Egoitz Rodriguez: “Gure lanetan egunerokotasunean eragiten diguten gaiak jorratzen ditugu”

Egoitz Rodriguez: “Gure lanetan egunerokotasunean eragiten diguten gaiak jorratzen ditugu” –

‘Zutik!’ filma Animazioko Film Onenaren Goya sarirako hautagaia izan da. Eskuzabaltasuna, adiskidetasuna eta naturaren defentsa sustatu nahi dituen lana da, familiei zuzendua. Egoitz Rodríguez ekoizleak koprodukzio hau aurrera eramateko aurkitu dituzten zailtasunak azaldu dizkigu.

Egoitz Rodriguez: “Gure lanetan egunerokotasunean eragiten diguten gaiak jorratzen ditugu”Zorionak! Izendapena espero zenuten?

Esperantza bagenuen. Izan ere, pandemiaren urtean soilik film bakarra hautatu zuten gure sailean: ‘La gallina Turuleca’. Oraingoan lau dira, baina ez dakigu zenbat aurkeztu diren hautagaitzara. Goya sarietarako izendatzen diren filmak espainiar nazionalitatea izan behar dute, hau da, produkzioaren ehuneko ia guztia bertan egina izan behar du, eta, beraz, ez daude irizpide hori betetzen duten hainbeste lan.

Beste filmak ikusteko astirik izan al duzu?

Gainetik begiratu ditut guztiak, ‘Valentina’ izan ezik. Nire ustez dena nahiko zabalik dago, ez dago faborito nagusirik, ez dagoelako pisu handia duen superprodukziorik. Egia esan, esperantza badugu eta, nola ez, baita ilusioa ere.

Lana ezagutzen ez duenarentzat, zer da ‘Zutik!’? Zer kontatzen digu?

Ingurumenean oinarritzen den filma da eta bederatzi urtetik beherako haurrei zuzenduta dago, batik bat, baina familian ikusteko oso egokia da.

Gure egunerokotasunetik hartzen ditugu istorioak beti, eta oraingoan haurrek gai teknologikoekin bizi duten errealitatea lantzea erabaki dugu. Gero eta gehiago erabiltzen dituzte pantaila ezberdinak eta isolatuagoak daude. Egia da, gainera, pandemiak egoera hori areagotu egin duela, eta pelikula honek aldarrikatu nahi duena da inguruarekin eta naturarekin harreman gehiago izatearen garrantzia.

Nazioartean koprodukzitzeko bazkideak topatzea zaila izan al da?

Hori beti da zaila. Merkatuetara ideia on batekin eta hainbat diseinurekin agertzen gara; batzuetan animazio txiki bat edo teaser bat eramateko aukera ere izaten dugu. Baina ez gara joaten daukagun produktua saltzera, baizik eta koproduktoreak lortzera. Ekoizleen arreta erakarri behar dugu eta inbertsioaren inguruan bat datozela eta lantalde bezala bateragarriak garela egiaztatu behar dugu. Animaziorako milaka software daude, adibidez, eta gure lan sistemak uztartu daitezkeela ikusi beharko dugu, baita egutegi aldetik ere adostasun batera irits… Hori guztia lortzea oso zaila da.

Kasu honetan Tortuga Studio eta Polar Studio izan ditugu bidelagun. Oso prozesu zaila izan da, gehienbat epeetan bat egiteari dagokionez. Baleuko diziplina anitz asko batzen dituen ekoiztetxea da eta horrek egutegietan moldaerrazagoak izaten lagundu digu une batzuetan, baina ez guztietan. Koordinazioa lan itzela izan da eta atzerapenak izan ditugu, ez bakarrik metodologia aldatu behar izan dugulako, baizik eta baita itxialdiak une ezberdinetan izan ditugulako ere.

Nola eragin izan dizue pandemiak?

Nazioarteko koprodukzioa izanik lan asko telelanean egiten da, baina egia da ere prozesu batzuk aurrez aurre gauzatzen direla. Adibide gisa, filmaren azken etalonajean aldaketak egin behar izan ditugu. Prozesu guztia Mexikon egin da, baina azken looka definitzeko beharrezkoa da bai zuzendaria bai arte zuzendaria bertan egotea, eta hori ezin izan dugunez han egin, hona ekarri behar izan dugu. Guretzako arazo handia izan da, lan hori beste koproduktore batek egitea aurreikusita baitzegoen.

Baleukon zein beste lan dituzue esku artean?

Pelikula bukatu eta gutxira iratxoak protagonista dituen YouTubeko bi kanal abiarazi genituen, Gookapi eta Gookapi Euskaraz izenekoak. Bertan, protagonisten istorio interaktiboak eta bestelako materialak partekatzen ditugu. Kanalaren sorrera aurtengo Durangoko Azokan iragarri genuen eta ordutik martxan dago. Gure asmoa da bi kanal horiek mantentzea, kontzeptua mantentzea, eta animazioan espezializatutako OTT txiki bat sortzea bi hizkuntzetan.

Egoitz Rodriguez: “Gure lanetan egunerokotasunean eragiten diguten gaiak jorratzen ditugu”

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.