Estatu nordiko bat Kantaurin bertan
Txalet nordiko bat Kantaurin bertan –
Lehen, idealistak ginela, jendea berez iraultzailea zela uste genuen. Oztopo burgesak kenduz gero, jendearen oldar iraultzailea askatuko litzakeela espero genuen. Oker geunden. Orain, psikoanalistaren sofan hau ikasi dugu: jendearen pasioak egoistak dira. Ustezko masa iraultzailea artalde beldurtia eta zekena da berez. Eta artalde egoista eta mesfidati horrek gogokoena duena segurtasuna da. Hori da psikoanalistaren sofan ikasitako lehenengo ikasgaia. Artaldeko jendea harrapatzeko, segurtasuna da amu magikoa.
Zaila dirudi halako artalde beldurti eta zekenarekin balentriak egitea. Are gehiago, artalde horren indibiduoek interes ezberdin eta askotan kontrajarriak dituztela kontuan hartzen badugu. Beldurtiak, mesfidatiak eta, hori gutxi balitz, nork bere lapikoa nahi du. Artalde beldurti eta egoista hori talde kementsu eta bateratua bihurtu behar da. Hor dugu erronka.
Irudimenean dago erantzuna, hori da sofan ikasitako bigarren ikasgaia. Jendearen iruditegi kolektiboa aldatu behar da. Artaldearen iruditegi kolektiboa eraldatuz gero, nahi eta behar den taldea sor daiteke. Ingeniaritza delikatua da, halere, irudimenarena. Ez da erraza iruditegi kolektiboaren ikonoak aldatzea. Jakintza eta zuhurtzia eskatzen ditu lan doi horrek. Ikus dezagun nola betetzen duen Arnaldok lan delikatu hori.
Helburua, ez dezagun ahatz, sentimendu eta gar independentista piztea da. Zergatik dago hemengo jendea gustura Espainian?, galdetzen du Arnaldok. Irudimen kontua da. Extremadurako edo Andaluziakoekin konparatzen bagara, orduan, bai, pozik eta ase sentituko gara Espainian. Baina, zergatik konparatzen gara espainolekin? Hain zuzen, gure iruditegi kolektiboan jarritako garapen ikonoa espainola delako. Ikono espainol hori aldatu eta guri dagokigun garapen ikonoa jarriz gero, gure sentimendu independentistak geiser nordiko batek bezala jauzi egingo luke.
Iruditegi kolektiboa elizako erretaula bat bezalakoa da, nolabait esateko. Nitxo bakoitzean ikono bat — santu bat — dago. Ez da erraza santuak aldatzea eta ordezkatzea, jendea tradizionala da eta. Baina Arnaldo ausarta da eta, ikono espainola kenduz, guri dagokion garapen ikonoa jartzen du bere lekuan. Garapen ikono berria alemaniarra da.
Santu berria, egia da, oso ondo aukeratuta dago. Garapen ikonoen artean zein da prestigio handiena duena? Ez dago zalantzarik, lokomotorra alemaniarra. Baina proiektua ez da hor geratzen. Lokomotorra alemaniarra da, baina trena nordikoa. Imajina ezazue, diosku Arnaldok, Estatu nordiko bat Kantauri itsasoan, Danimarka, adibidez. Eta Kantauri itsasoko Estatu nordiko horren dohainak eta mirariak kantatzen hasten da (hodei beltz batzuk ere agertzen dira, baina horizonte nordiko distiratsu horretan laino izpiak baino ez dira). Amets dezagun, euskaldunok, diosku Arnaldok, Estatu nordiko bat, segurua eta aurreratua, gure zain dago.
Bai, euskaldun zintzoak, ez dakit konturatu zareten, baina euskaldunak nordikoak izatera predestinatuak gara. Bazter ditzagun ikonografia espainol ziztrin hori eta jar ditzagun gure iruditegi kolektiboan nordikoen ikonoak. Eskaintza erakargarria dirudi eta, batez ere, segurua. Zer da seguruagoa teknologia eta ekonomia alemaniarra baino? Zer hobe Kantauriko kostaldean Estatu nordiko bat baino? Gure jendearentzat ezin hobea dirudi. Ez guretzat bakarrik, mundu osoarentzat ere bai. Mundu osoko jendeak gure Estatu nordikoan inbertitu nahi izango du.
Eros ezazu txalet nordiko bat Kantaurin bertan! Alemaniarrek eta nordikoek duten guztia guk ere badugu eta, gainera, eguraldi hobea, ia-ia tropikala. Inbertsio bikaina! Apustu segurua!Konfort eta garapen nordikoa Kantauri itsasoko kostaldean!
Egitasmo bikain horrekin, zergatik itxaron 2026. urte arte?
Estatu nordiko bat orain!
Txaleta barne, noski!
Independentzia gora, indepemdentzia behera… kontua arreta deitzea da, horretarako edozein txorakeria esan beharra badago ere. Kasurik egin ez arren, batzuk esan eta esan jarraituko dugu:
Estatua alferrik izango da euskal nazioaren defentsa eta biziraupenerako bokazioz jaiotzen ez bada. Bestela, nahiago kontzientzia nazional sendoa duen herria, belaunaldiz belaunaldi iraungo duena.
Ez dugu, ordea, ez bata eta ez bestea; konturatu gabe pixkanaka-pixkanaka hiltzen ari den herri bat baizik. Bada garaia ameskeriak alde batera utzi eta egoera honi konponbide integral bat emateko