[Simone Weil] Erroztamendua XXV
Erroztamendua XXV –
Erroztamendua (XXV bidalketa)
Egiaren maitasuna esapide desegokia da. Egia ez da maitasunerako objektu bat. Ez da objektu bat ere. Maite duguna da existitzen den zerbait, gogoan duguna, eta horregatik egiaren edo erruaren aukera izan daitekeena. Egia beti zerbaiten egia da. Egia da errealitatearen distira. Maitasunaren objektua ez da egia, errealitatea baizik. Egia irrikatzea da errealitatearekiko kontaktu zuzena irrikatzea. Errealitatea maitatzea errealitatearekin kontaktua irrikatzea da. Egia irrikatzen dugu egian (errealitatean?) maitatzeko baizik. Irrikatzen dugu maite dugunaren egia ezagutzea. Egiaren maitasunaz mintzatu beharrean, hobe dugu hitz egitea maitasunean legokeen egiaren izpiritu batez.
Maitasun benetakoak eta aratzak irrikatzen du beti egian osoki egotea, edozein ere izan dadin, baldintzarik gabe. Beste edozein maitasun motak ororen gainetik asebetetzea irrikatzen du. eta horrenbestez gezur eta erru aukera da. Berez maitasun benetako eta aratza da egiaren ezpiritu. Ezpiritu saindua da. Ezpiritu izendatzen dugun hitz greziarrak erran nahi du suzko hatsa, suarekin nahasitako hatsa. Aitzinaroan izendatzen zuen gaur zientziak energia deitzen duen nozioa. «Egiaren ezpiritua » deitzen dugunak erran nahi du “Egiaren energia”, hau da, egia indar ekintzaile bezala. Maitasun aratza indar ekintzaile hori da, inolako kasutan, inolako preziotan, ez gezurrik ezta errurik ere nahi ez duen maitasuna.
Maitasun hori jakintsunaren mobila izan dadin ikerketaren bere ahalegin nekagarrian, jakintsunak zerbait maitatzeko izan beharko luke. Jakintsunak bere ikerketaren objektuaz daukan kontzepzioak ongi bat eduki beharko luke. Alta bada, kontrarioa da gertatzen. Berpizkundeaz geroz– zehatz erraiteko, berpizkundearen bigarren parteaz geroz—zientziaren kontzepzioa da gaizkitik eta sustut ongitik kanpo dagoen objektu baten ikerketarena, ez gaizkiarekin ezta sustut ongiarekin ere inolako erlaziorik daukan ikerketa batena. Zientziak datuak aztertzen ditu datuak gisa, eta matematikariek erlazio matematikoak begiratzen dituzte izpirituaren datuak gisa. Datuak, indarra, materia, isolatuak oro, euren baitan begiratuak, edozer gehiagorekiko erlaziorik gabe, deus ez dago horretan guzian giza-pentsamenduak maita lezakeenik.
Horregatik ezagutza berrien lorpena ez da jakintsunen esfortzuarentzako pizgarri nahikoa. Gehiago behar du.
Lehenik badute kirolan, ihizian eta jokoan dagoen pizgarria. Maiz matematikalariak entzuten ditugu beren jarduera sakearekin erkatzen. Batzuek ikerketa zientifikoa erkatzen dute usna eta intuizio psikologikoa behar diiren jarduerekin, zeren aurretik asmatu behar baita zein kontzepzio matematikok izango diren emankor ala antzu haietan lan egiten badugu. Gainera joko hau da txiripa-jokoa kasik. Sobera jakintsun guti sartzen dira aski sakon zientzian haien bihotza edertasunak hartua izaiteko. Bada matematikalari bat matematika gogotik erkatzen duena harri izigarri gogor batean eskultutako gauza batekin. Horrelako jendeek, publikoaren aurrean egiaren apaiz gisa presentatzen direnek, larriki endekatzen dute jokatzen duten rola euren burua sake jokolariekin erkatuz. Eskultore batekiko erkaketa ohoragarriagoa da. Baina eskultorearen bokazioa badugu, hobe dugu eskultore izaitea matematikalari baino. Baina hurbildik begiratuz, zientziaren gaurko kontzepzioari begira, erkaketa honek ez du zentzurik. Beste kontzepzio baten aurre-sentimendu biziki lausoa da.
Teknikaren partea hain da inportantea zientziaren ospean non pentsa baiginezake aplikazioen ideia pizgarri erabakigarria dela jakintsunentzat. Izatez, pizgarria dena ez da aplikazioen ideia baizik eta aplikazioek zientziari emaiten dioten ospea bera. “Historia egiteaz” mozkortzen diren politikariak bezala, jakintsunak mozkortzen dira abentura handi batean parte hartzen dutela sentitzearekin. Baina abentura handia da, handitasun faltsuaren zentzuan, ongiari begirako inolako erlaziorik gabekoa.
Denbora berean, haietarik zenbait, ikerketa sustut teorikoa egiten duten haietarik zenbait, mozkortasun hori gustatzearekin batera, harro dira erraiteaz plikazio teknikoeak ez zaikiela interesatzen. Horrela gozatzen dute bi abantail errealitatean egokiezin, baina ilusioan egokigarri; egoera biziki laketgarria dena. Gizonen patua egiten duten kopurukoak dira, eta ondorioz patu horri buruzko haien ezaxolatasunak gizadia murrizten du xinhaurri arraza baten neurrietara; Jainkoen egoera antzeko zerbait da. Ez dira ohartzen, zientziaren gaurko kontzepzio honetan, aplikazio teknikoak kentzen baditugu, ez da ezer gelditzen ongi gisa begira dezakegunik. Sake-jokoaren antzeko abilezia balio inulako gauza da. Emaitza teknikorik gabe, gaur nehor ez litzaioke, publikoan, zientziari interesatuko; eta publikoa zientziari interesatzen ez balitzaio, karera zientifikoa jarraitzen dutenek beste karera bat hautatu beharko lukete. Beraz teknikari buruzko jakintsun batzuen axolagabetasunaren postura ez da zuzena. Baina teknikari buruzko axolagabetasunaren postura hori zuzena ez den arren, pizgarri bat da jakintsu batzu horientzat..
Aitzitik, beste batzuentzat, aplikazio teknikoen ideia bera pizgarri bat da. Baina aplikazioen inportantziak ditu erakartzen baina ez ordea ekartzen duten ongiak ala gaizkiak. Jakintsu batek, giza bizitza eraldatuko duen aurkikuntza bat aurkitzeko puntuan denak, bere indar guziak biltzen ditu aurkikuntza horretara iristeko. Iduriz, ez da sekulan edo gutitan baizik gelditzen eradalketaren ondorio probableak, onak ala txarrak gogoetatzeko, eta ikerketari uko egiteko ondorio txarra probableagoa dela iduritzen bazaio. Horrelako heroismoak ezinezkoa ere dirudi, alta bidezkoa izan beharko luke. Baina hor edonon bezala, handitasun faltsuak, kantititatearen bidez ez eta ongiaren bidez definitzen denak, irabazten du.