Umorez hartu beharko da

Umorez hartu beharko da – 

"xiaomi-bicicleta-estatica-1" by portalgda is licensed under CC BY-NC-SA 2.0

Konfinamendu hasieran gauzak umorez hartzea erabaki nuen. Egoera berez larria zen, beraz, ez nuen huskeriengatik ere kezkatu nahi eta, COVID19ren krisia gainditu ondoren, denbora izango genuen balorazioa egin eta barrenak husteko. Hautu praktikoa izan zen eta horri esker etxealdia atseginagoa izan da. Harrezkero ia hiru hilabete igaro dira eta, ezinbestean, buruari ematen hasi natzaio: nor naizen, 31 urterekin nora noan, kalean txizalarria badut, taberna batera sartu ote naitekeen, poliziak zer hartuko duen dantzatzat isunak jartzerakoan etab… Edozer, krisi hau ulertzen saiatu aurretik. Informazio demasak nagia eragiten dit eta zin egiten dizuet ahaleginak eta bi egin ditudala hiritar kritiko eta arduratsua izateko, baina alperrik. Buruak COVID19rekin lotutako albiste bat irakurri bezain laster, deskonektatu egiten du aitzineko modemek deiekin bezala; gogoeta interruptus bat egunkaria zabaltzen dudan bakoitzean.

Zeozer erakutsi badigute profilaktikoa ondo janzten ez dutenek da gutxien espero denean bizitza sortu dezakeela edonork. Ideiekin berdina gertatzen da. Buruari bueltak emanez gero, azkenean zeozer ateratzen da beti. Gehienetan ez da espero duzuna, baina, hoberik ezean, maite duzu zurea delako, zure burua ikusten duzulako islatuta. “Umerik ederrena, norberarena lehena”. Agian izango da guraso-senak hauspotuta, baina uste dut ataka honetatik onik aterako garela; 80 egunen ostean ez zait besterik ateratzen. Akuilu-pizgarri bat izango da, baina oharkabean egoera bere horretara bueltatuko dela uste dut: jaiotze-tasa berriz apalduko da, eskularru sobranteak inauterietan gandor bilakatuko dira eta bizikleta-estatikoak Wallapopen jarriko ditugu salgai. Nahitaezkoa da, doministiku egiterakoan begiak ixtea bezala. Oraindik denbora falta da eta ordura arte umorez hartu beharko da.

Umorez hartu beharko da

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude