[Simone Weil] Erroztamendua XXXXI
[Simone Weil] Erroztamendua XXXXI –
Erroztamendua XXXXI
Heriotza onartuaren ondotik, lan fisiko onartua da obedientziaren bertutearen forma perfektuena
Lanaren zigorrezko ezaugarria, Genesiaren narrazioan seinalatua dena, gaizki ulertua izan da zigorraren nozio justurik eduki ezean. Erruz irakurtzen da testu horretan lanerako erdeinuzko nabardura bat. Seguruagoa da lan fisikoa ororen gainetik ohoratzen zuen zibilizazio zaharrago batek transmititu zuela. Hainbat zeinuk erakusten dute duela anitz denbora izan zela horrelako zibilizazioa, zeinean lan fisikoa berez aktibitate erlijiosoa baitzen, eta ondorioz zerbait sakratua. Misterioak, aurre-erromatar antzinate guziaren erligioa, laborantzatik ateratako arimaren salbamenaren adierazpen sinbolikoen gainean fundatua zen. Sinbolismo bera aurkitzen dugu Ebanjelioaren paraboletan. Eschilen Promete testuan, Hephaistosen rolak iduriz zehazki iradokitzen du arotzen denboran gaindi Kristoren irudikapena, Jainko kurutzefikatu eta salbatzailea, sua lurrera botatzeko etorria; sinbolismo greziarrean, Ebanjelioan bezala sua da Ezpiritu Santuaren irudia. Eschilek, txiripara deus erraiten ez zuena, zioen Prometheek gizonei emandako sua Hephaistosen jabetza propioa zela; horrek iradokitzen du Hephaistos horren pertsonifikazioa bera zela. Hephaistos Jainko arotz bat da. Imaginatzen dugu arotzen erlijio bat, burdina malgua bihurtzen duen suan giza izaeraren gaineko Izpiritu Sainduaren eragiketa ikusten duena. Beharbada izan zen garai bat zeinean egia bera sinbologia desberdinetan adierazia baitzen, eta zeinean sinbologia bakoitza lan fisiko jakin bati egokitua baitzen fedearen adierazpen zuzena izan dadin. Zer nahi gisaz, antzinateko tradizio erlijioso guziak, Testamentu Zaharra barne, lanbideak Jainkoaren erakaspenetik etorrarazten dituzte. Gehienek berresten dute Jainkoa inkarnatu zela misio pedagogiko horretarako. Ejiptarrek, adibidez, pentsatzen zuten Osirisen inkarnazioak orobat misio pedagogiko hori eta Pasioaren bidezko Erredenpzioa izan zituela helburutzat.
Edozein egia ere egon dadin narrazio biziki misteriotsu horietan, sinesmen honek, alegia Jainkoak zituela lanbideak zuzenean erakatsi, lanbideen jarduera berez sakratua zen garai baitako oroitzapena inplikatzen du. Ez da inolako hatzik egoiten ez Homerengan, ez Hesiodengan, ez Grezia klasikoan ezta antzinateko beste zibilizazioetatik dakigun gutian ere.
Grezian lana zen jarduera bat jopuentzat[1]
Ezin dugu jakin horrela zegoen jada Helenen inbasioaren aurrean, Pelasgen garaian, eta ezin dugu jakin ea Misterioek esplizituki gordetzen zuten euren erakaspen sekretuetan lana ohoratua zen denboraren oroitzapena. Grezia klasikoaren hastapen-hastapenean ikusten dugu zibilizazio-forma bat amaitzen, zeinean, lan fisikoa izan ezik, giza jarduera guziak sakratuak baitziren: zeinean artea, poesia, filosofia, zientzia eta politika ez ziren erlijiotik kasik bereizten. Mende baten edo biren buruan, gaizki ulertzen dugun mekanismo batengatik, baina zeinean diruak rola handia eduki baitzuen, jarduera horiek oro profanoak bilakatu ziren eta ezpiritu- inspirarazio guzitik bereiziak. Geratzen zen erlijio gutia kultuari erreserbatuak ziren tokietara baztertua zen. Ordurako, Platon jada iragan urrun baten oroitzapena zen. Estoiko greziarrak iragan horren ordura arte bizirik egon zen pindar baten jalgitako sugarra ziren.
Lurralde okupatuetan, Erromatarrek, nazio ateo eta materialistakoak zirenek, txikizioen bidez suntsitu zituzten bizi ezpiritualaren hatzak oro, Kristautasuna adoptatu zuten baina hori ere bere eduki izpiritualetik hustuz gero[2]
Haien menpekotasunaren pean, giza jarduerak oro, salbuespenik gabe, jopu jarduera bilakatu ziren; eta azkenean lortu zuten esklabotasunaren instituzioari errealitate guzia kentzea, haren desagerpena preparatu zuena, jende guzia esklabutzako estatura apalduz.
[Simone Weil] Erroztamendua XXXXI
[1] Hau zen SWentzat filosofia grekoaren eskas handiena.
[2] SWek beti azpimarratzen du Erroman ofizializatua izana izan zela Kristoren ezpiritutik eta erakaspenetarik Elizaren desbideratzearen arrazoia.
Hemen berriro ikusten dugun bezala, gure filosofoarentzat lana zen iharduera guziz kapitala ( handienekoaren zentzuan) gizakiarentzat baita gizarte osoarentzat ere. Lanaren kontzepzioa filosofiaren zentroan jartzen zuen hain gustuko zituen filosofo greziarrek ez bezala. Izan ere hauen gizartea esklabotzatik bizi izanez geroz, filosofo greziarrek ezin zuten lanaren kontzepzio justua garatu. Ba gure zibilazio kontsumeristan bizi diren gure filosofo gehienek ezin duten bezala. Eta azkenean gai horren gainean laster bukatuko da saio filosofiko hau.
Pentsa ginezake SWek fobia berezi bat zeukala Erroma eta Erromatarren kontra hainbeste baitira agerraldiak zeinetan gaizki mintzatzen den haien kontra. Nehor ez da perfektua, batzuek armiarmekin dute partida , SWek erromatarrekin. Baina bestaldean txiripaz aditzen nuen fama oneko Francoise Chandernagor idazlea eta honek .esplikatzen zuen Erromatarrak ez zirela gu bezalako jendeak, ez zutela urrikia ezagutzen, elgar kalitzen zuten familietan beretan ere, eta adorea zutela balore bakarra.
Beraz izan liteke SWen fobiak bazeukala zerbait egiatik ere..