Western Ana Iris Simón
Western Ana Iris Simón –
Beti pentsatu izan dut Bitcoin txanponak El Balcón de la Loran asmatu izan balituzte Dragcoin deituko zirela. Beti pentsatu izan dut aberatsa izanez gero, komunista izango nintzela, eta pobrezia eta austeritatea predikatuko nituela nire autokarabanan eta Lekeitioko etxean. Beti pentsatu izan dut liberala izanez gero, diru publikoari esker biziko nintzela; funtzionario. Beti pentsatu izan dut asko, baina egin gutxi. Beti kritikatu izan dut asko, baina proposatu gutxi.
Oraintsu, Ana Iris Simónen diskurtsoa entzun dut. Ausarta izan behar da, benetan, presidentearen aurrean halakoak esateko. Western pelikulak etorri zaizkit burura: Ana Iris bakarka arriskuaren aurrean, Ana Iris tabernan jauntxoaren aurrean berbetan, jakinda buelta emanez gero, bizkarretik tirokatuko dutela. Westernak etorri zaizkit burura, baina ez horregatik bakarrik. Burura etorri zaizkit gustuko ditudalako, baina, aldi berean, ikusterakoan pentsatzen dudalako “eskerrak ez ditudan bizi, ez dudalako deskuidu batengatik tiro bat jaso nahi”. Eta usaina ere, orduko hatsa aguantatzeko anosmia bat edo bi beharko nituelako.
Sentsazio antzekoa izan dut Ana Iris Simónen diskurtsoa entzuterakoan. Gurasoek inbidia ematen diote, aititeak ere bai, eta zeozerk krak egin dit belarrian. Egia da ekonomikoki egoera egonkorragoa zela, etorkizun bat zegoela, baina, kontxo, gure gurasoak diktadura batean hazi ziren, katolikoa gainera, non emakumeak hutsaren hurrengoa ziren. Era berean, trantsizioa bizi zuten, oso garai gatazkatsua, heroinaren gorakada eta HIESA, industriaren itxierak ekarritako ondorio latzak, ETAren terrorismoa eta estatuaren gehiegikeriak. Tentsio soziopolitikoa nabaria zen eta inor ez zen, berez, askea izan arriskurik hartu gabe. Gurasoak; aitite, amama eta 40. hamarkada aipatuz gero, gerraostea, gosea, zerbitzu militarra edota errazionamendu-liburuxkak, etab. datozkit burura. Berba batean, pagotxa.
Western pelikulak ikusi izan ditudanean, beti irudikatu dut nire burua heroiaren pare. Ni zintzoaren alde lerratu izan naiz, arrazoiz ala arrazoi barik. Baina errealitatea bestelakoa da eta bestelakoa zarela erakusten dizu, konturatu gabe ispiluaren aurrean jartzen zaituelako. Bat-batean, ni ere hasi naiz Ana Iris Simón tirokatzen, bere argudioaren mamira jo gabe. Lastima, biok berdina nahi dugulako: bizitza duina bermatuko digun lan kontratu bat. Beti pentsatu izan dut bakeroa izanez gero, odol hotzekoa izango nintzela, baina hain da zaila tiroka hasteko gogoari eustea…
Western Ana Iris Simón
Kaixo Jon:
Gure guraso eta aitona-amonek bizi izandakoak aipatzen dituzu, baina ez ziren oso antzekoak izango Euskal Herrian bizi zen egoera eta Ana Irisen arbasoen testuingurua Gaztela Mantxan. Ez dut uste gatazka politiko eta sozial klima bera zegoenik, nahiz eta diktadura bietan indarrean izan.
Bestalde, oso adierazgarriak egin zaizkit hautatu dituzun hitz batzuk: “ETAren terrorismoa eta estatuaren gehiegikeriak”. Batzuena terrorismoa, besteena gehiegikeriak. “Gehiegikeria” hitzak barnebiltzen du zertxobait egin dezakezula, baina pasa zarela. Martin Villak zioenaren haritik, “haienak krimenak, gureak akatsak”. Kontzeptu bereizketa hori irristakorra da zeharo.
Ondo segi, bakero
Berdin, Ezkaba 😉