[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XII

[Simone Weil] Errogabetasuna Eta Nazioa XII – 

Bigarren atala: Errogabetasuna eta nazioa (XII.bidalketa)

Argi ikus daiteke noraino iritsi zen gure erregimenaren inkoherentzia morala eskolari pentsatzen badugu. Morala ikasketako programaren parte bat da, eta erakaskuntza dogmatiko bat egitea maite ez zuten erakasleek berek ezinbestez erakasten zuten modu lauso batean. Morala horren nozio zentrala justizia da eta horrek inposatzen dituen urkoaren alderako obligazioak.

Baina historiaz ari garenean, moralarik ez dago. Frantziak kanpoan daukan obligazioez ez da sekula mintzatzen. Noiztenka diogu Frantzia  justua eta eskuzabala dela, xekeria geigarri bat balitz bezala, luma bat txapelan, ospearen ondorio bat. Egin eta gero galdu zituen konkistak gehienez duda arin baten objektua izan litezke, adibidez Napoleonen konkistak; baina inolaz ere atxiki dituen konkistak. Iragana ez da Frantziaren zabaltzearen historia baizik, eta beti onartua dago garapen hori ez dela ongi bat baizik, eta hori ikuspuntu guzietatik. Ez dugu sekula galdatzen gure buruari Frantziak, zabalduz, ez duen zerbait sunsitu. Aztertzeak ea ez zitzaion gertatu berak bezainbat balio zuten gauzak suntsitzea blasfema higuingarriena idurituko luke. Bernanosek dio Action francaise-taldeko jendeek Frantzia begiratzen dutela bakarrik handitzea eta loditzea  eskatzen zaion ume bat bezala. Baina Action francaise-ekoak ez dira bakarrak. Pentsamolde orokorra da hau, sekula adierazia izan gabe herriaren iragana begiratzen den moduan beti inplizitua dena. Eta umearekiko egin dugun erkaketa hori sobera errespetagarria da oraindik. Izan ere bakarrik gizentzeko eskatzen zaien izaiteak lapinak, urdeak eta olaskoak dira. Platonek du berba zuzenena horrelako kolektibitatea animal batekin erkatzen duenean. Eta kolektibitatearen ospeak itsutuak direnek, alegia predestinatuak ez diren gizon guziek «gauza beharrezkoak deitzen dituzte justu eta eder, funtsean ez direlako gai ikusteko eta erakasteko zer distantzia dagoen beharraren eta ongiaren esentzien artean».

Dena egiten dugu haurrek senti dezaten–gainera hori berek naturalki sentitzen dute– patriari, nazioari eta nazioaren zabaltzeari dagozkien gauzek badutela inportantzia maila bat beste gauzetarik aparte jartzen dituena. Eta preseski nazioaren zabaltzeari buruzko gauza horiek haurrei erakasten dizkiegunean, orduan ez dugu gehiago aipatzen. justizia, urkoari zor zaion portaera, apetitua eta anbizioa mugatzen dituzten obligazio zorrotzak, alegia moral guzi hori zeinaren bidez haur tipien bizitza ongi bideratzen entseiatzen garen. 

Horretatik zer ondoriozta daiteke ez bada morala inportantzia gutiagoko zerbait dela, eta erlisioa, lanbidea, mediku edo hornitzaile baten hautua bezala bizitza pribatuaren behereko eremuan duela bere tokia?

Baina egiazko morala horrela beheititua bada, inolako sistemak ez du morala horren tokia hartuko. Izan ere, nazioaren ospe gorenak gerlaren oroitarazteari zor dio. Herritar bati ez zaio mobilik eskaintzen bake denboran, salbu erregimen nazia bezalako erregimen batean zeinean mobila gerlaren preparakuntza jarraitua baizik ez den. Beste erregimen guzietan, arriskutsuegia litzateke sobera gogoraraztea bere haurren bizitza eskatzen duen patria horren ifrentzua estatua dela bere zergekin, aduanekin eta politziarekin. Hori ez dugu sustut erraten. Eta ondorioz ez zaio nehori bururatzen politzia hastiatzea eta aduanak eta zergak ebastea patriotismo falta izan litekeela. Neurri jakin batean Inglaterra bezalako herri bat salbuespen bat da, bere botere publikoek defendatutako mila urteko libertate tradizio bati esker. Beste herrietan bake denborako moralaren bikoiztasunak betiereko moralaren boterea ahultzen du, ezer emaiten ez duela emaiten honen ordezteko.

Moralaren bikoiztasun hura modu jarraituan existitzen  da, beti, denetan, ez eta eskolan bakarrik. Izan ere normalean kasik egunero gertatzen zaio frantses orori Frantziaren alde eta Frantziaren ikuspuntutik pentsatzea, egunkari bat irakurtzean, familian solastatzen aritzen denean, edo tabernan. Ordu horretatik beretik eta harik eta bere pertsona pribatura itzulitzen den artio, frantsesak ez ditu gehiago gogoratzen ere moral horren bertuteak zeinen obligazioa onartzen duen beretzat modu guti edo asko abstraktuan eta lausoan. Guhaurrez edo gure familiez ari garela, guti edo asko onartua da ez dela sobera espanturik egin behar, gure iritziez mesfiatu behar garela juje eta jujatu orobat garelarik, galdatu behar dugula gure buruari ea besteek ez duten gure kontra partez bederen arrazoi, gure burua ez dugula sobera aintzinean jarri behar, ez dugula gure alde bakarrik pentsatu behar; hots gure egoismoa eta urgulua mugatu behar ditugula. Alabaina egoismo nazionalaz eta urgulu nazionalaz ari garenean, ez da bakarrik mugarik gabeko zilegitasun bat baina bada gainera obligazioa antzeko zerbait egoismo eta urgulu maila gorena inposatzen duena. Nazioari dagokion esparru horretan, besteen alderako begirunea, erru pertsonalen aitortza, umiltasuna, desioen nahitako mugatzea krimenak eta sakrilejioak bilakatzen dira. Egiptarren «hilen liburu»ak heriotzaren ondoren justuaren ahoan ematen dituen hitzen artean, hunkigarriena beharbada hau da; «Ez naiz sekula elkor egon hitz justuen eta egien aurrean». Aitzitik herriarteko aferetan, frantses bakoitzak hitz justu eta egien aurrean elkor egoitea betebehar sakratu bezala begiratzen du, hitz horiek Frantziaren interesen kontra baldinbadira. Edo onartzen dugu Frantziaren interesen kontrako hitzak ez direla sekula justu eta egiak izaiten ahal? Azkenean erabat berdin da.

Bizi pribatuan, morala ezean ere, hezkuntza onak bederen egitea eragozten dizkigun gustu txarreko falta batzu badira zeinak, alta, nazio mailari dagokionean biziki naturalak iduritzen zaizkigun. Dama ongiegile higuingarrienak ere ez lirateke beren babestuak biltzera ausartuko haiei azaltzeko egindako ongien handitasuna eta horren truke haien esker ona eskatzeko. Baina Indoxinako gobernadore batek ez du zalantzarik Frantziaren izenean horrela portatzeko, errepresio egitate higuingarrienen eta gosete larrienen ondotik baldin bada ere; eta goaitatzen du, ordainez onarpenezko errepostuak exigitzen ditu;

Erromatarrengandik jarrauntsitako usaia da. Ez zuten sekula krudelkeriarik egiten ezta faborerik ematen ere, denbora berean beren bihotzona eta urrikalkortasuna goraipatu gabe. Ez zitzaien eskatzen ahal ezer, ezta zapalkuntza higuingarriena piska bat arintzea ere, usaiazko laudorio berekin hasi gabe. Horrela, gezurrak eta lausenguak inposatuz, Erromatarrek desohoratu egin dute haiek etorri baino lehenago ohoragarria zen otoizkapena. Izan ere, Iliade-en, troiar batek greziar baten aurrean belaunikaturik, bere bizitzarako grazia otoizkatzen duenak, ez du sekula demendren lausengu nabarmenik baliatzen bere hitzetan.

Bigarren atala: Errogabetasuna eta nazioa (X.bidalketa)

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua