Kultur arloko hainbat langilek KUPLA plataforma sortu dute

Kultur arloko hainbat langilek KUPLA plataforma sortu dute –

Baten bat oraindik ere kulturak duen garrantziaz ohartzeke bazen, berrogeialdiak aldarazi dio iritziz: itxialdiaren kontrako, bakardadearen aurkako eta asperdura-eromenarentzako sendagarririk onena da. Azken kultur itzalaldian abisua eman ziguten hainbat sortzailek, euren egoera are prekariagoa bihurtu dela abisatuz. Orain kultura eta ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat langile KUPLA kultur plataformaren baitan bildu dira.

Kultur arloko hainbat langilek KUPLA plataforma sortu dute

Ohartarazi dute sektoreak 768 milioi euro sortzen dituela (EAEko BPGren% 3-5 artean), eta azken bi hamarkadetan profesionalizatu den esparru honetan ia 7.000 pertsonak egiten dutela lan.

Manifestu bat kaleratu dute duela egun gutxi: “guztiok?, sektore garen aldetik, ?zerbitzuak ematen dituzten enpresek, besteren konturako langileek, autonomoek eta artistek, ondorioztatu dugu, beharrezkoa dela gutxieneko proposamen batzuk idaztea. Gizarteak, oro har eta, bereziki, agintari eskudunek, entzun gaitzaten. Gure sektorearekiko babesgabetasuna eta sentsibilizazio falta direla-eta, batez ere ziurgabetasun-une hauetan”.

Musikak 90 milioi euro sortzen ditu urtean, baina KUPLAk salatzen du ez daudela profesional gisa hartuta ez eta EAEko industria-egituraren barruan sartuta ere. Pandemiaren etorrerarekin gelditzen lehenak izan ziren, eta orain azkenak izango dira martxan jartzen. Etorkizunak ziurgabetasuna dakar atxikirik, erakundeek ez baitakite itzulera prozesua nolakoa izango den, eta denbora asko igaro daiteke zuzenekoak itzuli aurretik, hainbat arrazoi tarteko: osasuna, logistika, errentagarritasuna…

KUPLAk dioenez “erakundeen immobilismoak porrot egin die sektoreko enpresa eta langile askori”, eta horrek ondorio bat izan dezakeela: migrazioa. Manifestuan diotenezĀ Ingalaterran edo Frantzian ikusten dituzte sektorearen arazoei aurre egiteko alternatibak. Alemaniak ondo egituratutako erregulazioa dauka, gremioen espezializazio eta kategorizazio maila handiarekin eta txandakatutako 8 orduko lanaldiekin.

Eskua luzatu diete agintariei: “geure burua eskaintzen diegu gure agintariei sektorearen berezitasunetarako ekintzak eta proposamen espezifikoak planifikatzeko. Hilzorian utzi gabe, agian hilabete batzuen buruan hondamendia gaindiezina izango da eta”.

Eskaera batzuk ere jarri dituzte mahai gainean:

  • Jendaurreko edozein ekitalditan segurtasuna eta higienea bete ahal izateko protokolo espezifiko bat egitea
  • Une honetan jada planteatuta dauden jardueren bideragarritasuna bilatzea.
  • Salbuespenezko laguntza bat ezartzea, sektore osoa estaliko duena, beste industria-sektore batzuekin gertatzen den bezala, larrialdi-egoerak eragindako jarduerarik gabeko aldian, eta erabateko jarduera berreskuratu arte hedatuko dena.

Kultur arloko hainbat langilek KUPLA plataforma sortu dute