Xendrak eta beste opari batzuk

Xendrak eta beste opari batzuk –

Bai, noski, gainerako opariak ere eskertzen ditut, baina hauek baino ilusio handiagoz espero ditudanak, zalantzarik gabe, Txemarenak dira… Garagardo bat hartzen dugularik edo –elkar ikustekorik ez badago– Whatsappez edo emailez –pandemiaren ajeak eta ohiturak– helarazten dizkit Txemak bere bezuzak. Bai, aukeratu beharko banitu, Txemarenekin geratuko nintzateke. Besteak, azken finean, gauzak baino ez dira.

Xendrak eta beste opari batzuk
Arg: SplitShire

Badago Agustin Fernandez Malloren burutazio oso bitxia: «Batzuetan harritu egiten nau etxe batean holango objektu mugikorrak egoteak, adibidez sardexkak, sukaldetik inoiz aterako ez direnak. Beren existentzia agortuko dute beste ‘lurralderik’ ezagutu gabe». Ez dakit Txema eta biok zertan berraragiztatuko garen gure hurrengo bizitzetan, baina espero dezagun tenedoreetan ez izatea, Txemari eta bioi sukaldea eta etxea txikiegi geratzen zaizkigu eta. Agian horrexegatik, batzen garenetan, lekuak oparitzen dizkiogu elkarri. Berak, ibilbideak; nik, horren truke, horren ordainetan, herriak, kaleak, tabernak, eliza erromanikoak, garitoak… Gehiengoak ez dira inon agertzen: ur-jauzi horietara, behatoki horretaraino, baso, laku, leize hartara heltzeko, argazkiko marmitako aparta hau jateko, gaztandegi horretan bertaratzeko, baseliza galdu hura topatzeko ez dago bide markatutik jarraitzerik, bidetik atera behar da. «Harrizko etxe batera heltzean, utzi, beldur barik, eskumara PR-7aren marra zuri-gorriak, eta ezkerreko bidexkatik jaitsi uraren hotsa gero eta gertuago entzungo duzularik…», azaltzen dit paperezko ezpainzapian erruta, zidor ezkutatuaren bilakaera marrazten. «Errepide horretako 127. kilometroan harana zeharkatzen duen pista bat ezbideratzen da. Ba 200 metrotara ikusiko duzun zubiaren ondoko baserri hau», diot puntu horretako irudi bat erakutsiz eta kafetegiko mahaia edalontziak eta olibak plano bihurtuz.

Hau da, oker ez banago, Txemarekin horrelako erregaluak trukatzen ditudan hamargarren urtea. Berari esker Hijuela erreka, Uguna, Peñaladros eta San Miguel turustak, Igoroinen amildegia, deskubritu ditut. Arnia hondartza eta Costa Quebrada ere –ikaragarria– Txemari zor dizkiot. Niri esker, Txema, Belchite Zaharrean, Cudilleroko Selgas jauregian egon da. Ujue herria –itzela– eta Zugaztietako ogia ere niri zor dizkit.

Kostatzen zait elkarri oparitzen diogunaren balioa kalkulatzea. Ez dugu –bereziki data hauetan– kontzeptu biak (bai, genozidioarena, hezkuntzarena… ere birpasatu beharko genituzke) ongi bereizten. Horrexegatik komeni da haien arteko aldea gogoratzea, kontuan izatea: «Balioa» ondasun edo zerbitzu bati ematen zaion garrantziari edo erabilgarritasunari dagokio. «Prezioa», berriz, ondasun edo zerbitzu horrengatik merkatu jakin batean ordaintzen den diru-kopuruari. Halaxe diote behintzat Ekonomiako eskuliburuek.

Bai, data hauetan jasoko ditudan arropa, liburuak, txakolina ere bihotz bihotzez estimatzen ditut, baina horiek baino gogotsuago esperoan nagoena, duda barik, Txemarena da. Bai, bat hautatu behar izatekotan, Txemarena. Besteak objektu «preziodunak» baino ez dira, beherapenetan balioa galduko duten produktuak; Txemarenak, berriz, ez dauka preziorik.

Eskerrak: izanez gero ordaingaitza izango litzateke.

En fin.

Xendrak eta beste opari batzuk Xendrak eta beste opari batzuk

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude