15 proiektu hurbiletik ezagutzeko aukera eskainiko du Bidasoko proiektu azokak
15 proiektu hurbiletik ezagutzeko aukera –
Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 15 proiektuk beteko dute larunbat honetan, Beran izango den proiektu azokako gunea. Eremu ezberdinetako proiektuak izango dira bertan ezagutu ahal izango direnak, baina guztiek gauza bera dute komunean: euskara dute lehentasun eta emaitza edota eragin positiboa izaten ari dira beraien eragin eremuan. Azoka zabalik egongo da 11:30etik 15:00etara bitartean.
Azokan bilduko diren egitasmoak errealitate eta hutsune edota behar zehatzei erantzuteko sortuak izan dira, baina aldi berean, esportagarriak eta moldagarriak izateko bokazioa dute. “Bakoitzak bere herrira egingarriak diren ideia sorta eramateko balioko du azokak: inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri izango delakoan gaude”, diote azokaren arduradunek.
Proiektuak ezagutzearekin batera, azokak bestelako helburu nagusi bat ere badu: “Proiektuen berri izateaz gain, euskararen sustapenean lan egiten duten Euskal Herriko eragileek elkar ezagutu, elkarrengana hurbildu eta elkar indartzeko gune bat izatea nahi dugu”, azpimarratu dute.
Berako azokan, besteak beste, honako eremuak lantzen dituzten proiektuak izango dira aukeran: nazioarteko hizkuntza gutxituen gazte aktibisten saretzea eta Bortzirietako eskualdetze esperientzia; herrigintza euskaratik ahalbideratzen duten proiektuak; eremu digitalera begirako egitasmo ezberdinak eta aisialdiarekin zein hezkuntzarekin lotutako tresna eta baliabide berritzaileak eskaintzen dituztenak.
Azoka irekia da, eta aurkezpen dinamikoekin eta musikarekin girotua egongo da. Jan-edanerako aukera eta haurrentzako txokoa ere izango dira bertaratzen direnen esku. “Giro atseginean, elkar ezagutu eta elkarrengandik ikasteko aukera paregabea”, gaineratu dute. Ekimen hau Pirinioetako Lan Elkarteak diruz lagundutakoa da.
BIDASOKO AZOKAKO PROIKETU PARTE-HARTZAILEAK |
||
PROIEKTUA |
ELKARTEA |
HERRIA/LURRALDEA |
Mintzalasai euskaraz! | Mintzalasai elkartea | Baiona – Angelu – Miarritze hiri eremua (Lapurdi) |
Euskara(z) plazara! | Plazara Kooperatiba | Ipar Euskal Herriko kideak |
Kirola Euskara Ahoan | Kirola Euskara Ahoan | Ortzaize (Nafarroa Beherea) |
Gookapi | Gookapi elkartea | Durango (Bizkaia) |
Pulunpa (e)ta Xin | Pulunpa (e)ta Xin | Usurbil (Gipuzkoa) |
Euskararen Kriseilua | Euskaltzaleen Topagunea | Euskal Herria |
HIGA Topaketak | HIGA elkartea | Euskal Herria |
Ulerlaguna pilotajea | Euskaltzaleen Topagunea
|
Donostia eta Aretxabaleta (Gipuzkoa)
Erandio (Bizkaia) |
Euskara Maitea | Euskara Maitea | Ondarroa (Bizkaia) |
Borborraldia | Bor-Bor elkartea | Bortziriak (Nafarroa) |
Odola ematen bizia eman | Lau Haizetara | Orereta (Gipuzkoa) |
Gure natura ezagutuz | Baso Bizia elkartea
Morkaiko Mendizaleen elkartea Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Saila |
Elgoibar (Gipuzkoa) |
Paperjale | Abaraska Taldea | Euskal Herria |
Pantailak Euskaraz | Pantailak Euskaraz | Euskal Herria |
Izaskun Arrue Kulturgunea | Lazarraga elkartea | Gasteiz (Araba) |