Alain Krivine, adiskide eta kamarada

 

Alain Krivine, adiskide eta kamarada –

Bizi legea da heriotza; askotan, nahi baino lehenago heldu ohi da. Oraingoan bizitza luze eta oparo baten ondoren harrapatu du Alain laguna. Bizitza eta herioa, biak ala biak dira hausnartzeko gaiak.

Alain Krivine, adiskide eta kamarada
Alain Krivine. Arg: Roland Godefroy

Heriotzaren gainean Leon Trotskiren bere testamentuan idatzita utzi zuen hausnarketa dut gogoan eta gogoko. Hau da, materialista dialektiko baten ikuspegitik egindako arrazoinamendua. Izan ere, sinestunak Jainkoaren asmoetan ikusten du bizitzaren zentzua eta heriotzaren ezinbestekotasuna; sinesgabeak, berriz, bizitzari zentzua hartu nahi dio pentsamendu arrazionaletik. Iraultza helburu dugunok, bizimodu iraultzaileak sustrai sendoa ematen bizitzari zukua atera ahal izateko, eta bizitzen segitzeko gehigarri bat.

Internazionalistak izateaz gain, nazioarteko militantzia eraman izan dugunok, joandako edo eroritako burkideak ditugu geografia eta egoera desberdinetan. Horietako bat dut Alain Krivine.

Hildako horiek modu bortitz edo traumatikotik izan direnean, heriotzak tonu epikoa hartzen du, heroikoa agian. Maitasunez eta adeitasunez gogoratzen dugu burkidea, laguna, manifestazio, greba, matxinada edo iraultza baten oldarraldian eroritakoa. Baita ere, ziega ilun batean, torturaren eraginez edo errepresio hiltzailearen eraginez hildakoa. Hala ere, ez du min gutxiago ematen, burkidea adinez eramana, edo gaixotasunez beharbada, bere azken hatsa ematen duenean. Horrela joan zaigu Alain Krivine.

Asmoz iraultzaile baina iraultzarik gabeko garaiotan, bizitzea egokitu zaigunok gure izate iraultzaileari ahal bezala eusten saiatzen gara; ekinbide politiko eta intelektualki kritikoa mantenduz; beti ere, jendarte kontsumista eta burgestu batean; non, ez dela asko, lau haizetara aldarrikatzen baitzen “Historiaren amaiera”; eta, hortaz, utopiaren amaiera, jendartearen eraldaketa iraultzailearen edozein ahaleginaren hutsaltasuna. Aldarrikapen horren arabera, kapitalismoa eta demokrazia ordezkatzailea lirateke jendartearen eta izate humanoaren lorpen gorena. Horren kontra borrokatu zuen Alain Krivine, eta berarekin batera beste asko.

Asko hitz egin da gure belaunaldiaren porrotaz, baina zein belaunaldik bete ditu beren asmo kuttunenak, belaunaldi oso batek asmo bertsuak izatea litekeena balitz?  XIX. mendean Xenpelarrek “lege eder bat jarri bizi gaitezen garbi” desiratzen zuen, desioa bete gabe hil zen. Parisko komuna zaleak hormaren aurka edo Kaledonia Berrian bukatu zuten esklabu gisa. Eta Errusiar iraultza Berlineko harresiaren birrintzearekin bukatu zen.

Aitortu behar, gure belaunaldiko askori, XX. mendeko 68kook amets egin genuela “iraultza eder eta total” hura zapuztu egin zitzaigula. Mundu iraultzaren ordez, neoliberalismoa -kapitalismo basatia- eta gurean diktadura frankistari ordezkatu zion erregimena, ez dela heltzen bi pezetako (edo euro xentimoko) demokrazia izatera. Hala ere, hain oker ibili ginen asmoz eta ekinez? Hizkera militarrean, bataila bat galdu genuen, baina iraultza sozialaren erronkak hor dirau. Iritzi horretakoa zen Alain Krivine, eta nik bat egiten dut berarekin.

Krivinek bere bizitza osoan denbora gutxi egin du kartzelan; hala ere, bizitza osoa ziega ilunetan gatibu izan zen Auguste Blanqui, Parisko Komunaren eta Manifestu komunistaren jarraitzailearen oinordekotzat zuen bere burua.

Alain Krivinek esan berria zuen 68ko belaunaldia fisikoki zein politikoki hila dagoela, baina bere horretan irauten dutenek badutela oraindik borrokan jarraitzeko grinarik, baita belaunaldi berriekin txertatzeko zioa ere. Iritzi horrekin azkeneraino eutsi dio bere militantziari.

Alain Krivine, adiskide eta kamarada  Alain Krivine, adiskide eta kamarada

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude