Testua eta errealitaren arteko harremana
Testua eta errealitaren arteko harremana –
Testuak eta testuak ditugu, mota askotarikoak, arin zein sakonak, egokiak edo ez horrenbeste, hutsalak, iragankorrak eta ahanzturara deituak edota historiaren gordailura betikotu eta pasatu beharrekoak. Dena den, honelakoa edo halakoak izan, modu batez edo bestez, errealitatearekiko nolabait edo besteko harremana izan beharko dute derrigor testu guztiek, arin edo sakon, baina errealitatearekiko lokera nolabaiteko bat izan beharko, testuak izango badira, eta hortaz, ulergarriak edo ulertzeko modukoak, eta benaz zer kontaturik izango dutenak izango badira. Zerk eragiten du baina, errealitatearen baitako ezer testuratua izatea, eta, beste zer edo zer, aldiz, mintza mailara, ahozko mailara hitzetaratua baino ez izatea, edota ezta azken hau ere, eta errealitatearen erraietatik inoiz erauzita ez izatea?
Espirituz gainezka sartu zen errealitatea testuan,
berorren espiritu biziaz izan zen papereratua,
paperean kasik, edo agian, betiko finkatua,
kasik betiko finkatutako letra bizia izanarazia,
esanahi eta zentzuz gainezkatutako letra bizia,
testuratutako errealitatea bezain errealitate bizia,
errealitateari agur egin zion errealitate berria.
Testu berria, testu bizia.
Errealitatearekiko harremanetik, lokeratik, nolabaiteko horretatik, hortaz, da ernatzen testua, da jaioberri den testua agertzen munduan…
Errealitate biziaren ufadak bultzaturiko letra,
harek izanarazi zuena,
harek testura ekarria,
harek finkatua,
eta kasik betikotua.
Errealitate jaio berri den testua, iragan errealitate hitz-testuratuak osatutakoa, errealitate berezia da, lekukotza dugu berau, testigu eta lekukoa izatera deitua den errealitatea, bere ama den errealitatearen testigu…
Eta testu bizia zen bilakatu errealitate bizia,
errealitate berri bizia,
iturri duen ama-errealitateari agur egin zion errealitate bizia.
Ordudanik hari so, berau irakurriaz, zeharbidez dugu iturri joanaren berri bizia,
ama zuen errealitatearen oroitzapen bizia,
bizia galduz doan oroitzapen oraindik bizia.
Testua, ahulduz eta ezdeustuz doan egiaren lekuko bizia…
…eta, behin testua jaiota, berak berorrek errealitate berri eta beregaina izatea lortu ere…Erralitatetik testura eta testutik errealitatera ibili dabilen lekukotza. Hain beregaina, are eta gorde behar zuen iragan errealitate hori aldenduz joaten zaion, are eta bitartekari izan duen idazle lekukoa disolbatzen duen betiko.
Hots eginez etorritako errealitate igaroxe hura
orain testuan betiko gelditua,
aspaldiko errealitate ustez iragankor hura iraunkor betiko jada.
Errealitate bilakatu den letra,
testua, testiguaren testimonio,
letra bilakatutako lekukotasuna
lekukoa aldenarazi duen lekukotasuna,
lekukotza, testua.
lekuko berria, testua,
lekukotza eta alde eginiko lekukoaren lekuko berria, testua.
Testua eta errealitaren arteko harremana