[Simone Weil] Erroztamendua XXVIII

[Simone Weil] Erroztamendua XXVIII – 

Erroztamendua (XXVIII bidalketa)

[Errogabetasuna] Arimaren Premiak XIGaur egiaren izpiritua  kasik absente da erligioan, zientzian eta pentsamendu guzietan. Bizitzen ari garen kalte izigarriak, tragedia osoaz ohartu ez bagara ere, hortik beretik osoki datoz. «Erru eta gezur ezpiritu hori, erregeen erorketa latzaren aurrekari» zeinaz Racinek hitz egiten zuen, ez da gaur erregeen monopolioa. Hedatzen da populazioaren klase guzietan zehar; hartzen ditu nazio osoak eta eroaldiaren ikaran sartzen ditu. Sendagailua da egiaren izpiritua gu baitan jautsaraztea; eta lehenik erligioan eta zientzian; eta horrek eskatzen du biak adostu egin daitezen. Egiaren izpiritua zientzian egon daiteke baldin ikerketaren gaia den objektuaren amodioa bada jakintsunaren mobila. Objektu hori da bizi garen unibertsoa. Zer maita ginezake bertan haren edertasuna ez bada? Munduaren edertasunaren azterketa da zientziaren egiazko definizioa. Horrela pentsatu orduko dena nabari egiten da. Materia, indar itsua ez dira zientziaren objektua. Pentsamenduak ezin ditu harrapatu; ihes egiten dute pentsamenduaren aitzinean. Jakintsunaren pentsamenduak ezin ditu harrapatu erlazioak baizik zeinak hartzen dituzten materia eta indarra ordez eta harmoniaz egindako sare ikusezinean, hunkiezinean eta suntsiezinean. «Zeruaren sarea zabala da, zioen Lao-tseuk; bere artekak zabalak dira; alta horren arteketan zehar deus ez da pasatzen».

Nola giza-pentsamenduak eduki lezake pentsamenduaz beste objekturik? Zailtasun hain ezaguna da ezagutzaren teorian nun kontuan hartzeari uko egiten baitiogu eta baztertzen baitugu topikoa bezala. Baina bada erantzun bat. Hau da: Giza pentsamenduaren objektua pentsamendua bera da. Jakintsunaren helburua da bere izpiritu propioa bateratzea unibertsoan beti danik idatzia den zuhurtzia misteriotsuarekin. Nola izango litzateke, bada, oposiziorik edo bereizketarik ere zientziaren ezpirituaren eta erligioaren ezpirituaren artean? Ikerketa zientifikoa ez da erligiozko kontemplazioaren forma bat baizik.

Hori bera zen Greziaren kasua. Zer gertatu da geroztik? Nola gertatu zen, ezpata erromatarrak lurrera bota zuenean, ezpiritu erlisiosoa zeukan zientzia hori materialista iratzartzea bere letargia luzetik? Zer gertatu zen arte horretan? Eradalketa bat gertatu zen erligioan. Kristautasuna ez zen sortu. Jatorriko Kristautasuna guretzat Testamentu berrian aurkitzen den bezala, eta sustut Ebangelioetan bezala, antzinako Misterioen erligioa bezalakoa zen, perfektuki gai zientzia perfektuki zorrotz baten inspirazio zentrala izaiteko. Baina Kristautasunak eradalketa bat pairatu zuen, seguraz ere erligio erromatar ofiziala bihurtu izanagatik. Eradalketa horren ondoren, pentsamendu kristauak, kondenatuak izaiteko lanjerrean beti zeuden mistiko bakar batzu izan ezik, ez du probidentziaren beste noziorik onartzen probidentzia petsonalarenaz besterik.

Probidentziaren nozio pertsonal hori Ebangelioan aurkitzen da, zeren bertan Jainkoa Aita deitua baita. Baina probidentzia inpertsonalaren nozioa ere, eta zentzu batean mekanismo baten antzekoa, aurkitzen da ere bertan. «Egin zaitezte zuen aitaren seme, zeruetako zuen aitaren seme, zeren harek iguzkia jeikarazten baitu justuen eta gaixtoen gainean, zeren euria erorrarazten baitu justuen eta injustuen gainean… izan zaitezte beraz perfektu zeruetako zure Aita perfektua den bezala» (Matth. 5. 45.).

[Simone Weil] Erroztamendua XXVIII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua