Modako hitzak

NDMyNA==

Gaurkoan hiru hitzen aipamena nahi nuke egin. Lehenengoa krisiaren egunotan famatu delako, bigarrena aspaldi dabilelako modan inork ez dakien arren garbiki zer esan nahi duen, eta hirugarrena hemendixe jarri nahi dugulako modan.

  • KAUDIMENA

Azken egunotan ez da besterik entzuten, kaudimena gora eta kaudimena behera. Ikasi dugu, azkenerako, gaztelaniazko solvencia eta frantsesezko caution esan nahi duela, oso oker ez bagaude. Wikipedian ere ematen dute definizioa. Espainiako estatuak, %8ko kaudimena eskatzen omen die aurrezki kutxei, eta, jakina, aski kaudimenik ez daukana… tralalai.

Eta guk hitz berria ikasi. Beharrik!

 

  • ERAGILE

Hau ez da gaur bertakoa, baina azken urteetan sukaldeko mahairaino sartutako hitza dugu, hainbeste eragile baitabil gaur egun bazterretan. Zeuk ere ezagutuko duzu dozenaka eragile, ez al da hala? Areago, zeu ere ez ote zara zerbaiten edo norbaiten eragile izango? Hitz batzuek hainbeste gauzatarako balio izaten dute ezeze gero, halako batean, etorri bezala desagertu egiten diren mapatik.

 

  • AFRUSA

Hitz ezezaguna da ia Hegoalde osoan, eta lehenago ere aipatu sarreran agertu zitzaigun afrusa hitza. Frantsesetik dator, nahiz eta baden kontu honekin umorea egiten duenik ere. Hiztegietan ez dugu aurkitu, baina Iparraldean usu entzuten da gauza edo egoera bat negargarria dela esateko edota pertsona bat arras itsusi eta zatarra dela adierazteko. 

Ba horixe, hitz hori nahi genukeela modan jarri, afrusa. Segur greba egunak inspiratuko zaituela testuinguru egokian erabiltzeko.

Ariketa erraza: Datozen 24 ordutan, behin gutxienez, erabil ezazu afrusa hitza, norbaitekin ari zarela. Ea guztion artean hitz santu hori modan jartzea lortzen dugun.

 

(Dena dela, hemen azpiko iruzkinetan, zeuk ere bota ditzakezu modako hitz nahi zenituzkeenak)

Irudia | Modako hitzak? | ZuZeu | Creative Commons By SA

Airetik bizi naiz. Ia.

3 pentsamendu “Modako hitzak”-ri buruz

  • ONA!!! Jode, ze algarak, nola izan zaitezke horren kabroia!
    Guk beste buruhauste bat geneukan etxean. Nola izendatu euskaraz Eneko Haritzak usaindu ere ez zituen gauzak. Aitona Sabino eta bere inspirazio emankorra hil zitzaizkigunetik, umezurtz geratu diren objektu guzti horiek…!Esaterako, txandala. Nola “Chándal” berdin “Txandala”? Ze irudimen da hori? Ahoskera zein doinu jatorra izan zitzaken hitzaren bila izugarri nekatu ondoren, topatu genuen: XALAKA. (Xuxen-ek azpimarratzen dit, baina iritsiko da eguna non bere ortodoxiaren talaiatik jaitsi eta no! izen berriari beste aldarte batez gerturatuko zaion). Xalaka prakentzat noski. Egun”elastiko” izen AFRUSAZ ezagutzen dugunarentzat, “kaperadun goi xalaka” , euskal estilo garbian.
    PD: Ohar historiko gisa, bestela jakin baitakigu harrez geroztik moda-modan dagoela.
    PD 2: AEKren txartel batean gure betaurreko lodiekin ikusitakoa ez bezala: Mountain bike berdin (erne) MENDIKLETA.
    PD3:Izango da, diozun bezala, moda-moda-baina-modan jartzeko, iparraldean entzun behar direlako hitzak lehenago. Gogora ditzagun, garai ez hain urrunetan hamar segundotako estrabismoa sortu ziguten KAIERA, edo JUJEA.
    PD4.Modaren foku gerrillariak, beraz, Hendaian, bertatik munduraT!

  • Handitan ikasi ditudan zenbait modako hitz:
    – Ekidin (okerra)
    – Suposatu (ia beti gaizki erabilitzen dena, “moderno” izateko)
    – Oinordeko
    – Iraungitze data
    – Oldar
    – Lubaki
    – …
    Handitan ahztu nahi ez ditudan zenbait hitz (ezmodako):
    – Larrutu
    – Ixipu
    – Gorri (“ume gorri bat baizik ez zen” zentzuan)
    – Azkonar
    – Laprast
    – …

  • […] This post was mentioned on Twitter by zuzeu and Oier Aranzabal, Oier Aranzabal. Oier Aranzabal said: Egun afrusa zurea? Irakurri artikulu hau! https://zuzeu.eus/2011/01/26/modako-hitzak/ […]