[Simone Weil] Erroztamendua eta Nazioa XXI
[Simone Weil] Erroztamendua eta Nazioa XXI –
Erroztamendua eta nazioa (XXI. bidalketa)
Izan liteke Frantziak hautatu behar izatea alde batetik bere inperioarentzako atxikimenduaren edo bestetik berriro arima bat izan beharraren artean. Orokorkiago hautatu beharra du arimaren eta handitasunaren kontzepzio erromatar, Corneilliarraren artean. Frantziak gaizki hautatzen badu, guhaurrek bultzatzen badugu gaizki hautatzera, sobera probablea dena, ez du lortuko ez bata ez bestea, baizik eta zorigaitz deitoragarriena. Eta harrituta nozituko du zorigaitz hori bitartean nehork ez duela bere kausa ulertuko. Eta mintzatzeko gai diren guziek, luma atxikitzeko gai diren guziek betirako edukiko dute krimen baten erantzukizuna.
Bernanosek ulertu du, eta erraiten du Hitlerismoa Erroma paganoa dela, bera dela itzultzen dena. Baina ahantzi ote du, guk ere ahantzi ote dugu zein inportantzia eduki duen Erromaren eragina gure historian, gure kulturan, eta oraindik ere gure gogoetetan?
Gerla egiteko erabaki ikaragarria hartua baldin badugu, gaizkiaren forma jakin baten hastioarengatik, ekartzen dituen izigarrikeriekin, hauek barkatuak izan ote dakizkiguke gerla gutiago gogorra egiten badiogu gure arima propioan dagoen gaizkiaren forma berari? Corneliar motako handitasunak erakartzen bagaitu heroismoaren ospeari esker, orduan Alemaniak ere erakartzen ahal gaitu, zeren eta soldado alemanak haiek ere, seguraz ere, «heroiak» baitira. Patriari buruzko gaurko pentsamenduen eta sentimenduen nahasmenduan, ba ote dugu segurtasuna soldado frantses baten sakrifizioa afrikan inpirazio garbiagokoa dela soladado alemanaren sakrifizioa baino Errusian? Gaurko egunean ez dugu segurtasun hori. Ez badugu sentitzen zer erantzukizun ikaragarria ondorioztatzen zaigun horretatik, ezin gara errugabe egon munduaren barnako krimen ekaitzaldi honetan.
Zerbait baldin badago zeinerako egiaren amodioz dena mespretxatu eta borrokatu behar den, patria bera da. Denak bildu gara patriaren izenean. Nor ote gara? zein mespretxu ez ote dugu mereziko, patriaren gure pentsaeran demendren gezurrezko hatza gelditzen bada?
Baina sentimentu corneliarrek ez badute suspertzen gure patriotismoa, galdegin dezakegu zein mobilek ordeztuko dituzten. Badago albaina mobil bat, ez gutiago kementsua, erabat aratza, eta oraingo zirkunztantziei ongi johan zaiena. Patriaren alderako urrikalmendua da. Mobil honek erreferentzia historiko ospetsua dauka. Izan ere, Jeanne d’Arc-k erran ohi zuen Frantziako erreinua urrikaltzen zuela.
Baina argudia dezakegu autoritate bat oraindik infinituki altuagoa. Ebanjelioan, ezin dugu Kristorengandik, Jerusalemeren eta Judearen alderako amodio seinalerik aurkitu urrikalmenduan gorderik dagoen amodioa baizik. Bere herriaren aldera, ez du sekula beste atxikimendurik erakutsi. Baina urrikalmendua aldiz behin baino gehiagotan adierazia du. Negar egin du hiriagatik, aurreikusiz garai horretan erraza zen bezala haren gainean eroriko zen urrengo suntsiketa, Hiriari mintzatu zaio pertsona bati bezala: «Jerusaleme, jerusaleme, zenbait aldiz nahi izan dut…» Kurutzea erematearekin batera ere Jesusek bere urrikalmendua adierazi zion.
Ez dezagun pentsa patriaren alderako urrikalmenduak èz duen kemen borrokalaririk. Kartagenoak animatu ditu historiako balentria harrigarrienetariko batean. Scipio afrikarrak garaituak eta gauza gutira eginak izan ziren, berrogeita hamar urtez nozitu zuten desanimatze prozezu bat zeinaren aldean, Frantziaren kapitulazioa Munichen gauza guti baita. Inolako babesik eskatu ahal izan gabe, entrgatuak izan ziren Numidoen irain guziei, eta hitzarmenez gerla egiteko eskumenari uko egitea behatuak izan baitziten, Erromari alferretan otoizka eskatzen zioten beren burua defendatzeko baimena. Azkenean baimenik gabe defendatu zutenean, beren armada suntsitua izan zen. Orduan erromatarren barkamena otoizka eskatu behar izan zuten. Onartu zuten hiru ehun haur noble eskaintzea baita haien armak oro ere. Gero haien mandatariek jaso zuten agindua hiria osoki eta behin betikotz abandonatzea lurrera botaia izan ahal izaiteko. Oihu gaitzituetan hasi ziren, eta gero nigarretan. «Haien patriaren izena oihukatzen zuten, eta pertsona bati mintzatuz bezala, hitz urragarrienak erraiten zizkioten» Eta erromatarrak otoiztu zituzten baizik eta min egin nahi bazieten, bederen barkatzeko haien hiri hau, harri hauek, oroitarri hauek, tenplu hauek, eta horien ordez untsala populazio osoa suntsi dezaten; kartagotarrek zioten erabaki hori gautiago ahalgegarria izanen zela erromatarrentzat eta askoz hobea kartagoko populuarentzat. Erromatarrak soraio egon zirelako, armarik ez izan arren hiria asaldatu zen, eta Scipio afrikarrak soldado kopuru handiko gudaroste batekin ere, hiru urte behar izan zuen hiria hartu eta suntsitzea lortu arte.
Zerbait eder, preziatu, hauskor eta hilkorrarentzako samurtasun erdiragarrizko sentimentu hori, askoz beroagoa da handitasun nazionalarentzakoa baino. Sendimendu hori kargatua den kemena erabat garbia da. Bizia da izigarri. Gizon bat ez ote da errazki heroismoz gai bere haurrak edo bere buraso zaharrak babesteko, zeinei ez baitzaie alta itsasten inolako handitasun osperik? Patriaren amodio absolutuki garbi horrek badu zerikusia haur gazteek, buraso zaharrek edo emakume maiteak gizon bati eragiten dioten sentimentuarekin. Ahuleziaren pentsamenduak amodioaren sugarra piz dezake indarraren pentsamenduak bezainbat, baina sugar askoz garbiagoa sortuko du. Hauskortasunaren alderako urrikalmendua edertasunaren alderako egiazko amodioarekin beti lotua da, zeren sentitzen baitugu gauza zinez ederrak betierekoak izan beharko liratekeela baina horrela ez dira ondikotz.
Frantzia maita daiteke bere osperako zeren iduri baitu ospe horrek existentzia bat emaiten diola urrun, denboran eta espazioan. Edo bestenaz maita daiteke gauza hauskor bat bezala zeina lurtarra izaiteagatik suntsitua izan baidaiteke, eta horrenbestez are preziatuagoa izan behar bailitzateke.
Bi amodio diferente dira; beharbada edo seguraz ere bateraezinak dira, nahiz haiek adierazteko erabilitako hitzek nahasten dituzten. Bigarrena sentitzeko egindako bihotza dutenek, ohitzearen bortxaz, lehenbizikoari bakarrik doakion hizkuntza erabil dezakete; Bigarrena da bakarrik zilegi kristau batentzat, zeren xoilik horrek baitu kristau umiltasunaren kolorea. Hau da bakarrik karitate izena merezi duen amodio motakoa. Ez pentsa amodio horrek herri dohakabe bat bakarrik ukan lezakeela objektutzat.
Patriotismoaren fenomenoaren analisian barna segiten du eta horren osagailu erabakigarritzat seinalatzen digu, ageriko begirune batekin, patriaren alderako errukia deitzen duen sentimentua. Segituan hitz politikoetan eta arrazionaletan mintzatzeko usaia dugun garai honetan oroitarazpen honek baduke bere garrantzia. Izan ere, jorratzen baginaki, entimentu zabala eta komunzkoa, zatiketa politikoen gainetik, parteka genezakeen sentimentu bakarretakoaa litzateke.