitza bere jatorrizko tokian eta festan behatu dute ikertzaileek, eta elkarrizketen eta idatziko dokumentazioan jasotako informazioa kontrastatu dute ohiturarekin berarekin.

.

EAEko dantzak zenbakitan

Datu basean jasotako fitxetatik hainbat ondorio atera ditu Emilio Xabier Dueñas proiektuaren gidariak eta arduradunak. Adibidez, elementu koreografikoei buruzko informazioaren zati bat zenbakitan adierazi digu:

  • 38 dantza egiten dira erremintekin (ezpatak, makilak, brokelak, zumeak, arkuak eta alabardak): Araba: 3. Bizkaia: 14. Gipuzkoa: 21.
  • 63 herritan dantzatzen da aurreskua, erregelak, dantza-soka edo soka-dantza: Araba: 6. Bizkaia: 20. Gipuzkoa: 37. Horiei Ingurutxoa gehitu behar zaie. Gipuzkoa: 2
  • 43 herritan dantzatzen da ohorezko aurreskua, agurra edo aurreskuaren banakako zatiak: Araba: 6. Bizkaia: 24. Gipuzkoa: 13.
  • 15 herritan banderak dantzatzen dituzte: Araba: 4. Bizkaia: 9. Gipuzkoa: 2.
  • 3 herritan giza gazteluak egiten dituzte; hirurak Arabakoak dira.
  • 55 herritan erraldoien dantzak egiten dituzte: Araba: 5. Bizkaia: 18. Gipuzkoa: 32.
  • 2 herritan buruhandiak dantzatzen dira; biak Gipuzkoan dira.

449 euskal dantza jaso dira EAEko ondare immaterialaren inbentarioan
Giza dorrea, Berantevilla, 2016-09-04. Argazkia: Eire Vila Dantzan.

Jasotako dantza eta errituetan parte hartzen duten pertsonak izendatzeko hainbat modu erabiltzen direla adierazi du Dueñasek. Dantzan egiten duten pertsonak dantzari moduan izendatzen dira herri euskaldunetan, baina eremu ez euskaldunetan danzante, danzarin edo danzador ere erabiltzen da. Dantzetan badira kargu aipagarriak: kapitaina, buruzagia, aurreskua edo aurreskularia, atzeskua edo atzeskularia, bandereroa edo abanderadoa, zerbitzaria, txantxoa… Eta pertsonaia edo mozorroak ere bai: artzaina, Katximorro, Katxi, buruhandia…

Korpus, uztai-dantza, Oñati, 2018-06-02. Argazkia: Maite Irizar – Dantzan.

Musikariei dagokionez honakoak dira katalogoan jaso diren dantza eta errituetan parte hartu ohi dutenak: txistularia, txistulari banda klasikoa edo txistulari taldea, gaitero taldea (hiru edo gehiago), txaranga edo fanfarrea, trikitilari taldea (akordeoi diatoniko eta panderoa) eta musika banda.

449 euskal dantza jaso dira EAEko ondare immaterialaren inbentarioan
Azken ensaioa, Abadiño, 2016-05-12. Argazkia: Eire Vila – Dantzan.

.

Ikerketan jasotakoa sarean

Zatak elkarteak azken bost urteetan eginiko euskal dantzen bilketa lanaren zati bat publikoarentzat ikusgai ipintzen hasi da Jaurlaritzako Ondare Saila. Izan ere, EAEko Ondarearen webgunea berritu du Jaurlaritzak, eta horrekin batera, ondare immaterialari dagokion atala gehitu du; hain zuzen ere, Euskal Herriko dantza tradizionalen katalogoa.

Dantzari-dantza, Iurreta, 2018-09-29. Argazkia: Eire Vila – Dantzan CC-BY-SA

Egindako datu basearen zati txiki bat hasi dira sareratzen, baina ez katalogo osoa. Oraingoz dantzen deskribapen orokorrak publikatu dira; elementuaren atal historikoari dagokion zatia. Argazkiak ere ikusgai daude.

449 euskal dantza jaso dira EAEko ondare immaterialaren inbentarioan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.