[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa VIII
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa –
Bigarren atala: Errogabetasuna eta nazioa (VIII.bidalketa)
Gerla aurrean, kanpotik baketsu iduri zukeen garai horretan, frantses probintzietako hiri tipietan, asperdura zinez izigarrikeria ikusgarrienak bezain krudela zatekeen. Gizakientzat, urte ordeztezin bakoitz horiek, sehaska eta hobiaren artekoak, asperdura hits batean pasatzera kondenatuak izaitea ez ote da goseak edo sarraskiak pairatzea bezain izigarria? Richelieuk zuen lehenbizi asperdura-lanbro horretaz Frantzia estali, eta ordutik ez da gelditu gero ta asnartezinagoa bilakatzen. Eta gerlaren hasieran, asperdura hori itomenaren mailaraino iritsi zen.
Frantses estatuak moralki erahil baditu berak baino eremu tipiagoa zuten herri guziak, haien mugak ziega murrutan eraldatu ditu pentsamenak haien artean preso jartzeko xedean. Historia hurbilagotik eta, batez ere, historia-liburuetarik kanpoan aztertuz geroz, harritzen gara ikustearekin nola garai batzuek, komunikazio-baliabide materialez kasik gabetuek, gure garaia gainditzen zuten anitz esparrutan, hala nola, aberastasunean, aniztasunean, emankortasunean baita lurralde zabaleenetan barna ideia trukaketen bizitasunaren intentsitatean ere. Ertaro-garaiaren kasua da, Erroma aurreko antikitatearena, eta justu garai historikoen aurreko garaiarena ere bai. Gaurko egunetan, irratia, hegazkina, garraio guzien garapena, inprimagintza baita kazeraritzarekin ere, nazioaren fenomeno modernoak zientzia bezalako gauza bat hain unibertsala ere zerratzen du konpartimendu tipi isolatuetan. Mugak ez eiki dira zeharkaezinak. Baina nola mugak zeharkatzeko urrats aspergarri eta dorpe andana batetik pasatu behar garen, hala ere arlo guzietan pentsakera arrotz batekiko kontaktuan jartzeak galdatzen du esfortzu mental bat muga gainditzeko. Esfortzu mental handia da eta nornahik ez du egin nahi. Eta egin nahi dutenen artean ere, esfortzua beharrezkoa izaiteak eragozten du mugaz gaindiko lokarri organikoen sortzea.
Egia da nazioarteko elizak eta partiduak existitzen direla. Baina elizei dagokienez, bada eskandalu onartezin bat. Izan ere apaizek eta elizatiarrek, seguraz ere fede eta bihotz-garbitasun berarekin, armadako garapena jainkoari eskatzen diote denbora berean alderdi batentzat ala bestearentzat. Eskandalu hau aspaldikoa da. Baina gure mende honetan bizi erlijiozkoa nazioarenari sekula baino subordinatuagoa dago. Partiduei dagokienez, edo ez dira nazioartekoak fikzioz baizik, edo nazioartekotasunak nazio jakin bati buruzko erabateko subordinazioaren forma dauka[1].
Azkenean, estatuak, bizi publikoaz aparte fidelitatearen objektu bat sorraraz zezakeen lokarri guziak ere ezeztatu zituen. Korporazioak hondatuz 1789ko frantses iraultzak aurrerapen teknikoa lagundu duen bezala, moralki gaizkia egin du, edo bederen jada aintzinetik partzialki egindako gaizkia kontsakratu du. Ez dugu sekula aski errepikatzen korporazio hitz hau gaur erabiltzen denean, edozein ingurumenetan, ez duela deus ikusteko egiazko korporazioekin.
Korporazioak desagertu ondoren, gizakien bizi indibidualetan, lana bilakatu da baliabide huts bat zeinaren helburu bakarra dirua baita. Nazio-sozietatearen eraikitze testuetan bada esaldi bat baizik eta lana ez zela gehiago merkantzia bat izanen. Hau, gustu txarrenetarikoko araileria bada. Gure garaian jende gisako anitz bada pentsatzen duena Levy-Bruhlek mentalilate aitzin logikoa deitzen duen horretatik biziki urrun bizi dela. Alta jende horrek hitzaren eraginkortasun majikoari sinesten du Australia zolako basa batek baino gehiago. Alta zirkuitu komertzialetik produktu beharrezko bat kentzen denean, aurreikusten da horrentzat beste banaketa modu bat. Bistakoa denez, merkantzia bat geratzen den lanarentzat momentuz horrelako deus ez da aurreikusia izan.
Orduan, orain, kontzientzia profesionala ez da onestasun komertzialaren aspektu bat bat baizik. Trukaketa komertzialen gainean oinarritu gizarte batean, gaitzespen sozialaren pisu handienak ohointza eta iruzurraren kontra dihardu, batez ere ona balitz bezala merkantzia ustela saltzen duen saltzailearen iruzurraren kontra. Halaber, guk gure lana saltzen dugunean, onestasunak exigitzen du prezioaren araberako kalitateko lan bat sal dezagun. Baina horrelako egoera batean, onestasuna ez eiki da fidelitatea. Izan ere, distantzia handi batek bereizten ditu bi bertute horiek.
Bizitza sindikalean, luzaz mobila nausia zegon langileen arteko anaitasunean, eta horregatik fidelitatea osagai inportantea zen. Baina ostopo anitzek fidelitateari eragotzi diote bizi moralaren sustengu sendoa izaiten. Izan ere, alde batetik bizi soziala guziaren merkantilismoa zabaldu da langile mugimenduraino ere, diru kontuak lehen lerroan jarriz. Bada, diru kezkak zenbat eta gehiago nausitzen direnean, orduan eta fidelitatea gehiago desagertzen da. Bestetik langile mugimendua iraultzalaria den neurrian desabantail hori ekiditen du, aldiz edozein jazarpen bati dagozkion ahuleziak harrapatzen ditu.
Richelieu Kardinalaren ohar batzu izigarri argigarriak dira. Erran baitu, beste edozein gauza berdin egonez geroz, jazarleen indarra ez dela sekula boterearen defentsaileenaren erdira baizik iristen. Kausa justu bat defendatzen dugula pentsatu arren, jazartzen garelako sentimendu soilak ahuldu egiten gaitu. Gisa horretako mekanismo psikologikorik ezean, gizarteetan ez liteke egon inolako egonkortasunik. Mekanismo horrek esplikatzen du partidu komunistaren eragin handia. Langile komunistak sobera zoriontsu dira haien gibelean estatu bat sentitzeagatik, haien ekinari soilik estatu batek eman dezakeen karaktera ofiziala emaiten diona. Izan ere, soilik estatuak ematen dizkio zilegitasun eta errealitate horiek haien ekinari, denbora berean estatu hori geografikoki sobera urruti dagoela haiei nazka emateko. Horregatik ere, enziklopedistak, beren errege propioarekin gatazkan izaiteagatik biziki deseroso sentitzen zirenak, Prusiako edo Errusiako erregeen begiruneaz egarri ziren. Analogia horren bitartez uler daiteke zergatik, Errusiaren ospeari guti edo aski ihardoki zuten iraultzalari militante langile batzuek ezin izan zutela Alemaniarenari ihardokitzea.
Salbu beren burua partidu komunistari osoki dedikatu diotenei, klasearen alderako fidelitateak ez die langilei ematen objektu bat aski zehatza, aski zedarritua, zeinak emango bailieke barneko indarra. Guti dira nozioak klase sozialarena bezain hain gaizki zehaztuak. Marxek, bere sistema osoa klase sozialaren nozioaren gainean oinarritu zuenak, ez zen sekula entseiatu definitzera ezta aztertzera ere. Bere obretan, klase sozialei dagokienez bakarrik ikasten dugu “borrokatzen duten gauzak” direla. Ez eiki da nahikoa. Ez da ere, hitzekin definitu ezin den baina pentsamenarentzat argiak diren nozio horietariko bat. Izan ere, oraindik zailagoa da klase soziala kontzebitzea edo sentitzea ezen ez eta definitzea.
…
[1] Nabarmen da Partidu komunistaz eta estatu sobietikoaz ari dela hemen.
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Pasarte honek argi ta garbi adierazten du aspaldi danik baginakien zerbait. alegia Frantziak jarri gintuela halako preso batean mugaz gaindiko ideia trukaketak eragozteko. Nahiz gutaz ez pentsatu, huna zer erraten zuen SWek.
“Frantses estatuak moralki erahil baditu berak baino eremu tipiagoa zuten herri guziak, haien mugak ziega murrutan eraldatu ditu pentsamenak haien artean preso jartzeko xedean”
Frantziaren portaeraren kaltegarriasun hori leporatzen dio Frantziaren aspaldiko Totalismoari.
Alde batetik, errealitaea dramatikoa izan arren, oraindik txarragoa izan liteke Frantziako eta Belgikako Flandrien arteko moztura linguistikoa erabatekoa ikusirik.
Baina konstatazio horrek ez gaitzala kontsola eta gainera pentsatu behar dugu ideologia liberal mundialak beste horrenbeste kalte egiten ari digula orain bertan. Adibidez gure herriari buruz bidegabekeria ebidenteena salatzerokoan, gureek berek xenofobotzat joak izaiteko arriskua hartzen dugu.
Horregatik, tengabeko buru sakatze horri kontra erresistitzeko, gu eta batez ere belaunaldi berria gaizki preparatuak ikusten ditut. Horregatik ere SWen gizarte fenomenoak egiaz analisatu eta hausnartzeko errabia gustatu behar litzaiguke guztiz.