Gpuntua martxan da

Gpuntua_aurkezpena

Maiatzaren 8an hasiko da Orion 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Lau urteko aroaren ostean Gipuzkoako bertsolaritzaren isla izateko aitzakian jarri da abian Txapelketa, Gpuntua markatzat hartuta. Orion hasiko eta Donostiako Illunben bukatuko da aurtengo edizioa, abenduaren 18ko finalarekin. Tartean, 26 herritan jokatuko dira saioak.

“Lau urtean Gipuzkoako errealitatea aldatu da, baita Gipuzkoako bertsolaritza ere; eta aurtengo txapelketak Gipuzkoako bertsoa islatzeko eta haizatzeko helburua du” esanez hasi du prentsaurrekoa Saroi Jauregik. Txapelketako babesleei eskerrak eman ostean, Bertsozale Elkarteak Gipuzkoan abian duen proiektuaren berri eman du Jauregi lehendakariak: “Gipuzkoan bertsolaritza sendo dago. Bertso Eskoletan eta Hezkuntza Arautuan Proiektuak aurrera darraio indar betean, eta horren adierazle eta isla da aurtengo Txapelketako parte-hartzaileen maila eta kopurua”, adierazi du Jauregik.

Gpuntua 2011
“Inoizko txapelketarik “handiena” izatera dator aurtengoa; eta erronka handia izango da Gipuzkoako Elkartearentzat, gogoeta sakonaren ostean, besteak beste, Txapelketa maiatzean hastea ebatzi baitu Gipuzkoako Elkarteak”, adierazi du Oroitz Azurmendi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. Zortzi hilabeteko Txapelketa izango da, hortaz, eta Elkarteak helburu bereziak jarri ditu aurtengorako, txapelketen ohiko helburuez gain. Gpuntua aukeratu dute aurten ere lematzat, orain lau urte lemak lortu zuen zabalkundeagatik eta Gipuzkoako bertsolaritzaren ikurrari izena eta irudia emate aldera.

Txapelketaren norabide eta helburuekin jarraituz, komunikazioarena izango da erronka nagusietakoa: “Gpuntuak Gipuzkoako bertsoaren sarea lotu eta indartu nahi du, bertsozalearengana gerturatu, eta Sarea izango da horretarako bide: www.gpuntua.com webgunea izango da erreminta nagusia, eta sare sozialen bidez haizatuko dira edukiak, ohiko euskarriak lantzeaz gain”, gaineratu du Azurmendik.

Lehen fasea, datuz datu
Txapelketaren filosofiaren eta helburuen gainean jardun ostean, maiatzean jokatuko den lehen faseko datu guztiak eman ditu Oroitz Azurmendik. 76 bertsolarik hartuko dute parte Txapelketan, eta 60 hasiko dira lehen fasean. Gainontzeko 16ak irailean gehituko zaizkie: 2007ko 10 semifinalistak final zortzirenetan, eta orain lau urteko 6 finalista final laurdenetan.

Lehen fasean 20 saio jokatuko dira, 10 herritan, goiz eta arratsaldeko saiotan banaturik. Orion izango da lehen saioa eta Urretxu-Zumarragan azkena, ekainaren 5ean. Herri gehienak herri txikiak dira lehen fase honetan, eta herriotako bertso eskola eta bertsozaleekin harremanak sendotzea da helburua. Horren harira, berrikuntza gisa, herri bakoitzean bazkaria izango da herri bakoitzeko elkarte batean, eta nahi duen ororentzat irekia.

Saioetarako nahiz bazkaritarako sarrerak www.gpuntua.com webgunean salduko dira soilik.

 

bertsoa, bertsolaritza, Gipuzkoa, gipuzkoako bertsolari txapelketa, gpuntua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude