[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa X
[Simone Weil] Errogabetasuna Eta Nazioa X –
Bigarren atala: Errogabetasuna eta nazioa (X.bidalketa)
Gogoetatze hutsaren ikuspuntutik, patriaren nozioaren inguruan, oreka hauste bat ere izan da, baina alderantzizko beste oreka hauste batek konpentsatua. Nola, instituzio erabateko faltaren erdian, estatua bakarrik egon zen sakrifizioa eta fidelitatea eskatzeko gai zen gauza bakarra, patriaren nozioa absolutu bat bezala bilakatu zen denen pentsamoldeetan. Patria ongitik eta gaizkitik kanpo zegoen. Hori bera du adierazten «right or wrong my country» ingles erran zaharrak. Baina maiz urrunago goaz. Ez dugu onartzen patria makur izan daitekeenik ere.
Ingurune guzietako gizakiak azterketa kritikoaren esfortzuari hain guti ekarriak izan arren, zentzugabekeria nabarmen batek arima ahultzen duen ezin egon batean jartzen ditu gizakiak, beraiek hori aitortzen ez badute ere. Funtsean, ez da deus eguneroko giza-bizi sinplearekin lotuagoa denik filosofia baino, baina filisofia inplizitu bat.
Patria, gaizkiak zikin ez dezakeen absolututzat hartzea zentzugabekeria nabarmena da. Patria da nazioaren beste izen bat; eta nazioa da gertakari historikoek bildu dituzten lurralde eta populazio osaketa bat. Gainera, giza-inteligentziak jakitera ahalbidetzen digun arabera, gertakari historikoek halabeharrari parte handi bat zor diote, eta beti ongia gazkiarekin batera nahasten dute. Nazioa faktu bat da, eta, faktu bat ez da absolutua. Eta ez da faktu bat bere antzeko beste faktuen artean baizik. Gainera nazio bat baino gehiago dago lur-azalean. Gurea paregabea da araiz. Baina beste nazioetarik bakoitza ere, nazio gisa eta amodioarekin begiratuta, besteentzat ere paregabea da maila bereraino.
1940aren aitzinean moda zen «betiereko Frantziaz» mintzatzea. Hitz horiek blasfema bezalako zerbait dira. Gauza bera erran behar da frantses idazle katoliko handi batzuek idatzi orrialde hain hunkigarrietaz, Frantziaren bokazioari buruz, Frantziaren betiereko salbamenari buruz, eta horrelako gaiei buruz. Richelieuk hobeki ikusten zuen erraiten zuelarik nazioen salbamendua behereko lur honetan egiten zela. Frantzia da gauza bat lurtiarra, gauza tenporala. Ez banaiz oker, ez da sekula errana izan Kristo hil zela nazioak salbatzeko. Jainkoak nazio gisan nazio hautatuaren ideia lege zaharretik datorkigu ez eta testamentu berritik.
Antzinaroko paganoak ez zuen sekula eginen horrelako erru hain larririk. Erromatarrak, bai, hautatuak sentitzen ziren, baina bakarrik lurreko menderakuntza baterako. Ez zuten axolarik beste mundurako. Antzinaroan, ez da nehun hiri edo populurik ikusten naturaz gaindiko patua zuela sinesten zuenik. «Misterioak» salbamen ofizialaren metodoa zirenak nolabait gaur elizak bezala, leku bakoitzeko instituzioak ziren, baina aitortzen zen haien artean denak baliokideak zirela. Platonek deskribatzen du nola graziak lagunduriko gizona mundu honetako harpezulotik ateratzen den; baina ez du nehoiz erraten hiri bat ere harpezulotik atera zitekeenik. Aitzitik, kolektibitatea aurkezten du arimaren salbamena eragozten duen animale antzeko zerbait bezala.
Antzinaroa akusatzen dugu balio kolektiboak bakarrik ezagutu izanagatik, baina egiatan, bakarrik erromatarrek, eta hebrearrek, ateo zirenek, egin zuten erru hori; eta hebrearrei dagokienez erru hori egin zuten Babiloneko desterruraino bakarrik. Baina makur gara erru hori kristo aurreko antzinaroari esleitzeagatik, makur gara ere guk ere jarraituki egiten dugula ez aitortzeagatik; izan ere inspirazio kristau garbiari gugan usuegi gailentzen zaizkion bi tradizio erromatar eta hebrearrek ustelduak gara eta.
Patria hitzari emaiten badiogu bere zentzu ahalik eta altuena, zentzu osoa, jakinez eta kristau batek daukan patria bakarra mundutik at dagoela, orduan gaurko kristauak deseroso sentituko dira. Izan ere kristau batek ez du aita bakar bat baizik, mundu honetatik at bizi dena. «Altxorrak osa ezaizkitzue zeruan… zeren, gizon baten bihotza izango da nun dagoen bere altxorra». Beraz debekatua zaigu bihotza lurrean edukitzea.
Gaurko kristauei ez zaie gustatzen beren bihotzean pausatzea Jainkoaren eta patriaren eskubide propioen arteko kontraesan posibleen arazoa. Alemaniako apezpikuek egin zuten protesta adoretsuenetariko bat bukatu zuten erranez ukatzen zutela Jainkoaren eta Alemaniaren artean sekula hautatu behar izaitea. Eta zergatik ukatzen dute? Izan ere, beti gerta daitekeena da Jainkoa eta lurreko zernahi gauzaren artean hautatu behar izaitea, eta hautua ez da sekula dudagarri izan behar. Baina apezpiku frantsesek hitz berak erabiltzen ahalko zituzten. Azken mende laurden honetako Jeanne d’Arc-en fama handia ez eiki zen zerbait erabat sanoa; amarru sobera erraza zen ahanzteko Jainkoaren eta Frantziaren artean badela aldea. Alta ororengaineko patriaren ideiari buruzko arimaren sumisioak ez du, ordea, patriotismoa eraginkoarragoa bihurtu. Izan ere, eliza guzien aurrean Jeanne d’Arc-en estatua begi guzien aaitzinean jendea erakartzeko moduan jarria zelarik, Frantsesek Frantzia abandonatu zuten egun higingarri horietan beretan.
«Norbait ene gana etortzen bada, eta aita, ama, emaztea, haurrak, anai-arrebak baita bere arima bera ere ez baditu hastiatzen, ezin da ene dizipulua izan».
Hori guzia hastiatzeko eskatua baldin bazaigu “hastiatu” aditzaren zentzu jakin batean, seguraz ere debekatua zaigu gure herria maitatzea “maitatu” aditzaren zentzu jakin batean. Izan ere, amodioaren objektu propioa ongia da, eta «Jainkoa da bakarrik ongia».
Ebidentziak dira ideia hauek, baina gure mendean erabat ezjakinak dira, nork daki zein sorginkeriagatik! Bestenaz populazio paganoen artean Kristoren lekuko izaitea hautatu zuen De Foucauld bezalako gizon batek ez zion bere buruari utziko “Bigarren bulegoa”-ri[1] populazio horiei buruzko informazioak emaitera.[2]
On litzaiguke meditatzea debruen hitz izigarri hauei, Kristori munduko erreinu guziak erakusten zizkiolarik: «Erreinu horien gaineko botere guzia emana izan zait, haietarik bat ere ez zait falta».
Kristauak asaldatu ez duen erruak langileak asaldatu ditu. Izan ere, tradizio batek, sobera berria oraindik erabat ahantzia izaiteko, justiziaren amodioa langileen mugimenduaren ispirazio zentrala bihurtu zuen. XIX. mendearen lehen erdian, munduko zapaldu guzien alderdia hartzen zuen amodio erregarri bat zen.
[1] Birarren bulegoa da estatua frantziarraren informazio bilaketa zerbitzua.
[2] Kristotasunaz zeukan kontzepzioagatik De Foucault saindu nazional horri ere ez zion barkatzen estatuarekiko konplizitatea; harentzat patria edo nazioa hil ala bizikoa izan arren, ezin zen absolutu bat izan. Izan ere, bazen nunbait zerbait patria baino “absolutuagorik”; izan zitekeen Jainkoa berarentzat edo, adibidez, langile-mugimenduarentzat “Justizia” Platonismoaren tradizioneari jarraikiz, Lehentasun kontua da. Baina espero dut denok ulertu dugula, hala ere, bere aldetik bere bizitza patriari eman nahi ziola. Lekuko osatu nahi zuen “lehen lerroko emakume erizain komandoa”eta errefusatua izan zitzaiona.
SWek, Kristotasunaz zeukan kontzepzioagatik, De Foucault misiolari saindu nazional horri ere ez zion barkatzen frantziar estatuarekiko bere konplizitatea indigenoen aurrean; SWentzat patria edo nazioa hil ala biziko ontasuna izan arren, ezin zen inolaz ere absolutu bat izan. Izan ere, harentzat bazen nunbait zerbait patria baino “absolutuagorik”; izan zitekeen Jainkoa berarentzat edo, adibidez, langile-mugimenduarentzat “Justizia” Platonismoaren tradizioneari jarraikiz, Lehentasun kontua da. Baina espero dut denok ulertu dugula, hala ere, bere aldetik bere bizitza patriari eman nahi ziola. Lekuko dugu osatzen entseiatu zen “lehen lerroko emakume erizain komandoa” eta De Gaulle generalek errefusatu egin ziona.