[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XIV
[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XIV –
Bigarren atala: Errogabetasuna eta nazioa (XIV. bidalketa)
Gaurko kolaboratzaileek(1) badute Alemaniaren garaipen batek eraikiko lukeen Europa berriari buruz portaera bat, guk Probintziatarrei, Bretaniarrei, Alzatziarrei eta Frankontiarrei Frantziako erregeak konkistutako beren herriei buruz eskatzen diegun portaera bera. Zergatik garai desberdinek kanbiatuko lituzketen ongia eta gaizkia? 1918 eta 1919 artean bakea espero zuten jende jatorrek erraiten zuten: «lehen, gerla bazen probintzien artean, gero batu ziren nazioak osatzeko. Gisa berean, nazioak batuko dira kontinente bakoitzean, gero mundu guzian, eta horrela izanen da gerla guzien amaiera». Topiko hau oso zabaldua zen; jende horiek arrazoitzen zuten XIX. eta XX. mendetan hain erabilia zen estrapolazioaren metodoarekin. Horrela mintzatzen ziren jende jator horiek Frantziaren historia guti edo asko ezagutzen zuten, baina mintzatzen zirenean, ez zuten pentsatzen batasun nazional hori ez zela osatu baizik eta konkista bortitzenen bidez. Baina 1939an horretaz oroitu baziren, oroitu ziren baita konkista horiek beti ongitzat hartu zituztela ere. Ez da harritu behar haien arimaren zati batean bederen horrela hasi baldin baziren pentsatzen: «Aitzinamenduarentzat, historia burutu dadin, beharbada hortik pasatu behar gara?»; Beharbada pentsatu zuten: «1918an Frantziak garaipena lortu zuen; ez zuen Europaren batasuna lortu ahal izan; orai Alemaniak du Europaren batasuna burutu nahi, ez dezagun lan horretan eragotz». Alemanen sistemaren krudeltasunek, egia da, ikusmolde hori utziarazi beharko zieten. Baina edo ez zuten aditu historio horietaz mintzatzen, edo pentsatu zuten propaganda gezurti batek asmatu zituela, edo garrantzia gutikoak zirela behe mailako populazi batzuei pairarazi zietenez geroz. Zailagoa ote zen Alemanen, Juduen edo Txekiarren kontrako krudeltasunak ez ikustea ezen ez eta frantsesenak Anamiten kontrakoak?
Peguyk zioen zoriontsu zirela gerla justu batean hil zirenak. Hortik ondoriozta dezakegu bidegabeki erahil zituztenak dohakabeak zirela. 1914ko frantses soldadoak hil badira gerla justu batean, orduan, Vercingetorixentzat, esguraz ere, kasu bera izango da gutienez maila berean Horrela pentsatzen badugu, zer pentsa dezakegu sei urtez Vercingetorix zelda beltz batean gatibuta atxiki zuen, gero Erromatarrei ikuskizuntzat erakutsi zien, eta azkenean gero zintzurra moztu zion gizon horretaz? Bada, Peguy inperio erromatarraren miresle handia zen. Baina inperio erromatarra miresten bada, zergatik aiher izan Alemaniari buruz zeina entseiatzen den lurralde zabalago bat berrosatzen Erromatarren metodo berdintsuen bidez. Kontraesan horrek ez du Peguy hiltzetik eragotzi 1914an. Nahiz ez adierazia izan, ezta aitortua ere, kontraesan horrek berak du 1940an gazte andana bat sura, Peguyren izpiritu berarekin, joaitetik eragotzi.
Edo konkista da beti gaizki bat, edo konkista da beti ongi bat; edo da aldizka gaizki bat edo ongi bat. Azken kasu honetan irizpide bat behar da bereizketa egiteko. Konkista ongi bat dela jaiotzaren kasualidadez parte garen nazioa handitzen duelarik, gaizki bat tipitzen duelarik, irizpidetzat hartzea hain da arrazoia kontrakoa non bakarrik ulergarria den, Alemanian bezala, behin betiko eta deliberatuki arrazoia ukatu duten jendeentzat. Baina Alemaniak hori egin dezake tradizio erromantikoan bizi delako. Frantziak hori ezin du egin zeren arrazoiaren alderako atxikimendua bere patrimonio nazionalaren parte baita. Bai, Frantsesen parte bat senti lezake Kristautasunaren etsai dela, baina 1789 aitzinean edo ondoan Frantzinn egon diren pentsamolde guziek arrazoaiaren alde zirela aldarrikatu dute. Frantziak ezin du arrazoia baztertu patriaren izenean.
Horregatik Frantzia deseroso sentitzen da bere patriotismoan, nahiz eta berak duen asmatu patriotismo modernoa XVIII. mendean. Ez da sinetsi behar Frantziaren bokazio unibertsalak deitu dugunak patriotismoa eta balio unibertsalen arteko adostasuna errazagoa bihurtu dien Frantsesei bestei baino. Kontrakoa da egia. Zailtasuna handiagoa da Frantsesentzat, zeren ezin baitute erabat lortu kontraesanaren bigarren terminoa kentzea, ezta bi terminoak pareta iraganezin batekin bereiztea ere. Kontraesana aurkitzen dute beren patriotismoaren barnean berean. Baina horretxegatik dira bortxatuak bezala patriotismo berri bat asmatzera. Hori egiten badute, beteko dute iraganean, pundu bateraino, Frantziaren funtzioa izan zena, hau da pentsatzea munduak behar duena. Munduak, momentu honetan, behar du patriotismo berri bat. Eta asmatzeko esfortzu hori orai da egin behar, patriotismoa odola ixurrarazten duen gauza bat delarik. Ez da goaitatu behar saloinetan, akademietan eta kafetegien terrazetan patriotismoa mintzatzen den gauza bat bilaka dadin.
Erraza da Lamartinek bezala erraitea «Ene patria da Frantziak dirdiratzen duen toki guzietan… egia da herria». Tamalez, horrek baluke zentzurik Frantzia eta egia hitz baliokideak balira. Gertatu da, gertatzen da, gertatuko da Frantziak gezurrak erraitea eta injustua izaitea; Frantzia ez da Jainkoa, ez eta pentsatu ere. Kristok bakarrik erran ahal du: «Ni naiz egia». Lurrean ez da beste nehorri zilegi, ez gizonei, ezta kolektibitatei ere, baina are gutiago kolektibitatei. Izan ere gerta liteke gizon bat irits dadin halako perfekzio mailara nun ez den gehiago berau bizi berebaitan baizik eta Kristo. Berriz nazio santurik ez dago. Behiala bazen nazio bat saindu sentitzen zena, baina oso gaizki pasa zen harentzat.
Eta gai horri dagokionez, nahikoa bitxia da pentsatzea, nazio horretan, farisauak zirela erresistenteak, publikanoak kolaboratzaileak, eta gogoratzea zer ziren batzuekiko eta besteekiko Jesus Kristoren harremanak. Iduri du gure erresistentzia posizioa izpiritualki arriskutsua dela, baita txarra ere baldin eta, bera sustatzen duten mobiletan, ez badakigu mobil patriotikoa limita justuetan murrizten.
Zinez ala ez, gure garaiko hitz biziki arruntetan, arrisku hau bera dute adierazten mugimendu hau faxismora bihurtzea beldur direla erraiten dutenek ; izan ere faxismoa sentimentu patriotiko mota jakin batekin beti lotua dago.
…
1 Aleman etsaiekin kolaboratzen zuten frantsesak.
Bigarren atala: Errogabetasuna eta nazioa (XIV. bidalketa) – Errogabetasuna – Errogabetasuna