“¿No oyes o qué? ¡Levanta el brazo!”

MutrikuHaur zeneko pasarteaz atzo gertatu balitz bezala oroitzen da orain andere zaharra dena. Gerra ondoko istorio hau kontatzeak odola boro-bor eta ahotsa dardarti jartzen dio. Mutriku herrian gertatu zen, baina beste edonon ere izan zitekeen:

Gerraosteko urteetako ohiko eguna zen. Eskola-ordua hastear zeuden herriko neskatilak. Maistra aritzen ziren mojek, goizero bezala, Txurruka plazako arkupeetan ilaran jarri zituzten neskak. Espainiako bandera udaletxeko balkoian altxatzearekin batera Cara al Sol abestu behar zuten haurrek, mojei men eginez. Egun hartan moja nafarra omen zen, “karlistia”. Ondo gogoan du emakume hura.

Atsoak istorioa eteten du: azala gorritu zaio eta ahoan eusten dio arnasari. Aurpegian samina eta gorrotoa dario, nor baino nor. Halako batean, hitz batez moja hura madarikatu nahi balu bezala apurtzen du isilunea: “gaixtua”.

Besoa altxata kantuan ari ziren neskak: “Cara al Sol con la camisa nueva que tú bordaste…”. Ozen eta gogoz abesten, maistrak esan bezala. Orduantxe apurtzear zegoen haurraren inozentzia. Nor eta bere ama pasa zen moja karlistaren bistatik, Txurruka itsasgizonaren estatuaren eta arkupeen tartetik.

¡Levanta el brazo! -agindu zion oihuka mojak amari Cara al Sol abesteari utzita-

Egoeratik ihes egin nahian ibilia arindu eta burua makurtu zuen amak.

¿No oyes o qué? ¡Levanta el brazo!

Neskatilak ikusi zuen, baita ederki ikusi ere amak nola altxatu behar izan zuen besoa. Neskatila frankistei abesten, eta ama, buru makur, besoa goian herriko plaza gurutzatzen.

Anekdota makurren bidez osatzen da memoria, hauxe gerraosteko Euskal Herriko zipristin bat.

 

 

 

cara al sol, frankismoa, gerra, istorioa, mutriku
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

4 pentsamendu ““¿No oyes o qué? ¡Levanta el brazo!””-ri buruz

  • Amonamantangorri 2011-12-26 22:55

    Euskal Hiztegi Batua. Atso: (hitz markatua da, gutxiespen balioa du eskuarki, eta ezin erabil daiteke adineko-ren sinonimo oso balitz bezala).

    Zorionak testuagatik. Beharrezkoa da horrelako gauzak gertatu zirela gogoraraztea.

  • Amonamantangorriri

    Arrazoi duzu atso hitzarekin. Baina badirudi lehen ez zela hitz markatua. GURASOAK hitza horrela omen dago osatua AGURE-ATSOAK. Hau horrela bada, badirudi garai batean hitz ez markatua zela.

  • Amonamantangorri 2011-12-29 22:59

    Zuk diozuna uste omen zuen Azkuek ere. Hala ere, kontuan hartu behar da arbaso eta asaba lehengusuak ere hor daudela… Dena dela, etimologia kontuak alde batera utzita (horrek ez du gauza askorik pintatzen), euskara estandarrean “atso” gutxiesgarria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude