Txillardegiren “klaseko beti-lehenak” eta Segurolaren “klaseko tontoak”

Txillardegiren “klaseko beti-lehenak” eta Segurolaren “klaseko tontoak” –

Txillardegiren "klaseko beti-lehenak" eta Segurolaren "klaseko tontoak"Eskolak markatu eta zehaztuko digu zein jende klaseko den nor bakoitza. “Eskolako tontoak” eraman zituen hizpidera Iñaki Segurolak izen horixe bera zeraman Gaur ez du hiltzeko eguraldirik egiten izenburuko liburuaren atal batean. Antzeko hausnarketa bat egina zuen 30 urte pasatxo lehenago Txillardegik bere Huntaz eta hartaz liburuan, orduan horiei paradoxikoki “eskolako beti-lehenak” deituta eta eurei ere atal oso bat dedikatuz. Zer dute komunean Segurolaren “eskolako tontoak” eta Txillardegiren “eskola beti-lehenak”? Bi-biek eskolako nota-zaleak izan eta horretan gailendu ohi diren ikasle ia gehientsuei (ez den-denei) luzatu zieten lehen kolpe batez elkarren aurkakoak lirudikete bi termino horiek. Gutxi-asko kolektibo berberaz ari dira, nor bere gisara. Horrekin batera, diogun, bi-biek mespretxu eta kritika erabatekoz hartzen dutela hizpide gizajende klase hau. Goazen baina, pixkana-pixkana ikustera zer dioskun bakoitzak eta nondik datorkien eurekiko amorru eta ezinikusia.

Hurrenkera kronologikoa errespetatuz, has gaitezen Txillardegik kolektibo honetaz luzatu zizkigun hausnarketekin. Besteetan beste, honelakoak testuratzen ditu “beti-lehen” horiei buruz:

Eskolan lehena ez izateak ez du ezer txarrik adierazten (ezta onik ere, kasu!); lehena izateak, aldiz, asko eta…txarrik erakutsi ohi du…Aurrenik bestek jarritako legea eta ikasteko era errespetatzeko joera sakon bat aurkitu uste dut beti-lehen haiengan. Eskola beti-lehenak, ,eskolako notazaleak, ez du zalantzan jartzen, esate baterako, bere ikasguan jokabidetzat edo egiatzat harturik dagoen deusik…onartu ezinezko ipuin asko ere ikasten genuen eskolan eta beti-lehenek ez zuten kontra fitsik ere esaten…hori gutxi ez, eta garaiko frankismoak agindutako ikuspuntua zen ezin ikutuzko Egia…

Eskolako lehen izateko jokabide zuzena izan behar zen: alegia, hori guzia ixil-ixilik irentsi behar zen, ez zaio benetan egia axola, nota baizik, eta lehengo postuan egotea bazik…besteok ez genuen ulertzen zintzokeria hori …zintzo eta esanekoa izatea…

Eskolako beti-lehenak, beraz, ez du irizpide zorrotz bat izan behar, arras kamustua baizik. Bestela nola izan daiteke lehena…Eskola beti-lehenak, horrela, gaur, eta denbora zailetan askoz ere garbikiago , kontserbadore hutsak dira, eskuindar hutsak…

Eskolako lehen hura, urteak pasa ahala, probetxu-gizon egiten da. Gaurko hau da antzinako eskolako hura da…Eskolako beti-lehena geroko ordenu-gizona da (ESKOLAKO BETI-LEHENA+ 20 URTE= PROBETXUZKO GIZONA)…”

Ikusten dugu, hortaz, zer pentsaturik asko, zer kezkaturik, hobeki esan, eman ziola Txillardegiri eskolatik bertatik beti-lehenak ziren hauen martxak. Jende klase hau auto-zentratu osotzat du. Oso ere oso langile baina soil-soilik egin beharreko lan honek bere noten mesederako baldin bazen; “ez du jokorik egiten, ez jolasketetan parte hartzen, ez deus irakurtzen notarako ez bada…”. Temosoki nota onak izatea dute helburu eta jomuga bakar, ez lana lanagatik, ez ikaste alderako ikastea.

Gerora, heldutakoan, gizondutakoan, gizon hori “gizon praktikoak” deitu ohi diren horietarikoa izango dugu, Txillardegiren esanetan: “dirua irabazteko lan egiten duen zoro bat, zeren dirua iruditzen baitzaio mundutar garaipenerako nahitaezko bide, munduko lehen postuan egoteko bidea (eskolako beti-lehena + 20 urte = homo economicus)”. Jende-klase hori letra txikirako ez dago eginda, esango digu, bene-benetan egia ezagutu bainoago, munduko arauek nola funtzionatzen duten ondo jakin nahi ditu beroriek baliatu ahal izateko bere mesederako.

Txillardegiren ikusian, postu goren horietan egotea, eskolatik hasita, ez da berez adimen kontua, oso besterik da. Aldiz, bizitzarekiko jarrera moral-etikoa da. Halere, bere artikuluaren bukaera aldera zera eratxikiko dio; beti-lehen horrek dituen esanekotasun zein otzantasun horiek, zerbait azpimagarririk izatekotan, derrigor nolabait-edo irudimen urrikoa izatearekin izan behar du lotura. Munduan egoteko beste modu arrakastatsurik irudikatu ezinak mundua dagoen dagoenenean onartzera eramaten du ezinbestez jende-klase hori.

Gatozen orain Segurolak bere “eskolako tontoez” botatakoetara. Hasteko eta bat esan, aipatzen dituen tonto hauek ez direla izatez eta berez berak deitzen dituen “tonto garbiak”, hau da, gure eguneroko hizketa arrunt eta konbentzionaleko tonto-tontoak. Ez, oso bestelako tontoez ari zaigu Segurola, “beti-lehen” txillardegiarrekin ondo asko parekagarriak direnak. Bere eskolako tontoak, esanda bezala, ez dira tonto garbiak (azken hauek nobleak, xumeak eta sanoak…); hauek argi dauka Segurolak ziur-ziur izango dutela, izan, grazia ezkuturen bat edo beste, argitasun ezkutu bat, seguru asko munduak inoiz baino behar-beharrago leukakeen trebetasun bat. Tonto berezi hauen arrastoan jartzeko Wittgensteinenen galdera batzuk eraman zituen bere testura; Wittgeinteinek, bere buruaz eta bere etorkizuneko bizitza-ibilbideaz ari zelarik, Russelli luzatutako honako galdera sakon hau: “mesede egingo al zenidake esanez ea zeharoko idiota naizen edo ez?”. Une horretan harako hori zeragatik baino ez zion galdetzen; jakin ondo zekielako, zinetan idiota izanez gero, ingeniari aeronautiko behar zuela izan, ez bestela, gero izango zena, alegia, filosofoa. “Eskolako tonto” segurolatarrak, burutan harturiko tonto-harro horiek ez ziren, ziurrenik, ingeniari aeronautikoak izango, baina izango dute tonto izateko euren molde pertsonalizatua, izan polizia moduan, izan politikari moduan, kulturako pailazo moduan… ondo preziatu eta estimatutako direnak direlako gizarteko posturen batean.

Txillardegirekin bat eginez, oroz gain, ekonomian (bankuetan, burtsan, aseguruen eta higiezinen kudeaketan, …), exekutibo eta diru-kudeatzaile postuetan jartzen ditu tonto-harroen postuetan postuak, postu gorenak. Dena dela, Segurolak, Txillardegik ez bezala, ez du inortxo ere libratzen tonto-harro izatetik, denok omen dugu, bere esanetan, gure modukoa den azkar uste bat, den-denok daramagu gure baitan geure gisako tonto bat. Kontuak kontu, tonto klaseak eta klaseak daude, eta, azken batez, tontoa izateko “eran” dago koxka eta gakoa.

Txillardegiren beti-lehenek euren kritikotasunerako falta erabatekoa eta eskolak eta sistemak luzatutako sinetsi behar guzti-guztiak bere gordin-gordinean jateko prest egotea zuten ezaugarrietan ezaugarri. Honen harira, ezinago egoki dator Segurolak mundu anglosaxoitik horretarako propio hartutako termino oso apropos bat, single-minded. Ezaugarri hau duten pertsonek erabakiak zirt edo zart hartzen dituzte, zirt edo zart-eko pertsonak dira. Sakonkeriak, konplikazioak eta txorakeriak berehalakoan bazter uzten dituzte. Horrelakorik adierazi nahi da single minded delako termino horren bitartez; gogo, pentsamendu eta asmo bakarreko pertsonak hartzen dituzte aintzat. Pentsaera xinple eta bakuna du jende klase honek. Segurolaren ikusian, tonto klase hau zinetan tontoa da, ezen, pentsamendua berez, ezer izatekotan, mugimendua eta atergabeko jarioa da eta, egia esatera, ekin molde bakuna eta bakarrean ez dago horrelakorik ezer. Oso bestera baina aritzen dira zinezko tontoak; ezen, hauek zer edo zer izatekotan, barra-barra maizenean, ideiak dituzte, hori baino ez, eskolako garaile zirt-edo-zartekoak irentsiz eta irentsiz joan diren gezurrezko ideia soil operatibo horiek. Tonto gizarte-garaile horiek, denon ohiko ikusian, inondik ere tontoak ematen ez duten horiek, ezin dute eskuartean duten ezer ezbaian jarri, ezin dute euren dirua, lana, boterea, gizarte-aitorpena…duda-mudatan jarri, ezin dute euren bizitzen muineko trapitxeroaren kontzientzia apurñorik ere izan, ez sumaz, ez beste batek zuzen-zuzenean iradokiko balie ere.

Horrelakoxe mundua, gizarte garaikidea, ditugu, zer egingo diogu bada! Ondo asko esana utzi zigun Einsteinek: “Tontoen nagusitasuna saihestu ezina dugu, eta segurtatua dago garai guztietarako”. Ezin uka honek baduenik bere baliorik, bere onik eta bere errazgarririk. Segurolak Einsteinen aitorpen hori darama bere testura, bere aurreko hausnarketei sendotasuna emateko ez ezik, Einsteinena zuzendu-osatzeko ere. Esaldi horrek zer edo zer falta du, Segurolaren esanetan, zer eta hain justu zerako jarraiko hau zehaztea; gizarte-nagusitasuna ez da berez tontoena, baizik-eta bere izaeraz tontoen gauza-objektuena. Tontoen gauzak dira munduan nagusi direnak. Eta bere testua bukatze aldera zera gogoraraziko digu: “Honengatik guztionengatik dago munduan urrea kakaren neskamea”

Txillardegiren “klaseko beti-lehenak” eta Txillardegiren “klaseko beti-lehenak” eta 

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Zer duzu buruan “Txillardegiren “klaseko beti-lehenak” eta Segurolaren “klaseko tontoak””-ri buruz

  • Gustatu zait hemen esandakoa baina uste dut beharrezkoa dela eguneratze bat.

    Ulertzen dut Francoren garaian Txillardegi Donostiako Marianistetan estudiatu eta gero klaseko-tontoaren tipologia egokitua izana garai horretako ideologia ofizialaren esaneko izateari. Gaur ordea badakigu bestelakoa dela inguratzen gaituen ideologia nagusia.

    Zein litzateke gaur egun “ofizialtasun” ideologiko hori? Gure historiak, gure gizarteak eta gure psikologiak inguru bihurretatik abiatu dira. Garai bateko zurrunkeriak alde batetara utzita, orain ezker-alternatiboa bihurtu da modu paradoxikoan ideologia nagusi. Gure gizarteak eragindako pribatutasun ustez neoliberalak ekoizten baititu perretxikoak udazkeneko euriekin bezala sistemaren kontra direla uste duten gazte ongi jantzi eta janak geroko funtzionariaren bidea egingo dutenak.

    Ez ahal da gauza benetan txokantea fenomeno hori? Unibertsitateetako ponentzietan, bertako lanetan, zigilu ofiziala dakarten azterketetan nola loratu den ezker aldeko erosotasun mental hori eskolako-tontoaren eredu gertatu dena?

    Txillardegik gainera bereak eta bost bota zituen ezker-muturreko konformismo horren kontra. Dena den eskerrik asko prosa zuhur horrengatik eta ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude