‘Alaina’
Ez dakizu zer den ‘alaina’? Nik ere ez. Askotan irakurri diot Itxaro Bordari Berria-n idazten duen Bira izeneko zutabean, baina ez dut esanahia inon aurkitu. Berdin gertatzen zait, adibidez, ‘zitzikatu’, ‘haiatu’, ‘plegatu’… eta beste hainbat hitzekin.
Eta pena da –edo ‘domaia’–, Itxaro gustura irakurtzen dudalako, zinez. Batetik, hautatzen dituen gai eta ikuspegien aldetik euskarazko zutabegintzari halako freskura bat dakarkiola iruditzen zait, kolorebakarreegia dugun zutabegintzaren alor murritz samarrean. Eta bestetik, estilo hutsari dagokionez, kazetaritzan erabiltzen den euskara estandar uniformeegiari ere mesede galanta egiten diola uste dut (ahaztu gabe Ipar-Hego zubigintza famatu gero eta zokoratuagoa). Nire iruzkin honek berdin balio lezake, alde horretatik, Antton Luku, Mattin Hirigoien edo Iparraldeko beste idazleentzat ere.
Horregatik, ideia hemen plazaratzea bururatu zait: zergatik ez osatu “Iparraldeko Hiztegi Ttipi” bat, glosario labur bat ohiko hiztegietan aurkitzen ez diren Iparraldeko hitz horiekin, eta albistari honetan edo Interneteko beste edozein plazatan zabaldu? Ez du zertan paperezko edizioa izan, ezta gauza dotore eta ponpoxoa ere. Nik behinik-behin eskertuko nuke. Nor animatzen da?
(Martin Rezola)
Hementxe bertan, sarrera honen iruzkinetan, joan gaitezke jartzen ezagutzen ditugun “Iparraldeko hitz harrigarriak”, eta gero txukundu eta alfatetikoki eman ditzake baten batek. Hasteko, hara hemen boteprontoko batzuk:
– AFRUSA: Oso zatarra, itxusia…
– PREFOSTA: Jakina, noski, horixe baietz…
– FUTITU (Futitzen naiz): Bost axola niri.
– ERRIDAUA: errezela, kortina.
– ERREJIMENTA: Marmelada.
– DUTIA: Tea
Eta ezagutzen ez ditugunak ere, ezta Hasier?
– AKOMEATU: Moldatu
– TRENKATU (arazoa): konpondu edo ebatzi
– BOTIGA: nahaste-borrastea
– BULTA (duela bulta bat): denbora bitarte bat
– SUSTUT: ????
– PISTOLET: ???
Hau ezaguna zait, baina ez dago hiztegietan
XARMANTA: Polita, maitagarria
Agur.
Dituzuen zalantzei erantzuten saiatu nahi nuke eta zenbait gogoeta ere plazaratu:
– AFRUSA: erdaratik, affreux
– FUTITU (Futitzen naiz): erdaratik, se foutre, je m’en fous
– ERRIDAUA: erdara, rideau
– DUTIA: Tea, erdaratik je veux “du thé” espresiotik moldatua
– AKOMEATU: erdaratik, s’accommoder, s’entendre
– TRENKATU: gaskoinetik, treincar (ortografiaz ez naiz segur). Arazoaren inguruan erabaki bat hartzea, eztabaidari ekin eta trenkatu.
– BOTIGA: nahaste-borrastea bainan ere puskila bat, puska tzar bat.
– SUSTUT: bereziki, preseski. eradaratik, surtout
– PISTOLET: insultoa, brilili bat, futitu bat
– ALAINA hitzaren kasuan, nire iduriko (esaldia irakurri behar nuke bere kontestuan), ALABAINA hitzaren laburdura dela erranen nuke, horrela ahoskatzen baita iparraldeko toki gehienetan.
Hauek ia-ia guziak aurki ditzakezue batzuen kasuan Lhande-ren hiztegian, beste batzuen kasuan Charritonen hiztegian, beste batzuk ere Maurice Harriet eta antzekoen hiztegietan.
Iparraldeko hitzen bilduma egitea?
Ideia ona iduritzen zait. Bainan nundik hasi? eta sustut (bereziki) zein irizpideren arabera.
Aipatzen dituzuen hitz gehienak erdarakadak edo hitz eratorriak izanik, ez dakit zer pentsatu.
Noski, ez dugu puritanismo hutsera jo behar eta malgutasunez jokatu.
Bainan, lexikologian hasiz gero,Itxaro Bordaren kasuan beste guziekin baino gehiago, topo eginen dugu jendearen hizkuntz erabilerarekin eta neologismoak egiteko gaitasunarekin batetik eta bestetik ahozko hizkuntzatik idatzira pasatzen diren hitz “arrunt” batzuekin, baita ere, erran bezala, hitz eratorketarekin.
Beste galdera bat da, nire buruari ere zuzentzen diotana, hitz bilketa potentzial eta aleatorio horrek zer aldatuko duen errealitateari, bakar batzuk irakurriko dituzten testu literarioen ulermena erresteaz aparte?
Nire ustez iparraldeko euskara eta literaturak salbatuak izateko, hori baino zerbait ausartagoa beharko dute. Diot iniziatiba isolatu bat baino zerbait gehiago.
Ondoko bat arte.
Jakina askoz gehiago behar lukeela literaturak salbatzeko, eta ez Iparraldekoak soilik. Baina nik uste, Martin Rezolak botatakoa interesgarria dela. Itxaro berari jakinarazi diogunean, jolasarekin jarraitu du: “alaina… eta oraino ez du martinek entzuten ene aiherra eta gerezietako ttanttak xaharrek nola erraiten duten alaiiina hori… loriatuko liteke…”
Ez dut uste Zuzeu hizkuntzalaritzarako leku aproposa denik, baina egin liteke irakurle eta hiztunon mesederako zerbait. Iparraldean erabiltzen dituzten hitz eta esamoldeen bilduma bat alfabetikoki ordenatua, mesederako litzaiguke. Nik uste, nolabait hasiak garela, ez da? Agian horrela egingo genioke aurre Sarasolak aipatzen zuen gaztelania-frantsesak Ipar eta Hegoaren artean sortutako amildegiari. Ene ustez egin behar litzatekeena zera da: Hegoaldekontzat, Iparraldean erabiltzen diren hitz “bizi eta harrigarrien” zerrenda alfabetikoa, esanahi eta erabilera zehatzaren adibidearekin. (Baita hiztegietan ageri badira ere).
Baiki, nire asmoa oso-oso apala da, Hasierrek dioen moduko jolasa (eta mesede txikia) baino ez.
Nik ez dauzkat eskura Irakurle bat-ek aipatzen dituen hiztegi horiek. Nik bezala beste batzuek ere berdin, pentsatzen dut, eta hor hutsune bat dagoela iruditzen zait. Erraz konpontzeko modukoa.
Bestalde, ez dezagun deabrutu denok barruan daramagun filologotxo hori. Gustatzen zait ezagutzen ez dudan hitz batekin topo egiten dudanean haren arrastoari jarraitzea. Eta, zer esanik ez, hitz bera egunkarian, Antton Lukuren ipuin batean edo “Etxepare Aldudeko medikua” liburuan errepikatzen bada. Horrela ikasi nuen euskara 19 urterekin, poltsikoak paper-txatalez beteaz, han eta hemen irakurri eta entzundako hitzekin. “Eta biziki loriatzen naiz” egindako bideaz. Badakit ez dela oso bide “naturala”; gustura joango nintzateke astebururo Baigorri, Urepel edo Iparraldeko beste edozein txokotara, baina ezinezkoa zait.
Nire kasuan, interesa handiagoa da irakurle naizen aldetik hiztunaren aldetik baino, aitor dut(periferiako babazorroa izatearen kalteak…), baina bi ikuspuntuak iruditzen zaizkit baliagarriak.
Beno, eta zertan ari ginen…?
– ARAIZ: arauz, antza denez
– FRIKUN: barrabasa
– EMOKATU: lohitu, lokaztu
– TORRATU: igurtzi
– KARROIN: izotz
– PUTIKO: mutiko
– KOTSI: ???
– ENBEIA: ???
– ITOTS(-EMAILE): ????
– ARAIZ: arauz, antza denez. Toki batzuetan agian, espero dut.
– KOTSI: andana, anitz, sagar andana bildu genuen, tropa ere bai, ardi tropa, andana
– ENBEIA: gogoa, nahia
Uste dut bi maila ari direla hemen nahasten etengabe: bata filologikoa (bilketa zientifikoa egin beharra, etab.) eta “komunikatiboa”, hots, egunerokotasunean Hegoaldeko euskaldun batzuk nabaritzen ditugun hutsune “lexikalak”. Lehenengoa konpontzeko lekua ez dut uste hau denik, baina bigarrenari dagokionez, agian emaitza polita atera daiteke, mundua konpontzen gehiegi saitu gabe…
Dena den, hegoaldekoen arazo bat da horrelako hitz bat entzunda inoiz ez dakigula benetan hitz arrunta eta erabilia den Iparraldean, edo intentzio berezi batekin erabiltzen den “kultismo”/”barbarismo” bat. Hau da, “jin” nahikoa estratosferikoa da hegoaldeko gehinentzat, baina Iparraldean erabat arrunta da; beraz, zabal dezagun; aldiz, “tarrotu”?, “frikun”?… ez daukat antzik ere ez.
Bide batez, “araiz” Hegoaldeko “beharbada” edo “agian”-en sinonimo gisa entzun izan dut nik.
Eskertzen dizkizuet oharrok.
“…mundua konpontzen gehiegi saiatu gabe”, hori da, bai. Itxaroren “birak” errazkiago ulertzearekin, ni konforme. Eta baliagarria bada beste norbaitentzat, hobeto!
– SORI: zilegi, libre… (beti entzuten dut jendea galdetzen “noiz aterako duk disko berri bat?” Nik beti: eginen diat, eginen diat… Orain sori nintzen eta deliberatu dut disko baten agertzea”. (Bedaxagar)
– OKITU: ase, bete (Aberatsak okitu dira eta pobreak saldoan biderkatu).[Egia galanta, Itxaro]
Bo, ikusita proposamenak ez duela halako kartsutasunik piztu, bertan behera utziko dut. Dena den, gerora begira egin litekeen beste saiorik balego-edo, esan nahi nuke non bilatu egon badagoela, nahiz eta aski sakabanatuta egon. Hemen bertan aipatu diren hiztegiez gainera, Euskal Editoreen Elkarteak duela aspaldi argitara emandako “Klasikoak” bildumako liburukiek, adibidez, bazuten hiztegi osagarri bat atzealdean edo oin-oharretan, oso interesgarria.
Bestalde, poztu naiz gaurkoan, Luzien Etxezaharretak “maratila” bat ireki duela euskal prentsan ikusita.
Aio eta sarri arte!
Ez etsi, Martin. Zergatik ez dituzu txukuntzen orain arte agertu diren hitzak eta sarrera berri batean argitaratzen? Agian berriro piztuko duzu sua.
[…] horretaz Zuzeun. Oso interesgarria izan zen, esaterako, Martin Rezolaren artikulu batean agertu zen Alaina hitz hark piztu zuena. Baina nola da kontua, zergatik jartzen dira hitz batzuk […]
Nire iritziz, liburu bat argitaratu aurretik irakurle arrunt bati edo batzuei eman beharko liekete, ea hiztegiarekin nahiz sintaxiarekin arazo handirik ote duten. Hala balitz, argitaratzaileak hiztegi arruntetan ( eta hauen artean OEH bera ere sartzen dut) AZALTZEN EZ DIREN hitzen esanahia (sinonimoa) jarri beharko luke.
Hori egitea ofentsa izan liteke idazlearentzat? Nire ustez, inola ere ez. Oso astakiloa eta ezjakina izango da pentsatzen duena euskaldun guztiok euskalki eta azpieuskalki guztiak menperatzen ditugula. Nik txikitatik “kosi” erabiltzen baldin badut “hartu” adierazteko, edo “droga” esaten badut “istilu” adierazteko, oso ulergarria irudituko zait hain berba tokian-tokikoak ez jakitea euskaldun guztiek.
Funtsean betiko arazo barregarri-negargarria dago: euskaldunok nork bere euskaraz dituen konplexu ergelak.
Jabibi