ZuZeuren guraizeez eta zentsuraz
ZuZeuren guraizeez eta zentsuraz –
“Edward Scissorhands” (Edorta Guraizesku edota Edorta Bostekoartazi, nahi duzuen bezala) Tim Burtonek 1990. urtean zuzendutako film zoragarria da. Edward robot batetik gauzatutako izaki biziduna da, baina sortzailea sorkuntza amaitu aurretik zendu zenez, guraizeak dauzka eskuak beharrean. Badirudi batzuentzat ZuZeu Hasierrek amaitu gabe utzi zuen obra dela, eta orain hemen gabiltzan Eduardoak artaziak dauzkagula eskuen ordez.
Lantzean behin norbaitek zentsuratzaileak garela diosku. Tarteka marteka, zuzeulariren batek gustuko ez duguna ezabatzen dugula deritzo. Kexa ziklikoa da, urtean bizpahiru aldiz entzun beharrekoa, eta orokorrean ofizioaren baitako neke txiki baten gisan hartzen dudan arren, zilegi bekit oraingoan azalpen labur batzuk ematea, zuzenean seinalatu nautenez.
Aste honetan, “Bilboko haur zuriek ez dute ume beltzekin jolastu nahi” sarreran iruzkin bat ezabatu genuen; ondorioz, eta arrazoi teknikoak medio, iruzkin horri emandako erantzunak ere desagertu egiten dira. Iruzkinean zenbait jatorrietako jendea definitzeko “arraza puta” eta “sasikumeak” isekak erabili ziren. Egun hauetan ere artikulu baten idazleari “euskara pobrean idazten duen sasikume ustez gaztea” deitu zion iruzkingile batek. Horrelako kasuetan eskua sartzeagatik zentsuratzaile lanak egiten ari garela esan digute, eta zentsuratzen dugula edo zentsuratuko dugula esanez axanpak egiten dabiltzanak jakin dezatela, haiek konturatu ez arren, etxekalte dabiltzala.
Zelai honetan joko arau batzuk daude: euskaraz idaztea, eta errespetuz. Iseka eta mehatxua dira marra gorriak. Iruzkin batek normak betetzen ez dituela iruditzen bazaigu, edo uste badugu Txernobilgo perretxikuren bat apropos dabilela eztabaida desbideratu eta desitxuratzen, Oier Aranzabal buru duen erredakzioko kideon artean hitz egiten dugu, eta erabaki bat hartu.
Hots: ZuZeuko erredakzioko inor ez dabil artikuluetan barna bere gustukoak ez diren iritziak zentsuratzen, konpartitzen ez dituen iruzkinak ezabatzen, ez eta argitaratzen diren idatziei filtroak jartzen. Kontrakoa. Nire antipoda ideologikoetan dagoen jendearen iritziak irakurri behar izaten ditut ia egunero, eta maiz zuzendu eta txukundu; eta tripak jan.
Hasierrek mandatu bat utzi zigun: euskaldunok denbora luzez gotortuta egon gara, baita mundu digitalean ere, bakoitza bere esparruan eta bere etxekoekin; hori ez da posible. Euskararen komunitateak esparru digital bat behar du, bertan eztabaidak eta iritziak ahalik eta modu sanoenean elkartrukatzeko, elkar entzuteko, elkarri bizkarra ez emateko. Hori da ZuZeu. Eta ZuZeuko joko zelaian aritu nahi duenak ZuZeuren joko arauak bete beharko ditu: ez irainik, ez mehatxurik, ez Txernobilgo perretxikurik.
Ia hamar urteko historian, 35.500 iruzkin baino gehiago idatzi dira etxe honetan; ez dira ehun ezabatu direnak.
Ez dakit zuri berdina gertatzen ote zaizun, baina oso zaila egiten zait gaztelaniazko mahainguru batzuk ikustea telebistan. Elkar irensten dira uneoro, elkar moztu etengabe, hitz egiten isildu. Iruditzen zait ez dela berdina gertatzen, normalean, euskarazko hedabideetako tertulietan. Ez naiz filologoa, baina akaso hizkuntzek fonologia, semantika eta gramatika daukaten bezala, “bolumena” ere badutela esatera ausartuko naiz. Iruditzen zait ZuZeu posible egiten duena euskarak bere baitan daukan erro bat dela: ez daukagu zertan bestea baino altuagoa hitz egin, parekoa iraindu edota ika-mikari elegantzia arrasto oro ezabatu, adierazteko daukaguna esateko.
Eztabaida gehienak normal samarrak izaten dira, argudioz beteta kasu askotan, eta maiz, iruzkingileek idatzia bera baino luzeagoak diren hausnarketak idazten dituzte. Zuzeulariak denbora eskaintzen dio beste zuzeulariari, eta ezizenez eta anonimoz betetako foro bat izateko, harritzekoa da jende gehienak hitz egiteko izan ohi duen ganora. Zaindu dezagun hori.
Baina kasu! Ez gara esaten ari tea portzelanezko kikaretan hartzen ari garen aristokrata biktoriano talde bat garenik. Ongi etorriak bitez adar jotzea, aizkora zorrotzak eta zirtoa.
Ni guciz convencitzen nau Beñatec adiaracicoac.
Milla esquer anhitz!
Josu Lavin, Adeitassunez
“Ni Ezker Abertzalekoa” artikuluko iruzkinak irakurri al dituzu Benat? Hor ari dira egurra banatzen, hor!! ZUZEUren gureizak potenteak izango dira baina eztabaida horretan bai ez lukeela eskua sartuko! Hori bai egurra ematea, baina euskaldunen artean ordea, hori da tristea! Maketoak gustora egongo lirateke irakurri eta ulertzeko gaitasuna balute.
Idatzi argia eta ozen gauzak azaltzen dituena. Buila eta ixtilurik ez eskatzea zentzuzkoa da bai. Ederki esana eta adierazia, eta hori nahi dun asko gaude. Milesker