Txinparta eta metxarenak (II)
Beraz, eta aurreko postean idatzi nuena argitzeko:
Eman dezagun ontzat Gutierrez Rubik planteatzen duen txinparta-metxa-bolborategia eskema eta har dezagun Bilduren zerrendak debekatzearen adibidea. Jendearen barruetan ez ezik (sentimendu pertsonal bat), iritzi publikoa deitzen zaionean (sentimendu kolektiboan) ere erasan du, Euskal Herriko kolektibo abertzale, justiziazale eta aurrekoia gaindituz, Espainiako (eta Europako) talde txiki-handiago batengana ere injustizia nabarmen baten iritzia helaraziz
Halere, asko dira ala gutxi dira Bildu aferarekin kezkatu eta haserretuak? Eta garrantzitsuagoa dena, nahikoak dira eraldaketa batetarako? Egoki bideratuta daude?
Herrietan mobilizazio jendetsuak egin ziren atzo eta biharko manifestazio nazional bat deitu dute Bilbon. Floren Aoizi, Onda Vascako tertulian entzun nionez, Auzitegi Gorenak epaia eman zuenetik, justizia irizpideak ez eta presio irizpideak sartuko dira Konstituzionalaren epaia bideratzeko. Non egin dezake presioa kezkatu+haserretuen kolektiboak eta nola? Kalean euskal jendartearen zati batek Bilbon egingo duen bezala ala bulego eta komunikabideetan Espainiako beste sektore bat ari den bezala?
Ez al da erabakiak hartzen diren lekuetan eragiteko gaitasuna izatea boterea?
(jarraituko du)
Egun hauetarako irakugaia: Deabruaren hiztegia, Ambrose Bierce.