Uste zoroa
Eskerrik asko aurreko sarreraren iruzkinetan esan dituzuenengatik. Blogetan gabiltzanok badakigu zein izaten den zail harremana sortzea irakurlearekin. Mertzi, beraz.
Hondamendi hauexek izendatu dituzue: Urtuella (Explosivos Riotinto eta eskolaren leherketa), Bilbo (uholdeak, Harrisbourg (istripu nuklearra), Txernobil (istripu nuklearra), Tenerife (Los Rodeos), Oiz mendia (hegazkina), Galdakao (autopistan ito eta kixkalitakoak), Bam (lurrikara), Mitx (urakana), Indonesia (tsunamia), Bhopal (Isuri kimikoa), Nevado del Ruiz (sumendia)…
Honek guztiak erakusten dit, neu nabilela oker edo, bederen, ez guztiz zuzen. Zuek aipatutako hondamendi horietan guztietan pertsonak hil baitziren eta nik gogoan dudananean, ez zen hildakorik izan, uste dudanez.
Hauxe kontua: lehengo batean dokumental zoragarri bat ikusten ari nintzen France5 katean: Islandia, programatutako erupzio bat. Gaia Eyjafjallajokull sumendiaren errautsek eragindako desastrearen kontabilitatearen moduko bat zen. Datuak ez ditut gogoan, baina eragindako kaltea itzelezkoa izan zela denok dakigu. Esaten zutenez, gutxitan bezain garesti gertatu zitzaigun desastre hura, hainbeste milaka hegaldi komertzial bertan behera utzi eta ekonomiari eta bidaiariei ezerk gutxik bezaibeste kaltetuz. Neure familia ere ukitu zuen kalteak, nolabait. Hori bai, arrazoi duzue, ez dut uste hildakorik izan zenik. Gaitz erdi.
Eta ohartu nintzen, guztiz ahaztua neukala Eyjafjallajokull mendiaren gertaera memoriatik. Iaz gertatutakoa eta oso hurbilekoa izan arren. Eta gogoratzen nuen bakarra, izendatu ezinarekin egin genituen txiste txar haiek guztiak zirela. Egia esanda, ikusten niharduen dokumentalean ere nahikoa lan zuten sumendiaren izena era egokian esateko.
Halako baten, ordea, esan zuten Eyjafjallajokull sumendiaren ondoan badela beste bat eta inork ez dakiela zer ekar dezakeen bihar edo etzi, baina bada esaten duenik Eyjafjallajokullek eragindakoa baino hondamendi askoz handiagoa piztu dezakeela. Laba eta hauts askozaz gehiago botako duela bigarren honek. Izena oso zaratatsu eta ikusgarria dauka, gainera, KATLA. Ez esan ederra ez denik. Izena.
Eta horixe nire galdera, nahiz eta dakidan, seguru asko, hildakorik egon ez zelako utzi duzuela aipatu gabe Eyjafjallajokullen hondamendia: Islandian iaz erotu gintuen sumendia deitzen den bezala deitu ordez, Katla deitu izan balitz, ahaztuta edukiko zenuen?
Lepoa jokatuko nuke ezetz, hain ahazturik ez, behintzat. Izen batzuk buruan iltzatuta geratzekoak baitira eta beste batzuk, ostera, —aire txiki bat bailiran— ihesi joatekoak.
Beste modu batera esanda, Eyjafjallajokull deitu ordez, Katla izan balitz, zeure zerrendan egongo zela.
Erantzunak ikusterakoan, horiek guztiak etorri zaizkit gogora trumilka…
Nik frogatu dudana da nire memoria oso galkorra dela, nahiz eta horko batzuk nik ipini nituenak baino hunkigarriagoak izan niretzat.