“Baserritarra duintasunez bizitzeko modu bakarra salmenta zuzena da”
Zelan sortu zen Akuilu?
Talde hau orain sei urte inguru antolatutako gazte topaketa batzuetan sortu zen. Nekazaritza eta arrantzaren inguruko hitzaldi batean erabaki zuten, berbaldia egin barik, eztabaidatzeko unea zela, eta kezka horiek genituenok elkartzeko beharra genuela gure arazoez hausnartzeko eta irtenbideak bideratzeko.
Nortzuk osatzen duzue Akuilu taldea?
Baserritarrek; hau da, nekazal sektorean dagoeneko dihardutenek, eta baita horretan sartzeko asmoa edo gogoa daukatenek ere.
Zenbat lagun zaudete taldean?
Euskal Herri osoko 40 gazte inguruk dihardugu.
Zer helburu dauka martxak?
Elkar ezagutzeko aukera izango dugu. Aurpegiak ikusi eta bakarrik ez gaudela konturatzeko aukera izango da. Nekazal sektorearen arazoetako bat isolamendua da. Aldarrikapen bateratu bat egiteko asmoa daukagu.
Zer aldarrikapen?
Martxaren leloa Baserria da etorkizuna da. Edozein pertsona taldek bere elikaduraren burujabe izatea behar du, herri moduan zein auzo moduan garatzeko. Geure herrian etorkizuna daukan eredua baserriari lotuta dago, eta ez agroindustriari. Hau da, tokian tokiko produktuak ekoiztu eta kontsumituko dituen eredu bat, eta sasoian sasoikoak; modu produktibista batean izan beharrean, modu logiko batean.
Baserritar izateko gogoz zaudete.
Baserrian erreleboa hartu gura duten gazteak daude, baina baita instalatzeko gogoa dutenak ere. Eman dezake gazteok ez daukagula asmo hori, baina kontrakoa da. Instalatzeko arazo handiak daude.
Zer ekoizpen bultzatzen duzue?
Salmenta zuzena da bide justu bakarra baserritarra duintasunez bizi dadin. Akuilun askotariko ekoizleek dihardute, baina horretan ados gaude.
Etorkizuna zelan ikusten duzue?
Martxaren leloan ere badiogun legez, benetan pentsatzen dugu etorkizuna badagoela. Ez da etorkizunik egongo administrazioak bultzatzen duen eredu produktibista eta intentsiboagaz. Sektore hau ahal den produktu gehien ahal den kostu baxuenera bideratuta dago. Modu horretan jarraitzea ez da posible. Salmenta zuzenik barik ez da posible baserriak bizirautea.
Kontsumo taldeak sortzen dabiltza.
Baikorrak gara. Talde batzuk sortzen dabiltza, eta kontsumitzaileek ere jaten dutenaren inguruko kontzientzia hartzen dabiltza. Geroago eta talde gehiago sortzen dabiltza hiri eta herrietako pertsonek inguruko baserritarrei erosteko asmoagaz.
Zer ibilbide egingo duzue asteburuan?
Azpeitian hasita gaur abiatuko gara. Azkoitin herri-bazkaria eta kontsumo taldeei buruzko mahai-ingurua egingo ditugu. Elgoibarren lehenengo etapa amaituko dugu ekoizteko ereduen inguruko mahai-inguruagaz. Bihar, Eibarren, nazio mailako manifestazioa egingo dugu. Ermutik Mallabirako bidea hartuko dugu. Jarraian, Mallabian talo-jana antolatuko dugu, eta baserrian oinarritutako filma. Domekan Zaldibar, Berriz, Abadiño eta Durangora joango gara. Traktore bategaz errepidetik joango gara. Bideko erritmoa bajatu gura dugu, hausnarketa eragiteko: gizartea azkarregi doala deritzogu. Durangon Euskal Herriko hainbat baserritar gaztek antolatutako azoka izango da, eta ondoren bazkaria egingo dugu.
Durangaldeari buruz gehiago jakiteko: www.anboto.org