Txikiagoak

Txikiagoak –

Nerea Ibarzabal Salegi ARGIAn.


Animalion uzkurtze betierekoez aritu ginen behin orriotan, eta bete da profezia. Ipar Atlantikoko baleak txikiagoak dira orain duela berrogei urte baino; gaur jaiotako balea batek 1980an jaiotakoak baino metro bat gutxiago hartuko du, bataz beste. Itsas-biologoen arabera, zenbait arrain espezie gain-esplotaturengan atzeman izan dira antzerako aldaketak, baina hau da ugaztun handi batengan halako zerbait erregistratzen den lehen aldia.

Txikiagoak

Animalia erraldoi, arnas luzeko eta mugimendu geldoko horri zerbaitek ez dio uzten lasai hedatzen, berez itsasoa bezain zabal eta eder hazi zitekeenean alboetarantz zein luzetara, begiratze hutsez lilura gaitzan bere handitasunak eta loditu dezan denbora, eta bizitza bera. Badirudi estresa bezalako berba humano eta tranpatia ikasarazi diogula egunero itsasoa ebakitzen duten milaka ontziren zaratekin, eta arrantza-aparailuek eta sareek eragindako kateatze eta zauriekin.

“Murriztuz baikoaz geu ere, buruz zein osasunez, lurrari txatalak lapurtu eta diru bilakatu ahala, eta diru horren arabera berrantolatu ahala espazioak, bizimoduak”

Lasai hazteko bakea behar da, zentzu askotakoa. Bestela hesteak korapilatu egiten dira arrantzako sareak bezala, eta gorputzak erabakitzen du agian gauzak errazago joango zaizkiola txikiagoa izanda, uzkurragoa. Ikusezinagoa, azkenean. Biologoek hogei urte eman dituzte hegazkinen eta dronen bidez baleei argazkiak egiten, milimetroka neurtzen azkenean begi-bistako bihurtu dena.

Neurtu ote daiteke gure txikitze apurkako hau ere airetik? Murriztuz baikoaz geu ere, buruz zein osasunez, lurrari txatalak lapurtu eta diru bilakatu ahala, eta diru horren arabera berrantolatu ahala espazioak, bizimoduak, eta, oro har, norbere izaeraren euste-hormak. Metro bat txikiagoak ez al dira bizitzak, irailetik irailera? Metro bat txikiagoak eztabaidak eta ideiak, geroz eta nekatuagoak eta argalagoak, pisurik gabeak. Berdin irudimena, berdin utopiak. Telebistatik dator ontzien burrunba, gure sentsoreak mindu eta noraezean uzten gaituena uraren erdian. Burrunbara ohitutakoan, badirudi isiltasuna hori dela, eta molde horrexen barruan hazten dira garunak, plastiko zatietan trabatutako dortokak bezala, metro bat estuago aurten, hamar urte barru auskalo.

Balea kumeak ere txikiago jaioko dira laster, gerora alferrikako lanik ez hartzearren. “Txikitu gara orain ere”, pentsatzen dut, ezerk ez gaituenean asaldatzen, ez heriotzek, ez gerrek, ez Poliziak jendea are gogorrago jazar dezan eskatzen duen jendeak, “txikitu naiz orain ere”, pentsatzen dut, amore ematea jasangarriago zaidanean kontra egin ezinaren frustrazioa baino.

Txikiagoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.